PODCAST · news
Aupa Bizkaia
by Iñigo Esteban
Asteburuetako goizak lasai baina informauta eta ondo pasauta hasteko irratsaioa. Albisteak, eguraldia, trafikoa, alkarrizketak…
-
50
Juan del Arcok asmaren ezaugarri guztiak azaldu deuskuz
Zapatuetan egiten dogun Farmazia tartean, Juan del Arco farmazialari eta gure kolaboratzaileak gai interesgarri bat ekarten deusku. Asmaren Munduko Eguna, urtero, maiatzaren lehenengo martitzenean ospatzen da, 1999az geroztik. Aurten maiatzaren 5ean izango da, eta Bizkaia Irratiko Farmazia tartean Juan del Arcok asmaren ganean berba egin deusku. Birikietako arazo bat dala ezaguna da, baina Juanek ondo azaldu deusku asma zer dan. Asma mota desbardinak sailkatu dauz eta arnasa hartzeko arazoaz gan, zeintzuk diran sintomak be jakin doguz. Betiko lez, zelan tratetan dan asma mota bakotxa kontau deusku eta amaitzeko, prebentzinoaren garrantzia nabarmendu dau Juan del Arcok.
-
49
Somak taldeak lan barria aurkeztu eta momentuz emongo dauzan 4 kontzertu iragarri dauz
Haizea Larrosak (ahotsa, gitarra eta tekladua), Eneko Alabak (bateria eta koruak), Eneko Diezek (bajua eta koruak) eta Unai Ibañezek (gitarra, tekladua eta koruak) osotzen dabe Somak musika talde bizkaitarra. Apirilaren 23an argitaratu eben disko barria, Lekuko bakarrak, plataforma digital nagusietan eta baita formatu fisikoan be. Haizea, Eneko A. eta Eneko D. Bizkaia Irratiko estudioan izan dira diskoaren ganean, euren ibilbidearen ganean eta orokorrean musikaren ganean berba egiteko. Aurreko albuma (Iluna argitu, 2025) lez, Jurgi Taboada izan da ekoizlea eta Zumaiako Ozen Estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dabe. Aurreko lanean igertzen zan moduan, indar handiagaz entzungo dogu taldea, baina lan barri honetan abesti gitarrero eta landuagoak entzungo doguz, estilo, erritmo eta soinu testura desbardinak buztartuz. Aurten, momentuz eskainiko dabezan kontzertuak be iragarri dabez: - Garagarrilak 18 – Kale Gorrian Fest, Arrigorriaga - Garagarrilak 18 – La Perrera eraikina, Bilbo - Abuztuak 1 – Errota Taberna, Erronkari - Abuztuak 23 – Bilboko Aste Nagusia (Txosnagunean izango da, baina hondino ez dabe zehaztu non)
-
48
Hotza ikutzen dogunean aktibatzen da TRPM8 nerbio-zeluletako proteina
Zientzia tartean Xabier Aretxabala Neurozientzia saileko irakasleak ekarri deusku gaurko gaia. TRPM8 izeneko proteina izan da gaur protagonista. Zientzialariek badakie eskuagaz zeozer hotz ikutzen dogunean, nerbio-zeluletan proteina bat aktibatzen dala, TRPM8 izenekoa, ate molekular moduko bat zabaltzen dauena seinale hotz hori garunera bialtzeko. Horrela jarduten dauela suposatzen da, baina proteina hori ez zan ekintzan ikustea lortu, ezta bere portaera xehetasun guztiekaz ezagutzea be. El País egunkariak martian argitaratu eban Kaliforniako Unibertsidadeko ikertzaile talde batek, David Julies Medikuntza Nobel sariduna tartean, jarduera betean dagoan hotzaren proteina sentsore horren lehen irudiak harrapatu dauzala maila atomikoan. Xabier Aretxabalak azaldu deusku zein izango da horrek ekarriko dauzan aukera barriak eta zelako pausuak emon beharko dabez.
-
47
Global Sumud flotillako euskal delegazinoko kide Nerea Etxeberria Aizpurugaz berba egin dogu
Gernika-Lumok bonbardaketearen 89.urteurrena gogoratu dau astegoien honetan. Hainbat ekitaldi antolatu dabez eta ekitaldien artean Gernika Sariak be emon dabez. Aurten Global Sumud flotilla humanitarioak eta Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake-akorduak jaso dabez Gernika Sariak. "Oso pozik gagoz baina, batez be, saria ez dalako guretzat, baizik eta Palestinako herriarentzat. Palestinarren erresistentziarentzat, existitzeko daben duintasunarentzat, kanpoan bizi diran milioika palestinarrentzat eta baita be Euskal Herritik Palestinaren alde lan egiten dogun talde guztiontzat da saria", adierazi dau Global Sumud flotillako euskal delegazinoko kide dan Nerea Etxeberria Aizpuruk.
-
46
Farmazia tartean kanabisak sendatzeko daukazan propiedadeak azaldu deuskuz Juan del Arcok
Zapatuetan Farmazia tartea egiten dogu Aupa Bizkaia programan, eta Juan del Arco farmazialari eta kolaboratzaileak osasunagaz zerikusia daben gai interesgarriak ekarten deuskuz beti. Astelehenean marihuanaren munduko eguna ospatuko da, baina esan beharra dago, ez dala egun ofiziala, eta aisialdiko kontsumoagaz lotuta dagoala, batez be. Juan del Arcok erabilera terapeutikoaren inguruan berba egin deusku, baina aisialdiko kontsumoaren arriskuei buruz be berba egin deusku. Aisialdiko kontsumoa oso ezaguna da, baina gero eta gehiago ikertzen da bere alde terapeutikoa. Gaur egun badakigu kanabisak 100 kanabinoide baino gehiago daukazala eta horreek garuneko erezeptoreei eragiten deutsiela. Erabilera terapeutikoari erabilera industriala be gehitu behar jako. Kalamuagaz soka, zuntza, papera edota plastiko biodegradagarriak fabriketan dira eta bioerregai lez be erabili leike. Amaitzeko, alde positiboak ondo aztertuz gan, iraganeko akatsetatik ikastea garrantzitsua dala azpimarratu dau Juan del Arcok.
-
45
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Zazpi Itsasoak ('Oceans Seven') erronka egiten dabilz
Hawaiiko Kai´wi kanala, 42 km-ko zabaleragaz eta 15 orduko iraupenagaz gitxi gorabehera, munduko itsas zeharkaldirik gogorrenetakoa da distantzia luzeko ugerlarientzako. Oque ahu eta Molokai ugarteak banatzen dauz eta Zazpi Itsasoen erronken artean dago, oso ugerlari gitxiren esku. Gure herrialdean bada erronka hori egiten dabilen kirolari bat, eta horrelako erronketan aditua da. Hobeto esateko, bikote bati buruz berba egin beharko geunke mugak astintzen dauzan abentura berezi hau ondo ezagutzeko. Esan dogunez, Kai´wi kanala munduko zeharkaldirik gogorrenetakoa da eta Bizkaia Irratiko lagunak diran Iskander Sagarminagak (ugerlaria) eta Eider Eibarrek (ilustratzailea) gogo guztiekaz egingo deutsie aurre, erronka hau be lortzen dauan lehenengo euskalduna izateko. Zazpi Itsasoetako erronka egiten dabilz. Ddagoeneko hiru itsaso zeharkatu dabez. Talde lana da Iskanderrek eta Eiderrek egiten dabena, pasa dan urtean Hiruko Koroa lortzeko, besteak beste. Alkarregaz antolatzen dabez bidaiak. Iskanderrek gogor egiten dau uger, muga fisiko eta batez be, mentalak gaindituz, eta Eiderrek bere alboan doan itsasontzian laguntzeaz gan, dana kontau eta dokumentetan dau. Prestetan dabezan erronkak atxaki ederra dira itzelezko abenturak jarraitu ahal izateko. Iskanderrek itsaso miresgarri eta arriskutsuetan uger egiten dau, baina hainbat animalia, pertsonaia, egoera eta istorio berezi aurkituko dabez euren bidaia berezietan, bertoko historia ezagutzeko aukeragaz eta Eiderrek hori dana biltzen dau ilustrazino eta dokumentu xarmagarriekaz. Betiko lez Kokoen bila ibiliko dira zeharkaldi osoan eta kokoak.eus webgunean dana jarraitu ahal izango dozue.
-
44
Zientzia tartean nutrizino-gehigarriak aztertu doguz
Aupa Bizkaia programan Zientzia tartea egiten dogu zientzialarien lana ondo ulertu eta balorean ipinteko. Gaurkoan Medikua eta Kirurgian Doktorea eta EHU-ko irakaslea dan Koldo Calladogaz nutrizino-gehigarriei buruz berba egin dogu. Gaur egun interneten bidez geure bizitza hobetzeko aholku asko aurkitu geinkez. Psikologiaren ganeko gomendioak, geure gorputza "hobetzeko" bestelako ariketa fisikoak eta geure nutrizinoa osotzeko gehigarriak goratzen dabezan influencerrek atentzino asko erakartzen dabe sare sozialetan. Askok euren esperientziatik kontetan dabez metodo edo produktuen onurak, baina bakarrik adituek eta profesionalek dakie ondo zelako eragina euki ahal dauan horrelako praktika batek. Gaur, esan dogunez, Zientzia tartean nutrizino-gehigarriak aztertu doguz. 20.000 kontsumitzaile baino gehiago aztertu dauzan ikerketa barri batek ez dau nutrizino-gehigarrien erabilera justifiketan dauen datu objektiborik aurkitu (Self-reported health without clinically measurable benefits among adult users of multivitamin and multimineral supplements: a cross-sectional study). Erabiltzaileek jakinarazi eben hobeto egozala hartzean, baina aldagai analitiko batek be ez eban hori baieztau. Koldo Calladoren esanetan pertsona osasuntsu batek ez dauz behar inolako gehigarririk. Ez dira beharrezkoak eta arriskutsuak izan ahal dira kasu batzuetan. Bakarrik profesionalek gomendatzen deuskuzanean hartu beharko geunkez, kasu konkretua ezagutu eta odol edo komeni dan analisia aztertu ostean.
-
43
Zapatuetako Zine tartea David Madarietagaz
Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Proyecto Salvación eta umeentzako saioan Oilaskoerbi eta marmotaren sekretua filmeak ikusteko aukera izango dogu (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). David Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.
-
42
Arantzazu Luzarragak Smiljan Radic arkitektoaren oinarriak eta ibilbidea hurreratu deuskuz
Domekaro egiten dogu geure Zientzia tartea Aupa Bizkaia! programan eta gaurkoan arkitektoa eta EHUko irakaslea dan Arantzazu Luzarragagaz arkitekto berezi baten inguruan berba egin dogu. Arantzazuk Smiljan Radic aurtengo Pritzker saria jaso dauen arkitekto txiletarraren ibilbidea eta berezitasunak kontau deuskuz eta sortu dauzan obrarik ezezagunenak be ekarri deuskuz. Hainbat arrazoiengaitik arkitekto berezia da Radic eta berak esandako esaldi honegaz ondo irudikatu eban: "Gustetan jataz arkitekturaren historiagaz inolako zerikusirik ez daben eraikin hauskorrak; errepide bazterretako frutu postuak, zirku ibiltarien karpak edota jendeak eskura dauzan materialekaz osotzen dauzan aterpeak". Hori da bere arkitekturaren gakoetako bat. Radicek Raul Ruiz zinegile txiletarra aitaten dau askotan, bereziki Txile "tradizino kultural eta kronologia zehatz bako" herrialdea dala dinoen esaldia erabilten dau bere arkitekturaren izaera heterogeneoa zeozelan justifiketako. Smiljan Radicek oso eraikin eta diseinu ezagunak egin dauz bere ibilbidean eta horrei esker lortu dau Pritzker saria, besteak beste, baina gaurko kasuan, Arantzazuk Radicen sorkuntzarik ezezagunei buruz berba egin deusku. Casa del Carbonero, Casa habitación Chiloén, El niño escondido en un pez, Eraikin burges txikia ete beste batzuei buruz egin dogu berba geure tartean eta esan geinke ederto irudikatzen dabela Radicen ibilbidea eta batez be bere sorkuntzaren late motiva. Radicen arkitektura esperimentala, poetikoa eta tokiari lotua da. Eraikinak hauskorrak iruditu arren esperientzia biziak eta sentikorrak sortzen dabez. Bere ikuspegiak material sinpleak eta erreferentzia kulturalak konbinatzen dauz, naturala eta artifiziala, artisautza eta teknika nahasten dabezan lan hibridoak sortzeko. Hori dana eta beste kontu interesgarri asko kontau deuskuz Arantzazu Luzarraga arkitektoak geure Zientzia tartean.
-
41
Andoaingo Garate Estudiosetan grabau dabe, saltsa estilo ezbardineko lau abesti propio eta bertsino bategaz
Goxua´n Salsa taldeak Durunbele vol. I EP barria Andoaingo Garate Estudiosetan grabau dau. Diskoan saltsa estilo ezbardineko lau abesti propio eta bertsino bat aurkituko doguz. Bigarren partea, Durunbele vol. II, urte amaieran kaleratuko dau taldeak, urte osoko lana borobilduz. Goxua´n Salsa taldea New York, Kolonbia eta Puerto Ricoko 60, 70 eta 80ko hamarkadetan inspirautako salsa klasikoan murgiltzen da. Ahots nagusiak, hiru ahotseko koruak, pianoak, baxu elektrikoak, kongek, tinbalek, bongoak eta kanpaiak, marakek, tronpeta bik eta hiru tronboik osotzen dabe taldea. Nabarmentzekoa da taldean kultura desbardinak nahasten dirala, nafarra, kolonbiarra eta kubatarra, hain zuzen be. Goxua´n Salsa taldea hobeto ezagutzeko Julen Leuza, zuzendari, konpositore eta perkusionisteagaz berba egin dogu Aupa Bizkaia programan.
-
40
Gaur egun 120 erakunde publiko eta pribadu dabilz lankidetzan Agenda 2030-ean
Euskadik Lokal2030 Hub izendapena jaso dau Nazino Batuen Erakundearen eskutik, eta munduko lurralde bakarrenetarikoa da horretan. Mundu osoan era horretako 8 Hub dagoz danetara. Hub barriak erakunden enpresen, unibertsidadeen eta gizarte zibilaren arteko alkarlana artikuletan dau, eta 2030 Agendaren balioak benetako eragina daben proiektu zehatz bihurtzen dira. Hub izendapen hori egiteko hemen sustatzen dan lankidetza publiko-pribadua hartu dabe kontuan, demokrazian sakontzeko oso baliokoa dalako. Auzolan eredu hori eredu moduan zabaldu gura dau Nazino Batuen erakundeak eta horretan egiten beharko dabe lan beste Hub batzuekin. Gaur egun 120 erakunde baino gehiago batzen dira Euskadi Lokal2030 Hubean, publikoak, enpresak, unibertsidadeak, ezagutza-zentroak eta gizarte antolakundeak.
-
39
AEK-n oso pozik Korrikak aurton euki dauen harreragaz
Lurdes Etxezarreta AEK-ko nazino artezkaritzako kideak euskera ikasi eta praktiketako deia egin dau Korrika amaierako ekitaldian. Euskaltegiak zabalik dagozala esan dau, jentea animatuz euskera ikasi eta praktiketara, praktikatu eta ikastera. Gazteei euskerearen lekukori heltzeko eskatu deutse, Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiei. Etxezarretak adierazi dau hizkuntzarik ez daukan herri bat ez dala herri izango. Herri honetan guztientzako lekua dagoala, jatorri, azal-kolore edo euskera ezagutzea edozein izanda be. Komunidade bardinzale eta zabala aldarrikatu eban, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa eta euskalduna.
-
38
Euskal Herriko 7 lurraldeetako zazpikote gazteak idatzi dau aurtengo mezua
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteek idatzi dabe aurtengo Korrikako mezua, gorputza osotuz eta euskera izatera gonbidatuz. Hemen daukazue mezu osoa entzuteko aukerea. Egileak: Leire Casamajou Elkegarai (Sohüta, 2002), Elene Mengyu Larrinaga Bilbao (Barakaldo, 2003), Aitzol Gil de San Vicente Pla (Hendaia, 2003), Oier Iñurrieta Garmendia (Gasteiz, 2000), Beñat Jusue Resano (Tutera, 1998), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001), Xabat Altzugarai Etxeberri (Urepele, 2001).
-
37
Kontseiluak euskaltzaletasun aktiboa sustatu gura dau aurrera begira
Euskerearen kontrako oldarraldi judiziala kezka handiz bizi dabela azaldu deusku Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek. Bere esanetan, gakoa edo arazo nagusia zoru juridikoa da. Euskerearentzako lege babesa aldarrikatu dau. Konponbidea hortik etorriko ei da. Korrikaren azken-aurreko kilometroa egitea egokitu jako Kontseiluari. Erakundeak daukazan asmoen artean, euskaltzaletasun aktiboa sustatzea nabarmendu deusku. Jente askok esaten ei deutse euskaltzaletasuna nahiko modu bakartian bizi dabela, eta horri konponbidea emon gura deutse euskaltzaletasun aktiboa sustatuta. Pizkundea Bilbon egindako Pizkundearen ostean, Iruñean egingo da hurrengoa bagilaren 13an. Euskereak egoera ezbardinak bizi dituala esan deusku, zoru juridiko ezbardinak dagozala eta hori mahai gainean ipini behar dala. Hizkuntza politiketan jauzia behar dala esan deusku, eta horretan pausoak emon behar dirala.
-
36
Zapatuetako Farmazia tartean koloneko minbiziaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz
Zapatuetan Farmazia tartea egiten dogu Juan del Arco gure kolaboratzaileagaz. Zapaturo osasun gai interesgarri bat ekarten deusku eta oraingoan koloneko minbizia zer dan, zelan diagnostiketan dan eta zelako tratamenduak behar daben minbizi mota hori daukien pazieenteek kontau deusku, besteak beste. Koloneko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna martiaren 31n ospatzen da urtero, gaixotasun horren prebentzinoaren eta detekzino goiztiarraren inguruan sentsibilizatzeko. Munduan eragin handiena dauen tumoreetako bat da. Kolona heste lodiaren zatirik luzeena da, eta zati bat goranzkoa, beste bat zeharkakoa eta, azkenean, beheranzkoa dau, esan geinke osotu bako karratu bat lez. Koloneko minbizia, kasu batzuetan osagai genetiko bat egon arren, gehienak elikadura txarraren eta ariketa fisikoa ez egitearen ondorioz sortzen diran polipoen eraginez agertzen da. Prebentzinoaz gain funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra egitea koloneko minbizia sendatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan horren adibide ona dogu. Koloneko minbizia goiz detektetako Osakidetzako programa 2009. urtetik martxan dago eta 4.500 tumore detektatu dira programa horri esker. Prebentzinoa eta diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko ezinbestekoa da jenteak horrelako programetan parte hartzea eta gaurko programan hori aldarrikatu gura izan dau Juan del Arcok.
-
35
Estitxu Txurruka itsas biologoa izan da gaur Zientzia tartean
Gaur gure Zientzia tartean Estitxu Txurruka EHUko Itsas Biologiako irakasleak gai interesgarri eta oso kurioso bat ekarri deusku. Aingirari buruz egin dogu berba Aupa Bizkaia programan. Gure inguruan oso ezaguna dan arren, orain dala oso gitxira arte ezjakintasun handia egoan bere inguruan. Harrigarriena da, itxuraz arrunta dan animali honen atzean, biologiako istorio harrigarrienetako bat ezkutatzen dala. Bi mila urtez gizakiok aingirekaz bizi izan gara, baina benetan nondik heltzen ziran jakin barik. Ez arrantzaleek, ez naturalistek, ezta zientzialariek be ez ebezan inoiz euren arrautzak aurkitzen. Inork ez eban aingirarik ugaltzen ikusten. Zelan ugaltzen zan ur gezetan eta Europako mahaietan hain ugaria zan animalia? Erantzuna Estitxu Txurrukak emon deusku eta harrigarria da. Ainguraren inguruko hainbat kuriosidade be kontau deuskuz.
-
34
Muzak taldeak 'Sorminduta' eta 'Agian Gaur' abestiak kaleratu dauz
Muzak musika talde gipuzkoarrak Sorminduta eta Agian Gaur abestiak kaleratu dauz, Hala ere... izenagaz kaleratuko daben LParen aurrerapen lez. EP bi eta single baten ostean, talde gipuzkoarraren lehenengo lan luzea izango da disko hau. Vigoko Planta Sonica 2 estudioan grabau dabe Iago Lorenzogaz, eta Hala ere... diskoan Sorminduta eta Agian Gaur abestiekaz batera, beste zortzi abesti aurkituko doguz. Joanes Iñurrietak, Aitor Sagarmendik eta Ruben Irigoyenek osotzen dabe Muzak taldea: ahotsaz gain, gitarra bat, baju bat eta bateria bat, Power Trio "klasikoa" osotuz. Musika tresna bakotxak protagonismo eta sakonera berezia lortzen dabe taldean, eta arrakastaren gakoen artean sormen askatasuna eta talde-kideen arteko konfidantza nabarmendu leikez.
-
33
Farmazia tartean Tuberkulosiaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz
1882ko martiaren 24an aurkitu zan tuberkulosia sortzen dauan bakterioa. Horregaitik urtero martiaren 24an ospatzen da Tuberkulosiaren Munduko Eguna. Gure zapatuetako Farmazia tartean tuberkulosiaren ganean berba egin dogu Juan del Arcogaz. Tuberkulosia arnas gaixotasun bezala ezagutzen dogu, baina beste atal batzuetan be izan leike tuberkulosia. Ganera, urte askoz ezkutuan mantendu ahal da, pertsonarengan eragina izan barik. Bakterioagaz kontaktuan dagozan pertsona guztiak ez dira kutsatzen. Airez kutsatzen da eta kutsatzeko beharrezkoa da gaixo bategaz kontaktu estua izatea, eta garrantzitsua da jakitea tuberkulosi ez-aktiboa daben pertsonek ezin dabela kutsatu. Juan del Arcok tuberkulosiaren ezaugarriak, sintomak eta diagnostiketako dagozan metodoak azaldu deuskuz. Tratamenduari jagokonez, farmako eraginkorrak dagozala kontau deusku, baina ezin dirala banan-banan erabili, konbinazinoan baizik, eta tratamenduak gitxienez sei hilabete iraun behar dauala.
-
32
Estereotipoen ezaugarriak eta jakin beharreko guztiak azaldu deuskuz Eneritz Jimenezek
Aurten apur bat beranduago hasiko dogun arren, Aupa Bizkaia programan Zientzia tarteagaz jarraituko dogu. Astero zientziaren adar bakotxeko adituek euren diziplinagaz zerikusia daukan gai bat hurreratuko deuskue. Zientziaren garrantzia eta gure zientzialarien lana balorean ipinteko, domeketan 12:10ean, zientzia izango da protagonista Bizkaia Irratian. Aurtengo lehenengo kolaboratzailea Eneritz Jimenez da, psikologoa eta EHUko irakaslea. Estereotipoak oso hedatuta dagoz gure gizartean eta era naturalean sortutako estereotipo asko daukaguz barneratuta danok. Aurrean daukaguna modu arinean sailkatu eta informazinoa errezten dabe estereotipoek, baina ez da beti onerako izaten. Lehenengo saio honetan estereotipoen ezaugarriak eta jakin beharrekoen inguruan berba egin deusku Eneritzek, zer diran, zelako ondorioak daukiezan eta zer egin geinken estereotipoen eragina murrizteko azaldu deusku, besteak beste.
-
31
Laguntasuna eta musikarenganako gogoa izan dira hamar urteko ibilpidearen oinarriak
Nogen taldeak hamar urte beteko dauz aurten, eta urteurrena ospatzeko hamar kontzertuko bira berezia abiatu dau. Biraren barruan, martiaren 14an Madrilen aritu dira eta hurrengo hitzordu nagusia Bizkaian izango da: martiaren 19an Bilboko Arriaga antzokian emongo dabe kontzertua. Ane Negueruela taldeko abeslaria izan dogu konbidadu Aupa Bizkaia irratsaioan. Taldea 2016an sortu zan Donostiako Cristina Enea parkean egindako lehen entseguen ondoren, eta ordutik pop eta folk ikutuak dauzan estiloagaz egin dabe bidea. Taldekideek azpimarratu dabe laguntasuna eta musikarenganako gogoa izan dirala hamar urteko ibilpidearen oinarriak.
-
30
Antsiedadea edo insomnioa moduko kasuetan terapia psikologikoak lehenetsi behar dirala gogorarazi dau Juan Del Arcok
Juan del Arcok azaldu dau nerbio-sistemaren funtzionamendua neuronen arteko komunikazinoan oinarritzen dala, eta komunikazino hori neurotransmisoreen bidez egiten dala, besteak beste, serotonina edo dopamina moduko substantzien bidez. Farmazialariak Aupa Bizkaia irratsaioan azaldu dau osasun mentaleko eta gaixotasun neurologikoetako tratamendu askok neurotransmisore horreen jardueran eragiten dabela. Horren barruan, hainbat farmako talde erabili ohi dira, esaterako, antidepresiboak, ansiolitikoak eta hipnotikoak, gogo-aldartearen egonkortzaileak eta antipsikotikoak. Juan del Arcok nabarmendu dau, halanda be, tratamendu farmakologikoa ez dala beti lehenengo aukera izan behar. Adibidez, antsiedadea edo insomnioa moduko kasuetan terapia psikologikoak lehenetsi behar dirala gogorarazo dau. Azkenik, adituak azpimarratu dau sintoma neurologiko edo mental batzuk goiz antzematea funtsezkoa dala diagnostiko egokia egiteko eta tratamendu eraginkorra garaiz hasteko.
-
29
Kulturaren aldeko apustua da zinemea sostengatzen dauana
Streaming plataformen gorakadak zinea kontsumiduteko ohiturak aldatu badauz be, zinema areto txikiek bizirik jarraitzen dabe kulturaren aldeko apustuari esker. Lekeitioko Ikusgarri zinemak, adibidez, hamahiru urte daroaz herrian zinema eskaintzen, irabazi asmorik bako alkarte baten bidez. Bertoko kidea dan David Madarietaren arabera, areto txiker baten helburua ez da bakarrik negozioa, baizik eta herrian kultura sustatzea eta zinema gerturatzea. Horregaitik, sarrerak dira diru-iturri nagusia, izan be, aretoak ez dau palomita edo edaririk saltzen. Gainera, zine txikiek zailtasunak izaten dabez filmak eskuratzeko; banatzaile handiek lehentasuna emoten deutse zinema-kate handiei. Halanda be, Lekeitioko Ikusgarri zinemak genero askotako pelikulen programazinoa egiten saiatzen da, ikusle guztiei eskaintza zabala emoteko. Madarietak nabarmendu dauenez, herri-zinemek badabe balio berezi bat: pelikula amaitu ondoren, ikusleek eretxiak partekatzeko eta zinemaren inguruan berba egiteko aukera izaten dabe, komunidade giroa sortuz. Horregaitik guztiagaitik, streamingaren garaian be, zinema areto txikiek kulturaren eta herri-bizitzaren parte izaten jarraitzen dabe.
-
28
Neurozientziaren ikerketaren garrantzia eta osasun mentala zaintzearen beharra gogorarazo doguz Farmazia tartean
Garunaren asteak neurozientziari buruzko ezagutza zabaltzea eta garunaren zein osasun mentalaren garrantzia gizarteratzea helburu dauka. 1996az geroztik antolatzen da, eta geure Farmazia tartean Juan del Arcok gogorarazo dau milioika pertsonek pairatzen dabela gaixotasun neurologikoren bat, gaur egun desgaitasunaren arrazoi nagusietako bat bihurtu diranak. Garuna giza gorputzeko organurik konplejuena da, eta Juan del Arcok garuna zelan dan eta zelan funtzionetan dauan azaldu deusku. Mugimendua, pentsamendua, hizkuntza edo emozinoak kontroleteaz gain, arnastea edo gorputzaren tenperatura lako prozesu automatikoak be erregulatzen dauz. Bere funtzinonamendua neuronen sare konpleju baten bidez jazotzen da: neuronek informazinoa transmititen dabe bultzada elektrikoen eta neurotransmisore izeneko sustantzia kimikoen bidez, halan zelan serotonina, dopamina edo noradrenalina. Giza garunean 80.000 milioi neurona baino gehiago dagoz, eta horreen artean ehundaka bilioi konexino edo sinapsi sortzen dira. Konexino horreek eten barik aldatzen dira bizitzan zehar, ikaskuntza eta esperientzien arabera indartu edo ahulduz; prozesu horri garunaren plastizidadea deitzen jako. Garunaren asteagaz, beraz, neurozientziaren ikerketaren garrantzia azpimarratu eta osasun mentala zaintzearen beharra gogorarazo gura dabe, gure ondoizate fisiko eta emozinonalerako funtsezko elementua dalako.
-
27
Janus Lesterrek disko barria kaleratuko dau abenduan eta bira bategaz ospatuko dau
Janus Lesterrek, Jokin Pinatxok gidatutako proiektu musikalak, disko barria eta bere ibilbidean mugarri izango dan biraren lehen datak iragarri dauz. Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi berezi baten, artista beratarra pozik agertu da, hilabete luzez sekretupean gordetako lana, azkenean publikoari aurkezteko aukerea izan daualako. Lehen zuzeneko emonaldia abenduaren 19an eskeiniko dau Bilboko Euskalduna Jauregian birari hasierea emonaz, eta hurrengoa, abenduaren 26an, Donostiako Kursal Auditorioan eskainiko dau. Momentuz diskoa osorik entzuteko aukerarik ez dagoan arren, Euskalduna Jauregira hurreratutakoek, Udazken egun hura abestia zuzenean entzuteko aukerea izan dabe. Janus Lesterrek azaldu dau disko barriak aurreko lanarekiko bilakaera naturala dakarrela, eta entzuleek sentidutea nahi dabela. Musika sortzeko prozesuari jagokonez, inspirazinoa bilatu be egin behar dala aitortu dau, nahiz eta askotan instrumentuaren aurrean lanean ari dala etortzen jakon.
-
26
Saioa Larreagak buztinari forma emoten deutso, artea bizitzeko modu bihurtuta
Areatzan kokatutako Buztinola zeramika tailerrak 2023tik buztinaren inguruko sormena sutatzen dau. Bertako arduraduna dan Saioa Larreagaz egon gara, eta nabarmendu dau artea "bizitzeko era" dala berarentzat. Tailerra eta denda buztartzen dauz egitasmoak: klaseetan 15 ikasle inguru dabilz gaur egun, eta pieza erabilgarri zein artistikoak sortu eta saltzen dira. Saioa Larreagak entzuleei gonbidapena luzatu deutse buztina probatzera eta bildur barik gerturatzera.
-
25
Munduan 7.000 gaixotasun arraro dagoz
Lore-hauts edo polenaren alergiaren gainean egin deusku gaur be berba Juan del Arco botikariak, lehengo astean atal batzuk jorratu barik geratu jakuzan eta. Gaurkoan prebentzino neurriak gogorarazo deuskuz eta tratamentuez be egin deusku berba. Horrez gain, gaurkoa ezohiko gaixotasunen munduko eguna izanda, munduan 7.000 gaixotasun arraro dagozala esan deusku.
-
24
Brasilgo diktadura militar garaiko pelikulea da "El agente secreto"
Ikusgarri zine aretoan El agente secreto dabe helduentzako astegoien honetan, eta Baba Yaga eta sorginkerien liburua marrazki bizidunak umeentzat. Netflixen 3 telesail eta 3 pelikula estreinau ditue asteon. El flow de Kagoen, Agentes del misterio eta Baki Dou, el samurai invencible telesailak. Eta pelikulak, Todo por un parto, Leo y Lou eta Acusada. Amazonen pelikula bi estreinau dira asteon: Parecido a un asesinato eta El engaño.
-
23
Heuk Esan! buruan eukan egitasmoa dala azaldu dau Urkiagak
Juantxu Urkiaga musikari bizkaitarrak proiektu barri bat aurkeztu dau, euskal musika tradizionalaren transmisioa eta barrikuntza buztartzea helburu dauana: Heuk esan! deitzen da taldea. Aspalditik eukan buruan egitasmo hau, eta orain pausua emoteko unea heldu dala dino. Urkiagaren esanetan, ezinbestekoa da gure kulturaren alde egitea eta musika tradizionala belaunaldi barriei hurreratzea. Ohartarazi dau askotan entzuten dala garaia pasau dala edo tradizinoa galdu dala, eta norberak bultzatzen ez badau galdu egin leikela. Proiektu barri honen bidez, erroak eta gaur egungo sorkuntza buztartu gura dau, euskal musikea bizirik eta indartsu mantentzeko.
-
22
Zapatuetako Farmazia tartea Juan del Arcogaz
Gaur polenarekiko alergiaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz egiten dogun Farmazia tartean. Alergiak eta intolerantziak ez dira nahastu behar. Alergiak agertzen dira beti gure immunidade-sistemak kaltegarria ez dan substantzia bati erasoten deutsolako. Pertsona batek erreakzino alergikoa izatea eragiten dauan mekanismoa zein dan azaldu deusku Del Arcok. Alergenoak organismoagaz lehen kontaktua izaten dauanetik hantura-erreakzinoa gertatzen dan arte, immunidade-sistemako zelula batzuek, mastozitoek, histamina askatzen dabelako gertatzen da. Alergiaren gaia sakona da, baina gure kolaboratzaileak pausuka eta era errezean azaldu deusku. Ze landare motek daukien eragin gehiago eta ze sasoikoak diran be kontau deusku. Prebentzinoa da garrantzitsuena edozein goixotasunaren aurka eta kasu honetan gatxa dala pentsetan badogu be, badago alergiaren eragina gitxitzen dabezan jokabideak. Tratamenduei jagokonez, oso ezagunak dira antihistaminikoak eta kortikoideak, baina Juanek be kontau deusku alergiaren aurkako txertoak be badirala eta Bizkaian dagoan laborategi batek, oso teknologia aurreratuagaz, txerto horreek lantzen dauzala.
-
21
Diskoa Bandcamp plataforman argitaratu dabe
Amann and the Wayward Sons taldeak hamar urte beteko dauz aurten, eta urteurrena Air Creation bosgarren estudio diskoagaz ospatuko dau. Lan barriak blues rocka, rock klasiko amerikarra eta hegoaldeko ikutuak batzen dauz, beti be, soinua zainduz eta kontzientziagaz landuz. Diskoa Bandcamp plataforman argitaratu dabe, musikariek euren lanaren ordainsari duinagoa jaso dagien. Streaming plataformen eredua zalantzan jarri arren, euren bidea argi daukie: zuzenekoetan indarra erakutsi eta publikoagaz harreman zuzena mantenidutea.
-
20
Oinarrizko txirrindularitza bultzatzen dihardute lanean
Eibarko Txirrindulari Elkarteak mendeurrena ospatuko dau aurten. 1926an sortua, ehun urteko ibilpidean hainbat gorabehera gainditu dauz: gerra garaiko etenak, arazo ekonomikoak, istripuak eta pandemia, besteak beste. Halan be, alkarteak bizirik dirau eta txirrindularitza sustetan jarraitzen dau. Angel López Mendi presidenteak azaldu dauenez, helburu nagusia oinarrizko txirrindularitza bultzatzea da, gazteen artean afizinoa biztuz. Urtean zehar hainbat lasterketa antolatzen dabez, tartean, Udaberri Saria, Memorial Balenciaga eta San Juan Saria. Mendeurreneko ekitaldi nagusia bagilaren 10ean izango da, Eibarko Coliseo antzokian. Besteak beste, alkartearen historiari errepasoa egingo deutsie.
-
19
'Trajea': tentsinoa, suspensea eta umorea, orain euskal erara be
Trajea Txalo Produkzinoak ekoiztutako antzezlana da. Uriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehenengo eguna da. Jentea tropelean sartu da eta istripu bat izan da. Eraikinaren erraietan, segurtasun-zaintzaile batek negozio-gizon bat galdekatu dau, traje bat erostera etorri dalako eta gertakariekaz zerikusia izan daualako. Hori da antzezlanaren argumentua. Juan Cavestanyk sortutako antzezlanaren bertsinoa da. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzentzen dau, eta Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza dira antzezlaneko protagonistak. Emonaldiak erderaz eta euskeraz be egingo dabez, Martin Agirrek itzulitako gidoiagaz. Aupa Bizkaia programan Asier Hormazagaz antzezlanaren eta beste gauza askoren ganean berba egiteko aukera izan dogu.
-
18
Natxo Velez: "Filosofia aldetik nahiko underground izan gara"
Basaki musika talde leioaztarrak 30 urte bete dauz aurten. Taldekide desbardinak izan dira taldean, baina Iker Herrero (gitarra eta abotsa), Natxo Velez (bajua eta abotsak) eta Alfonso Rodriguez (bateria eta abotsak) hasieratik orain arte izan dira Basaki taldeko kideak. Urteurren berezi hau zelan ospatuko daben jakiteko Natxo Velez gure estudiora konbidau dogu. Natxoren komuniketako gaitasuna eta jarrerari esker, alkarrizketa bat baino lagun arteko solasaldi bat egin dogu azkenean. 30 urte honeetan eboluzino handia izan dau taldeak. Hasieran metala zan euren soinurik nabarmenena, baina musika mota desbardinak ikertu dabez. Gaur egun euren soinua rock alternatibora hurreratzen dala esango neuke, melodia bereizgarriekaz, baina halanda guztiz be ez dabe galdu metalak emoten dauan erritmo bizia eta indarra. Esan beharra dago, eboluzino handia izan arren, taldearen arima ez dala aldatu. "Ez dogu ezer egin ez dakit ze helburuarekin. Beti aurretik jarri dogu, lehenengo eta behin, geure egoera pertsonala eta gero irrika artistikoa. Ez doguz ahaleginak egin taldea bizibide bihurtzeko", esan dau Natxo Velezek.
-
17
Antisorgailuak; zenbat eta zelakoak dira?
Gaur, Europako osasun sexualaren eguna da, eta Farmazia tartean, Juan el Arcok gaurko egunari lotutako gaia ekarri deusku; antisorgailuak. Hainbat mota eta luzapen ezbardinekoak dagozala aitatu deusku botikariak.
-
16
Plataformetako estreinaldien barri be emon deusku David Madarietak
Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan emonaldi bikotxa astegoien honetan umeentzako Otxiren leyenda izango dabe astegoienean eta Aída y Vuelta helduentzako. NETFLIX 6 telesail : 'Motor Valley', 'Niños de plomo', 'Cómo llegar al cielo desde Belfast?', 'El investigador con millones de seguidores', 'El arte de parecer Sarah' eta 'El museo de la inocencia' AMAZON PRIME Telesaila: 'Cross' Pelikulea: 'Love me, love me'
-
15
Ane Han taldeko abeslariagaz berba egin dogu gure estudioan
Ane Han taldeak disko barria aurkeztu dau Itzulera(k) izenagaz. Ane Goienetxe artista lemoaztarraren proiektua da, Endika (gitarra), Unai (gitarra), Ander (bateria), Niki (baxua) eta Amaiagaz (teklatuak) batera. Itzulera. Mezu hunkigarri eta berezia dala pentsau geinke, eta kasu honetan inoiz baino zentzu gehiagogaz ganera. 2022ko garagarrilaren 27an, Anek kotxeagaz istripu bat euki eban eta hilabeteko koma baten ostean barriz jaio zala sentidu eban. Disko barriak Itzulera(k) izena eukitea ez da arraro egiten Aneren historia jakin ostean, baina kuriosoena da, diskoaren ideia eta izenburua istripua gertau aurretik baeukala pentsauta. Istripuaren ostean dana beste modu baten ikusten baeban be, argi eukan diskoaren izenburua hori izan behar zala. Errekuperazino gogor baten ostean, inoiz baino indar gehiagogaz bueltan da Ane Han eta musikaz, kasualidadeaz, kausalidadeaz eta orokorrean, bizitzaz berba egiteko aukera izan dogu gure estudioan. Musika landua, ahots gozoa eta mezuz beteriko abesti ederrak entzule bakotxak bere interpretazinoa egin dagian. "Idazten dodanean saiatzen naz era inplizidu baten egiten, eta gero, norberak eroan dagiala egunerokotasunean biziten dabilen horretara", azaldu dau Anek.
-
14
Joseba Gotzon artistak 40 urteko ibilbidea ospatzen dau aurten
Joseba Gotzon artista portugaletetarrak 40 urte bete dauz musikan. Lau hamarkadatan hainbat estilo, hizkuntz eta lurralde ezagutu ostean, bere ibilbidea 40 Sinfonikoa izeneko proiektu bereziagaz ospatu dau: bere kantuen irakurketa sinfonikoa, Boliviako Chuquiago Marka Orkestra Sinfonikoagaz eta begirada heldu bategaz. Lan honek ez dau bakarrik atzera begiratzeko balio; etorkizunari begiratzeko adierazpen artistikoa be bada. Aupa Bizkaia programan Joseba Gotzonegaz berba egiteko aukera euki dogu. Hainbeste oroitzapen, lagun eta abestiren ostean, ospatzeko egin dauan disko honetan ikuspegi sinfoniko bat emon gura izan deutso bere musikari. 40 Sinfonikoa diskoa moldatutako kantuakaz eta kantu barriakaz osotu dau, egindako ibilbideari omenaldia egiteko baina inoiz baino indar gehiagogaz aurrera begiratzeko.
-
13
Parazetamola aztertu dogu Juan del Arcogaz egiten dogun Farmazia tartean
Gaur, zapatuetako Farmazia tartean, parazetamol sendagaiari buruz berba egin dogu Juan del Arcogaz. Parazetamola, analgesiko erabiliena lez aspirina ordezkatzen joan zan apurka-apurka eta gaur egun analgesikoa ez ezik, gehien kontsumitzen dan sendagaia be bada. Juanek kontau dau parazemolaren historia, zelan aurkitu zan eta noiz hasi zan erabilten ia guztiok etxean daukagun sendagai ezagun hau. Esan dogunez, parazetamolak aspirina ordezkatu dau gaur egun eta gaurko Farmazia tartean jakin dogu zergaitik gertau dan hori. Parazetamolaren eta ibuprofenoaren ezaugarriak be azaldu dauz Juanek, sendagai ezagun honen aldeak eta erabilerak jakiteko. Parazetamola sendagai analgesiko eta antipiretikoa da, eta ibuprofenoa inflamazinoaren aurkako sendagai ez-esteroideoa da, laburbilduz. Trumpek eta bere osasun idazkaritzak umedunaldiko parazetamol erabileraren eta autismoaren inguruan zabaldu eben buloari buruz, Juanek esan deusku ez daukala oinarri zientifikorik, testuingurutik guztiz ataratako ondorio faltsu baten oinarritu ebela. Ganera, joan dan hilean artikulu bat argitaratu zan, Trumpen buloa guztiz ezeztatu eta gai horri buruz egozan zalantzak argitzen dauana. Betiko lez, Juan del Arcok azpimarratu dau mina kontroletako gai diran dosi txikienetan erabili behar dala.
-
12
Jokin Vitoria: "Musikak daukan onena da beti ikasten dozula"
Erromintxelak taldea Arrasatetik dator eta swing edo gipsy jazz moduko estiloak euskeraz interpretetan dauz. Erromintxela euskal ijitoen hizkuntza eta identidadea da, euskeraren eta erromaniaren arteko nahasketatik sortua. Izenak aurreratzen dauan moduan, elementu desbardinen nahasketa organikoa da taldearen ezaugarrietako bat. Musika estilo desbardinak, maila altuko musikariak eta guztiz bereizgarria dan jarrera eta eszenaratzearen nahasketaren bitartez, euren gipsy jazz mundu horretan murgilduko zara. Hori dana euskeraz biribiltzen dan proiektu sendo eta aitzindaria lortuz. Gure herrialdean jazz musikak ez dauka jazz-jaialdietatik kanpo espazio handirik. Askotan pentsa leike jazz musikak eskatzen dauala aurretik musika ezagutza minimo bat inprobisazino landuak ondo baloretako, baina ez da horrela izan behar. Musikea, artearen beste arlo batzuetan gertatzen dan moduan, aurretik asko ezagutu barik disfrutau geinke eta hori da ezagutzaren bidea. Ezin Erran Eni disko barria aurkeztu ostean, Arrasateko taldeak kontzertuak eskeiniko dauz jazz-jaialdietan, baina baita areto desbardinetan be. Erromintxelak atxaki parebakoa da ohiko musika zirkuituetan hain presente ez dagoan musika estilo honeek ezagutzeko. Aupa Bizkaia programan Jokin Vitoriagaz berba egin dogu Erromintxelak taldea hobeto ezagutzeko. Taldekideek musika ikasketak badaukiez eta taldea sortu aurretik ibilbide luzeak egin badabez be, Jokinek argi dauka: "Musikak daukan onena da beti ikasten dozula. Inoiz ez zara helduko 'dana dakit' esatera".
-
11
Iñaut Amezagagaz hilean behin egiten dogun Aho-tartea
Aste honetan Osasunaren Mundu Erakundeak okela prozesaduak 1. mailako kartzinogeno lez sailkatu dauz, baina ez da erreza jakitea zelako eragina euki ahal dauan horrelako faktore batek benetan minbizia sortzeko. Hilean behin Aho-tartea egiten dogu Odontologian doktorea eta EHUko irakaslea dan Iñaut Amezagagaz. Gaur ahoko minbiziaren inguruan berba egin dogu zeintzuk diran kontuan hartu behar doguzan faktoreak ezagutu eta prebenidu ahal izateko. Minbizia biologikoki, asko laburbilduz, zelulen “deskontrola” dala esan geinke. Zelulek kontrol mekanismoetatik iges egiten dabe eta muga barik ugaltzen hasten dira, inguruko eta urruneko ehun eta organoak inbadiduz. Hori sortzen da mutazino genetikoen ondorioz. Zergaitik gertatzen dan ulertzeko aldaketa epigenetikoak zer diran jakin behar dogu eta Iñautek azaldu deusku, epigenetika genetikari, puntuazinoa testuari jagokona dala. Letrak bardinak dirala, baina irakurtzeko modua aldatzen dala. Beraz, propiedade kommutatibo lez ezagutzen dogun "faktoreen ordenak ez dau produktua aldatzen", ez da horrela genetikari buruz berba egiten dogunean. Gaixotasun jakin bat sortzeko kausak eta mekanismoak, etiopatogenia izenagaz ezagutzen da eta Iñautek sailkatzeaz gan, puntuz puntu azaldu deuskuz faktore bakotxaren eraginak. Zerrenda horretan, danok argi daukaguzan tabakoa eta alkohola agertzen dira lehenengo postuan, baina baita betela, eguzkia, giza papilomaren birusa, beste mikroorganismoak (kandida, gaixotasun periodontalean dagozan bakteriak...), aho-osasuna eta dieta be agertzen dira. Ahoko nahasmendu potentzialki gaiztoak be aitatu dauz Iñautek: leukoplasia, eritroplasia eta ahoko gaixotasun likenoidea. Gaur egun, ANPGekaz dagoan arazoa da, ez daukagula modurik aurresateko ze lesino bihurtuko dan minbizi (gehienak ez dira inoiz minbizi bihurtzen) eta lesino honeen arriskua gitxitzeko modurik ez daukagula. Gaurko Aho-tartea prebentzioagaz amaitu dogu. Tabako-alkohola kendu, eguzkitik babestu, dieta osasuntsua egin (barazki eta fruta asko, te berdea eta kafea, arraina...), aho-osasuna mantendu eta odontologoarengana periodikoki joan behar gara, aho-minbizia izateko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.
-
10
Zapatuetako Farmazia tartea Juan del Arcogaz
Datorren astean umetoki-lepoko edo zebixeko minbiziaren prebentzinoaren munduko astea ospatuko da. Gaurko Farmazia tartean minbizi mota horren inguruan berba egin deusku Juan del Arco gure kolaboratzaileak. Hasteko eta behin, Juanek kontau deusku zer dan umetoki-lepoko minbizia. Baita prebentzino-neurri oso eraginkorrak dagozala be. Zerbixeko minbizia, batez be, Giza Papilomaren Birusaren infekzinoak eragiten dau. Sexu-transmisinozko infekzinorik ohikoena da. Kasu gehienetan infekzinoa berez sendatzen da, baina horrela ez danean, ez dago tratamendurik eta horregaitik oso garrantzitsua da prebentzinoa. Zerbixeko minbizia giza papilomaren birusaren aurkako txertoagaz prebenidu daiteke, besteak beste. Detekzino goiztiarra egin daiteke eta gure kolaboratzaileak Osakidetzaren baheketa-programa (www.osakidetza.euskadi.eus) nabarmendu dau, eta baita Euskadin daukaguzan baliabideak erabiltearen garrantzia be.
-
9
Gaurko saioan depresinoari buruz berba egin dogu Juan del Arcogaz
Urtarrilaren 13an depresinoaren munduko eguna da, eta gure Farmazia tartean horren inguruan berba egin dogu Juan del Arco kolaboratzaileagaz. Depresinoa izenez oso ezaguna dan arren, askotan gaixotasuna ez dogu guztiz ezagutzen. Kasu askotan erratuta gagoz pentsetan dogunean bakarrik triste edo animo gitxigaz egotea dala. Juanek depresinoa zer dan ondo azaldu deusku, eta baita ze garrantzitsua dan diagnostikatzea eta tratatzea be. Osakidetzak badauka depresinoari buruzko informazinoa emoten deuskun webgune bat (https://osasuneskola.osakidetza.eus/eu/medialib/html/depresioa). Puntuz puntu oso ondo azalduta, osasun emozionalari buruzko aholkuak emoten dira eta ganera, test bat bete geinke gure egoera emozionala jakiteko. Depresinoa zelan tratatzen dan eta zein medikamentu mota erabiltzen diran be kontau deusku Del Arcok. Serotonina eta beste neurotransmisore batzuk zelango eragina daukien gure gorputzean be azaldu deusku, farmako horreek zelan funtzionatzen daben ulertzeko. Depresinoaz bildur barik berba egin behar dala eta asaldura emozionalen estigmagaz amaitu behar dala nabarmendu gura izan dau gure kolaboratzaileak. Amaitzeko, gogoratu dau oso garrantzitsua dala depresino-sintomak daukiezan pertsonek lehenbailehen laguntza eskatzea.
-
8
Hilean behin aho-osasunari buruz berba egiten dogu Iñaut Amezagagaz
Odontologian doktorea eta EHUko irakaslea dan Iñaut Amezagak, ahoaren ezaugarriak, bitxikeriak eta beste datu interesgarri asko kontetan deuskuz hilean behin Aupa Bizkaia programan. Aurretik aho-osasunaren garrantzia azpimarratu eta azaldu deusku. Ohikoenak diran gaixotasunen ezaugarriak be nabarmendu dauz —ahoko minbizia, besteak beste— eta datu ezezagun askoren ganean be berba egiten dogu tartean. Gaurko saioan txistua izan da protagonista. Zer dan txistua azaldu deusku Iñautek, osaera, nondik datorren, erregulazinoa eta funtzinoak, besteak beste. Txistuaren eta ahoko gaixotasunen arteko harremana be komentau dogu. Gaurko saioa laburbiltzen dauan hurrengo esaera ekarri deusku Iñaut Amezagak: "Oñak leor aoa eze sendari doke[k]".
-
7
Gabonetarako erosketak egiteko plaza ona da Santo Tomas
Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturaleko Foru Diputaduak esan deusku Bilboko Santo Tomas plaza garrantzitsua dala baserritarrentzat, baina euren urte osoko lana hartu behar dala kontuan. Azoka hau gabonetako erosketak egiteko aukera ona dala azaldu deusku. Aurtengo urtea lehenengo sektorearentzat orokorrean ona izan dala azaldu deusku Atutxak. Behi, hegazti eta txarrien gaixotasunak dirala-eta zuhur dabilzala, baina ekoizpen aldetik-eta gauzak ondo joan dirala. Datorren urteari begira, lankidetzan eginda daben suspertze plana martxan ipintea izango da erronketarikoa.
-
6
Plataformetako estreinaldien barri be emon deusku David Madarietak
Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan umeentzako Zootrópolis 2 izango dabe astegoienean eta Valor sentimental helduentzako. David Madarietak plataformetako estreinaldien barri be emon deusku: Netflixen dokumental 2 eta 3 telesail. Amazonen telesail 2 eta pelikula 2.
-
5
Galileo Galilei izan zan termometroaren asmatzaileetarikoa, baina gehiagok be hartu eben parte
Abenduaren 22an termometroaren eguna ospatuko da eta Juan del Arco botikariak argibide ugari emon deusku. Del Arcok azaldu deusku noiz, zelan eta nortzuk hartu eben parte asmakuntza honetan. Termometroetan aldaketak eta garapenak be egon dira. Gaur egun merkuriozkoak egitea eta saltzea debekatuta dago, batez be, ingurumen aldetik eragin leikiezan kalteakaitik. Dana dala, etxean holakoren bat daukanak, nasaitasun osoz erabili leike. Gaur egun dagozan termometro motez be egin deusku berba (kontaktuzkoak eta ez kontaktuzkoak), eta gorputzeko tenperaturea modu egokian hartzeko aholkuak be emon deuskuz.
-
4
Aurton ganadu bako azokea egin dabe Orozkon
Orozkon ohikoa dabe Santa Luzia egunez azokea egitea eta aurton be egin dabe. Animalia bakoa izan da aurtongoa, baina betelako eskaintzea eta giro ona ez dira falta izan. Bertatik egin dogu irratsaioa zuzenean.
-
3
Abenduan emonaldiak egiten dabilz marttitzenetan be
Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan umee eta gazteentzako "Mindcraft" dabe astegoien honetan eta helduentzako "Golpes". Gainera abenduan egitarau berezia dabe eta martitzenero daukiez emonaldiak. Plataformei dagokienez, Netflixen estreinaldi ugari izan dabe asteon: dokumental ba, dokusail bat eta zortzi telesail. Amazonen hiru pelikula estreinau ditue. Guzti horren barri emon deusku David Madarietak.
We're indexing this podcast's transcripts for the first time — this can take a minute or two. We'll show results as soon as they're ready.
No matches for "" in this podcast's transcripts.
No topics indexed yet for this podcast.
Loading reviews...
ABOUT THIS SHOW
Asteburuetako goizak lasai baina informauta eta ondo pasauta hasteko irratsaioa. Albisteak, eguraldia, trafikoa, alkarrizketak…
HOSTED BY
Iñigo Esteban
CATEGORIES
Loading similar podcasts...