Jokoan

PODCAST · sports

Jokoan

Kirolari eskeinitako irratsaioa, Athletic nagusi dala. Egunero talde zurigorriaren gorabeheren errepasoa, gizonezko zein emakumezko taldeena. Gainerako kirolak ahaztu barik, sasoian sasoikoa: pelotea, saskibaloia, txirrindularitzea, arrauna…

  1. 50

    Mikel Estrada: "Tako honeek mina guztiz kendu ahal dabe"

    Pelotari guztien zorigaiztoa eskuko mina izaten da. Denboraldian zehar pelotariek eskuetatik asko sufritzen dabe, eta askotan, partidu batzuetan deskantsua hartu behar izaten dabe eskuetako mina sendatzeko. Gaitz honen aurrean, Mikel Estrada Unamunzagak Masterreko lana burutu eban. Amaierako lana esku pilotako takoen inguruan egin eban. Bere helburua, tako barri batzuk sortzea zan, pelotariek ahalik eta gutxien sufritzeko eskuetatik, eta posible bazan, minik ez sufritzeko.  Lana hain ona izan zan, beste enpresa eta pertsona batzuen laguntzeagaz, Mikel Estradaren takoek profesionaletara egin ebela salto. Kasurik ezagunena Dariorena izan da. Gaur egun Banakako txapelketako finalerdietan dagoan pelotaria izan zan lehenengotarikoa tako berezi honeek erabiltzen. Emaitza oso ona izan zan eta pelota munduan zabaltzen hasi zan Estradaren lana. Trinketean be erabiltzen dira, baina aurrerapausua amateurretan eta gaztetxoenetan emon zan. Pelota munduan lehen pausuak emoten dabezan gazteek gehiago disfrutatzen dabe tako berezi honekaz. Mikel Estradak pelotari bakoitzari pertsonalizatzen deutsoz takoak, eta oraindik materiala eta sistema hobetzeko pausuak emoten dabil. Geugaz izandako solasaldian, udarako albiste barriak egongo dirala aitortu deusku. Entzun elkarrizketa osorik.

  2. 49

    Bermeoko Ziklistek eta Nafarroako El Patorrillo txirrindulari peñak 'Bizitzaren alde' erronka solidarioa antolatu dabe

    Bermeoko Ziklistek eta Castejoneko 'El Patorrillo' peñak egun biko erronka solidarioa egingo dabe. Maiatzaren 9an eta 10ean, Bizitzaren alde alkartasun erronkea hain zuzen be. Bermeoko Ziklistek taldeak, Castejoneko 'El Patorrillo' Txirrindulari Peñegaz batera, 450 kilometroko joan-etorria egingo dabe zapatuan eta domekan. Minbiziaren Aurkako ekimen honetan batutako dirua gaixotasunaren aurkako borrokara bideratuko dira. Horregaz batera, herritarrei parte hartzeko hainbat bide eskaini deutse, alkartasunaren sarean bakotxak bere ekarpena egiteko aukera zabalduz. Erronkak bere une beroena domekan eukiko dau, Bermeon antolatutako harrera eta egitarau bereziagaz. 13:00etatik aurrera, Dantzaz Blaik, Kanta kanta loruek, Bermeoko Abesbatzak eta umeentzako Kirik girotuko dabe Lamera. 15:00etatik aurrera, barriz, Apokhalipsis, Addar eta Tximino taldeen kontzertuen txandea izango da. Egun osoan zehar girotutako jardueren ondoren, txirrindulariak 16:00ak eta 16:30ak bitartean helduko dira Lamerara.

  3. 48

    Unai Perez: "Portugalgo Kopako finala jokatzea itzela da guretzat"

    Futbolean, Kopa txapelketak beti izan dira bereziak eta talde askoren lorpenik handienak txapelketa honetan lortu dira. Azken urteetan, formatu barriagaz, talde apalek edo aurrekontu urriagoa daukienek, zeresan handia emon dabe. Azkena, eta historia egiten dabilena, Portugalgo Torreense taldea da. Portugalgo bigarren mailako taldea da eta maiatzaren 24an Taça de Portugal-eko (Portugalgo kopa) finala jokatuko dabe Sporting Portugalen kontra, Athletic txapeldunen ligatik kanpo itxi eban taldearen kontra. Portugalgo talde honetan Unai Perez ondarrutarrak jokatzen dau. Athletic-eko harrobian, Logroñesen eta Barakaldon jokatu ostean, Portugalgo bidea hartu eban. 24 urtegaz, futbol profesionalera salto egitea erabagi eban. Liga txapelketan hirugarren dagoz eta Kopan historia egiten dabilz. Bidean, lehen mailako Casa Piari be irabazi deutse. Finalerdietan, hirugarren mailako Fafe taldearen kontra irabazi eben partidu bira. Fafek lehen mailako hiru talde kanporatu ebazan finalerdietara sailkatzeko. Unai Perez geugaz izan da Bizkaia Irratiko Jokoan irratsaioan.

  4. 47

    Beñat Igarza: "Urteetan gogoratuko dogun finalerdia izan zan"

    Unai Laso eta Jon Ander Albisu izango dira Altuna eta Ezkurdiaren aurkariak Binakako Txapelketa Nagusiko finalean. Baikoko bikoteak 22-21 irabazi eutsan domekan Elordi eta Zabaleta bikoteari, urte askoan gogoratuko dan finalerdi handi baten. Adarraga frontoia eszenatoki ezin hobea izan zan momentuz txapelketako partidu onena jokatzeko. Danetarik izan eban partiduak: pelotarien maila oso altua, markagailua irauli eben garaileek eta polemikea. Polemikea izan zan protagonista partiduaren azken txanpan. Guzti hori Pelota tertulian jorratu dogu, Jokoan irratsaioan, Cesar Ortuzarren (Deiako kazetaria), Ramon Basalduaren eta Beñat Igarzaren eskutik.

  5. 46

    Euskadiko Indoor Apnea Txapelketa ospatuko da bihar Bilbon

    Martiaren 14an, zapatuan, jokatuko da Bilboko Artxandako Kiroldegiko igerilekuan Euskadiko Indoor Apnea Txapelketea. Open kategoriak Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste bost autonomia erkidegotako 23 kirolari bilduko dauz. Besteak beste, bertan izango dira Gari Iruretagoiena eta Eider Gutierrez, apnea estatikoko egungo Espainiako txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren. Parte-hartzaileak maila handia erakutsiak dira aurrekoetan, izan be, hainbat apneistak 8 minututik gorako markak daukez apnea estatikoan, eta 200 metrotik gorakoak apnea estatikoan, eta 200 metrotik gorakoak apnea dinamikoan. Aurtongo edizinoa bederatzigarrena izango da 2007az geroztik, eta Bilbon egiten dan lehenengoa. Jokoan irratsaioan Eider Gutierrezegaz egon gara. Bost biderrez jarraian Euskadiko txapelduna izan da, eta zapatuan seigarrena jarraian lortu gura dau.          

  6. 45

    Jokin Zabala: "Gogoak eukitea da halako lasterketa bat antolatzearen gakoa"

    Unibertsitateko lan bat moduan hasi zana, bere hamargarren edizinoan Euskadiko txapelketaren parte izango da. Labur esanda, baina hori da Kolazino Mendi Egunak lortu dabena. Jokin Zabala, lasterketaren zuzendaria eta gaurkoan gurekin Jokoan irratsaioan izan danak, unibersidadeko lan bat moduan hasi eban ekitaldi hau. Orduko IVEF ikasten ebilen eta menditik korrika egitea gustuko eukan. Osagai bi honek batuz gero, unibersidadeko lan bat Bedian antolatutako mendi lasterketa baten oinarritu eban. Lana hain izan zan ona eta borobila, 20 urte eukazala Jokin Zabalak teoria hori praktikan jarri ebala. Covid-19aren ondorioz urte bitan ezin izan eben Kolazino antolatu, baina gainontzeko urteetan bai. Aurtongoa hamargarren edizinoa da, eta lehenengoz Euskadiko Mendi Txapelketaren parte izango da. Bedian egiten dan urteko ekitaldirik handienetakoa da. Askoren etxeetan, Kolazino Mendi Egunak Bedia mapan jarri dau. 4 Ibilibide izango dira: 13 Kilometrokoa kadete eta juniorrentzako 17 kilometrokoa (1.002m+) adin guztientzako 24 kilometrokoa (1.511m+) Euskadiko Txapelketako lasterketa 16 kilometroko mendi martxa (900m+) publiko guztiarentzako 24 kilometroko lasterketearen ibilbidea Hona hemen 2023ko Kolazino Egunaren bideoklipa: Kolazino 2023

  7. 44
  8. 43

    Munduko kontseiluko kide barria izango da aurrerantzean Euskal Herria

    Euskal Herriko ardi moztaileen eta artilarien selekzinoak mugarri historiko berriak ezarri dauz Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatu dan Golden Shears and Woolhandling Munduko Txapelketan. Alde batetik, Euskal Herriko selekzinoa lehen aldiz lehiatu da mundu mailako txapelketarik handienean eta, beste alde batetik, Munduko Kontseiluko kide barria izango da aurreratzean. Euskal Herriko selekzinoa munduko moztailerik eta artilaririk onenegaz batera ibili da lehian. Nazinoarteko lehiaketa handienean parte hartzea “sekulakoa” izan da, esperientzia “ahaztezina”. “Izugarria maila, exijentzia, giroa, harremana, lehia eta entrenamenduak. Beste herrialdeetako moztaileegaz eta artilariegaz izandako elkarrizketak, trukeak eta bizitako uneak. Euskal Herriak nazinoarteko eszenatoki handienean egotea merezi dabela erakutsi dogu. Asebeteta sentitzen gara, nahiz eta helburu berriei heltzeko irrikaz egon”, adierazi dabe selekzinotik. Ardi moztaile modernoaren sorlekutzat jotzen dan herrialdean egindako egonaldian, taldeak, motxila bete irakaspen eta esperientzia ekarri dauz Euskal Herrira. Ardi mota eta erritmo berriak, teknika eta kultura desberdinak. Egun bakoitza erronka fisiko eta mentala izan dira, baina etengabeko ikasgaia. Nazinoarteko erreferenteegaz sektoreaz berba egin dabe, estiloak kontrastatu dabez, xehetasunak zuzendu eta etorkizunerako bide barriak zabaldu. Ikasitako eta bizitako guztia kontatzeko, Ipar Arrinda, Euskal Herriko ardi moztailea izan dogu geugaz jokoan irratsaioan.  

  9. 42

    Imanol Magro: "Ezustekoa da Altuna eta Ezkurdia finalean egotea"

    Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia dira Binakako Txapelketako lehen bikote finalista. Domekan Ogeta frontoian Laso eta Albisuri irabazi eutsien, txapelketako bikote onenari eta faboritoei. Altuna eta Ezkurdiak osatutako bikotea txapelketako momenturik onenean da, azken sei partiduak jarraian irabazita. Laso eta Albisu, barriz, txapelketako momenturik garrantzitsuenean beherakadea emon dabe. Halanda be, bikote honek datorren astegoienean hil ala biziko partidua izango dabe Elordi eta Zabaletaren kontra. Irabazten dauan bikoteak, Altuna eta Ezkurdiaren kontra jokatuko dabe finala datorren hilaren 29an. Imanol Magro (Berria), Cesar Ortuzar (Deia), Ramon Basaldua eta Beñat Igarza izan dira gaurko tertuliako protagonistak.

  10. 41

    Athleticeko erdilariak dino dana emotera urtengo dabela Anoetan baina zoratu barik, partidua luzea izango da-eta

    Denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dau Athleticek eguazten honetan Realaren aurka Anoetan. Kopa txapelketako finalerako sailkapena dago jokoan. Talde gipuzkoarra da faboritoa, joaneko partiduan 0-1 irabazi ebalako eta zaleriaren babesa eukiko dauelako. Halandabe, Ernesto Valverderen gizonak ezustekoa emoten ahaleginduko dira. Egia esateko, zuri-gorrien gol bakar batek bardindu egingo leuke kanporaketea. Hori bai, Athleticek aurreko partiduetan baino maila hobea emon beharko da Anoetan finalerako sailkatzeko aukerak izateko. Unai Gomez Etxebarria, Athleticeko jokalariagaz egin dogu berba Lezaman. Gogotsu eta ilusinoz beterik dagozala esan deusku erdilari bermeotarrak. Taldea indartsu dagoala dino eta badaki konzentraturik eta intensidade handiagaz jokatu behar dauela lehen minututik. Realaren estadioan eguaztenean aurkituko daben giro gogorrak ez deutso ikararik emoten, motibazinoa indartu baino. Dana emotera urtengo dabe lehen minututik, baina zoratu barik, partidua luzea izango da-eta. Ernesto Valverdek hogeta bederatzi partidutan zelairatu dau aurten Unai Gomez. Hamaikatan hasieratik urten dau eta aulkitik ganerakoetan. Erasoko lau postuetan jokatu dau bermeotarrak, eskoitik, ezkerretik, aurrelariaren atzetik eta aurraldean. Bere betiko postuan jokatu gurako leuke -euskarrian- baina pozik dago zelaiko edozein postutan jokatuta. Atzealdeko ezker hegalean aritzeko prest be agertu da. Garbi dago, Unai Gomezek gorputz eta arima ipinten dauzela zelaira urteten dauen bakotxean, talde jokoaren alde egiteko.

  11. 40
  12. 39

    Mikel Bizkarra eta marea laranja martxan dira!

    Mikel Bizkarra (Mañaria, 1989) txirrindulari bizkaitarrak bere 16. denboraldia hasi barri dau txirrindularitzan profesional mailan. Orbea Continental, PinoRoad eta Euskadi Basque Country Murias taldeetan ibili ostean, 2020an Euskaltel Euskadik fitxatu eban, marea laranjaren erreferenteetako bat izateko. Itzuli handietan, 5 aldiz parte hartu dau Espainiako Itzulian, bere sailkapen onena hamazazpigarrena izanda 2018an. Urte hartan be bigarren izan zan Aragoiko itzulian, mendiko mailota jantzi eban eta etapa bat irabazi. Pasa dan astegoienean Andaluzian izan da Euskaltel Euskadi. Taldeko bik min hartu eben, baina ezusteko ezbeharrak alde batera lagata, euskal taldeak itzuli ona burutu eban, baita Bizkarrak be. Gogotsu dago denboraldi honetarako, talde polita osotu dabe eta gazteei laguntzeko prest agertu da Mikel Bizkarra. Halan da be, ez dakit bere azken denboraldia izango ez ete dan...

  13. 38

    Cesar Ortuzar: "Final erdietan ez dagoz lau bikote onenak"

    Eskuz binakako txapelketa bere txanpa erabagigarrenean sartu da. Finalerdiak astegoien honetan hasiko dira. Laso eta Albisu bikoteak lehen postua lortu eban kanporaketako ligaxkan, 14 partidutik 13 irabazita. Bigarrenak, eta beraz, sailkapena zuzenean lortu daben beste bikotea, Elordi eta Zabaleta izan dira. Mallabiarra, barriro be, finalerdietako ligaxkan izango dogu. Beste sailkatu biak, Altuna - Ezkurdia eta Jaka - Iztueta bikoteeek, play-offak jokatu behar izan dabez. Gaurko tertulian, play-offak aztertzeaz gain, datozen finalerdien inguruan be berba egin dogu Imanol Magrok (Berriako kazetaria), Cesar Ortuzarrek (Deiako kazetaria), Ramon Basalduak eta Beñat Igarzak.

  14. 37

    Benat Amadek eta Beñat Elorrietak 1.000 euroko aizkora apustua egin dabe

    Herri Kiroletan ohikoa da apustuak egitea. Normalean ikusleek kirolariek egingo dabenaren ganean apustu egiten dabe, baina kirolari batek beste bati apustua egitea be gertatzen da. Kasu honetan aizkoragaz izango da erronka. Benat Amadek eta Beñat Elorrietak apostua egin dabe. 10 kanaerdiko ebagi beharko dabez eta 1.000 euro dagoz jokoan. Getxoko Probalekuan izango da martiaren 21ean. Hor ikusiko doguz aizkolari bi aurrez-aurre, teknika, indarra eta sendotasun mentala neurtzen. Zelan suertau dan apostua eta kirolari batek zelan egiten deutson aurre horrelako erronka bati jakiteko, apustuko protagonistetako bategaz berba egiteko aukera izan dogu. Aurretik be Jokoan irratsaioan izandako Benat Amade Fullaondo herri kirolariagaz berba egin dogu. Ilusino handiz dago Benat, apustuaz gan, bultzada bat emoten deutselako herri kirolei horrelako ekimenek eta argi dauka zer dan garrantzitsuena. "Entrenamendu gogor honeek aurrera eroateko txapeldun ikusi behar zara, baina azkenean ez dozu ahaztu behar, hau guztia, egiten dozula gustuko dozulako eta ondo pasetako", esan dau Benat Amadek.

  15. 36

    Athleticen tertulia: "Aresori aukera gehiago emon behar jakoz"

    Athleticek bihar jokatuko dau Elxeren kontra San Mamesen. 25. jardunaldira azken partidu biak irabazita heltzen da Ernesto Valverderen taldea. Hirugarren garaipena jarraian katiatu gura dabe, ligea halan hasi eben. Aurrean Eder Sarabiaren Elx izango dabe. 2026an oraindik ez dabe garaipena ezagutu eta liga txapelketan zehar ez dira gai izan etxetik kanpo irabazteko. Athleticek Elxeren bolada txarra baliatu gura dau zaleen aurrean hiru puntuan lortu, sentsazino onak berreskuratu eta Europako postuetara hurbiltzeko. Gaurko tertulian Oihane Irazu, Gontzal Galan, Ramon Basaldua eta Beñat Igarza izan dira.

  16. 35

    Iñigo Aurtenetxe: "Inoiz baino pelotari gehiago daukaguz"

    Bizkaiko Esku Pelota Federazioak 100 urte bete barri dabezan honetan, bart Bilboko bihotzean kokatutako Club Deportivon ekitaldia egin eben. Frontoiko kirolagaz lotutako politikari zein kirolariak hurbildu ziran federazioari berotasuna eskaintzeko. "Mende bat pilotaren alde" lelopean, historiak darrai eta hurrengo urteetan azken mendean bezain gogotsu dagoz. Plan barriak, jaialdiak, frontoiak beteta eta inoiz baino pelotarien fitxa gehiago. Gaurkoan, Jokoan irratsaioan, Iñaki Aurtenetxe Bizkaiko Esku Pelota Federazioko presidenteagaz hitzordua euki dogu, egoeraz eta etorkizunaz berri emoteko.  

  17. 34

    Enara Gaminde: "Nire urterik onena izan da"

    Enara Gaminde da 2025eko Emakume Master Cupeko lau t´erdiko txapelduna. Laukizko atzelariak 10-22 irabazi eutson Amaia Aldairi. Lau t´erdian Aldaik jokatzen eban 5. finala zan jarraian. Lehen tantua partiduko gogorrena izan zan eta Laukizkoak eroan eban. Hurrengo hirurak sakez egin ebazan lehengo takada egiteko. Hortik aurrera, partidua kontrolpean izan eban Gamindek. Erraz jokatu eban, kale gitxi eginez eta aurkariari min egiten, batez be, atzera horma kontrara botata pilota. Amaia Aldaik ez eban bere mailarik onena erakutsi, hein handi baten, Enara Gaminderen lan txukunari esker. Enara Gaminde binakakoa eta lau t´erdikoa urte bardinean irabazten dauazan lehen emakumea da. 2017an Emakume Masters Cup sortu zanetik, ez eban inork lortu. Laukizkoak bere izena historian idatzi dau. Orain binakakoa Binakako txapelketea abenduaren 26an hasiko da, Etxebarrin. Bigarren partidua Sopelan izango da, biharamonean. 7 bikotek parte hartuko dabe. Azpimarragarria, Alize Sagardui 14 urteko goizuetarraren debuta. Gainera, Enara Gaminderen bikotea izango da. Honetxek dira gainontzeko bikoteak: Arrizabalaga-Bergara (igazko txapeldunordeak, barriro batera), Aldai-Arrillaga, Ruiz de Infante-Mendizabal, Zabaleta-Bertiz, Ibarrola-Erasun eta Etxegarai-Capellan. Finala martiaren 22an jokatuko da.

  18. 33

    Edurne Pasabanek bere komiki barria kaleratu dau

    14 zortzimilakoak igo dabezan lehen emakumea da Edurne Pasaban. 2001ean igo eban lehenengoa (Everest, 8.848m) eta 2010ean azkena (Shisha Pangma, 8.046m). 9 urte luzetan zortzimilakoak igotzen ibiltzeaz gain, beste horrenbeste egin eban Pasabanek Asia aldetik. Gainera, zortzimilakoak igotzeagatik ezagutzen dogu tolosarra, baina zortzimilakoak igotzen hasi aurretik, historio eder bat dau errekorraren atzean. Edurne Pasabanek, Ramon Olasagasti, César Llaguno eta Felipe H. Navarroren laguntzeagaz, Edurne Pasaban komikia kaleratu dau. Esandako moduan, alpinistaren historia kontatzen dau, eta Bizkaia Irratian aitortu dau komiki honetan "inoiz kontatu ez dabena" kontatu dabela. Mendiak aldatu egiten dau bat, komikiak diñoen moduan: "Poesiaz gorpuzten da elurra gure hiztegian. Baina malkoak, mendian, non eta norberaren baitan itota izozten ez diren, egoerarik latzenetan gorpuzten dira, lagun bat galtzen denean sarri".  Bihar, abenduaren 6an, eguerdiko 12:00etan (Euskalduna Bilbao jauregian) aurkeztuko dabe Edurne Pasaban komikia BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian. Komikiaren protagonista eta idazle zein marrazkilariak bertan izango dira.

  19. 32

    Iker Goñi: "Oso zaila da selekzino ez ofizial baten partiduak antolatzea"

    Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea izan da geugaz Jokoan irratsaioan. Zapatuan jokatuko dabe lagunarteko partidua Euskal Selekzioak eta Palestinak. Kirol partidu bat baino gehiago izango da zapatukoa, mundura palestinar herria jasaten dabilen genozidioa zabaltzeko erakusleiho bat izango da. Goñik zapatuko partidua zelan antolatu daben, nogaz kontaktuan jarri behar izan daben eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren egoerearen berri emon deusku.

  20. 31

    Lekittarrako entrenatzaile barria ilusinoz ganezka dago erronka barriari ekiteko

    Lekeitioko Isuntza arraun taldeak etxeko entrenatzaile baten aldeko apostua egin dau gizonezkoen trainerua zuzentzeko datorren denporaldian. Markel Akarregi Bengoetxeak hartuko dau Osertz Aldairen kargua. Akarregi anai gazteak odolean daroa Isuntza. Jon anaiak zabaldutako bidetik, Markel alebinetan hasi zan arraunean herriko arraun taldean. Beheko maila guztietatik igaro ondoren, hamazortzi urteko ibilbideari ekin eutson Lekeitioko gizonezkoen traineruan, igaz arraun egiteari itxi eutson arte lan arazoak zirala-eta. Akarregik esperientzia luzea dauka entrenatzaile lez Isuntzako beheko mailetan baina bere lehen esperientzia izango da senior mailako talde bat zuzentzen. Gogotsu eta ilusinoz ganezka dago erronka barriari egiteko. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.

  21. 30

    Jon Elortegi, Ibon Rodriguez eta Jon Intxaurtieta, Kaiku, Santurtzi eta Arkoteko ordezkariekaz egin dogu berba

    Traineruen denporaldia orain dala aste batzuk amaitu zan talde askorentzat, Kontxako Banderaren sailkatze estropadaren ondoren. Asteburu honetan Eusko Label Ligako azken jardunaldi biak jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten. Ligea erabagita dago Orioren alde eta talde gehienak presinorik barik lehiatuko dira, bagilaren batean hasitako kanpaina luzeari amaiera duina emoteko asmoagaz. Ez da hori Bermeo eta Portugaleteko estropadetan denporaldia jokoan eukiko daben bost taldeen kasua. Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben bost traineruak dira. Kaiku hamaikagarren postuan sailkatu zan Eusko Label Ligan, Santurtzi eta Arkote KAE 1eko lehen sailkatu biak dira eta Chapela eta Tiran Galiziako ligako traineru bi onenak. Bost talde honeek estropada bakarrean ikusi dabe alkar denporaldi honetan. Irailaren 4ean izan zan, Donostiako badiako uretan, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Olatuak eta haizeak nagusi izan ziran Donostian badian eta horrek izugarri baldintzatu eban traineruen jarduna. Santurtzi izan zan Eusko Label Ligako play offean parte hartuko daben bost traineruetatik azkarrena. Soterak 9 segundo atera eutsazan Chapela, Galiziako txapeldunari, Kaikuk minutu erdi galdu eban, Arkotek 38 segundo eta Tiranek 44 gehieago behar izan ebazan. Halanda ze, Santurtzi eta Chapela dira faboritoak jokoan egongo diran postu biak eskuratzeko. Zapaturako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro inguruko olatuak altzauko dauz, eta haizeak ipar-mendebaldetik joko dau.

  22. 29

    Zuri-gorriek lehenbiziko aldiz jokatuko dabe denporaldi honetan San Mamesen

    Athleticek Bartzelona jasoko dau astegoien honetan F Ligako bigarren jardunaldian San Mamesen, domekan eguerdiko 12:00etatik aurrera. Aurtengo denporaldian Athleticek Katedralean jokatuko dauan lehen norgehiagoka izango da, lehen jardunaldian Lezaman aritu ziralako lehoiak, Costa Adeje Teneriferen aurkako bardinketan. Beraz, ligako lehen garaipenaren bila urtengo dira zuri-gorriak zelaira. Edozelan be, aurrean euki ahal dauan aurkaririk gogorrena eukiko dau Athleticek, Bartzelonak azken sei ligak irabazi ditu-eta. Edozelan be, Athleticek primeran lehiatu eban pasa dan denporaldiko partiduan eta Bartzelonak luzapenera arte sufridu eban San Mamesen hiru puntuak lortzeko. Hain zuzen be, aurreko urtean egindako partidua abiapuntu ona dalakoan dago Ane Campos, Athleticeko aurrelari barria. Campos aurtengo udan heldu da talde bilbotarrera Eibarren sei denporaldi egon eta gero, lau F Ligan. Denporaldiko lehen hitzorduan hasierako hamaikakoaren parte izan zan eta, esan deuskunez, gustura dago Bilbon: "Oso ondo egokitu naz taldera, primeran hartu nabe". 2029ra arte Athleticen Camposek 2029ko ekainaren 30era arte sinatu dau kontratua Athleticegaz. Beraz, taldeak epe ertainean dituan planen parte izango da jokalari getariarra. Bere golak garrantzitsuak izango dira barriz be sailkapenaren goikaldean egoteko. Ildo horretatik jarraituz, Camposek hiru gol sartu ebazan aurreko denporaldian Eibarregaz. Aurretik, Erreala, Oiartzun eta Zumaiako taldeetan jokatu eban.

  23. 28

    Jokoan kirol tarteko tertulian aritu dira Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua

    Athletic zaleok ez dogu barri onik jaso azken egunetan. Aymeric Laportek ezingo dau Athleticen jokatu, hasiera baten eta oraingoz, FIFAk ez dauelako jokalariaren fitxaketea onartu. Yeray Alvarez baztertuta dagoala eta Unai Egiluzek belauna apurtuta, Valverdek lehen taldeko erdiko atzelari bi bakarrik izango ditu ligeari eta txapeldunen ligeari ekiteko. Beste alde batetik, Ernesto Valverdek lau partiduko zigorra eta Alex Padillak hirukoa jaso ditue Betisen zelaian ikusitako txartel gorriengaitik. Honek kontuok jorratu doguz Bizkaia Irratiko Jokoan tarteko tertulian

  24. 27

    Bizkaiko traineruak ez dagoz faboritoen artean baina, itsasoa lagun, ezustekoa emoten ahaleginduko dira

    Kontxako Banderarako sailkatze estropadetako lehenengoa jokatuko da Donostiako badian gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Emakumezkoen mailako proba banakako erlojupeko modalidadean jokatuko da eta parte hartuko daben 21 traineruek luze bi eta ziaboga bat osotu beharko dabez jokoan dagozan zazpi postuetako bat eskuratzeko lehian. Kontxako Banderan lehiatzeko hautagaiak bi taldetan banatu dabez antolatzaileek. Astillero, Chapela, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Tiran, San Juan, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia taldeek osotzen dabe A moltsoa eta Mecos, Rianxo, Cabo da Cruz, Cesantes, Castropol, Deusto, Hernani, Kaiku, Lekittarra eta Ondarroa taldeek B moltsoa osotuko dabe. Urteera ordena, bai taldeena bai traineruena be, eguazten goizean Donostiako udaletxean egingo dan zozketan zehaztuko da. Kontxako sailkapen-proba da kirolarien, teknikarien eta klubetako arduradunen artean kezka gehien sortzen dauena. Bildurraren estropada lez ezagutzen da. Izan be, denporaldiko banderarik garrantzitsuenetik kanpo geratzeko aukerak benetako ikarea sortzen dau. Zazpi bakarrik sartuko dira Arraun Lagunakekin lehiatzeko iraileko lehen bi igandeetan, eta gainerako hamalauek zezenak hesitik ikusteagaz konformau beharko dabe. Klimatologiak paper garrantzitsua dauka, erabagigarria batzuetan, traineru-estropada guztietan. Garrantzi hori areagotu egiten da Kontxako banderan, traineruek itsaso zabalean egiten dabelako estropadaren zati handi bat. Eguaztenerako eguraldi iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro eta erdi baino gehiagoko altuera izango dau. Egunaren lehen zatian haizeak hegoaldetik joko dau eta tenperatura altuak eragingo dauz. Arratsaldean, lehenik iparraldera eta gero ipar-mendebaldera egingo dau, 12 korapilorainoko boladekin. Itsas baldintza horreek ezustekoak sortzeko aukera biderkatzen dabe. Igaz, urrun joan barik, Orio, Euskotren Ligako talde klasikoetako bat, Kontxatik kanpo geratzeko zorian egon zan. Eguenean gizonezkoen probea Itsasoaren egoerak txarrera egingo dau eguenean 18:00etatik aurrera jokatuko dan gizonezkoen mailako sailkatze estropadan. Aurreikuspenen arabera, ipar-mendebaldeko haize bizia eta gogorra ibiliko da, eta metro bi inguruko hondoko itsasoa. Denporaldi honetan traineruek hain baldintza txarrei aurre egin beharko deutsien lehen aldia da, itsaso barea nagusi izan dan ikasturte baten ondoren. 21 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen sailkatze-proban. Bermeo, Ares, Cabo, Getaria, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Hondarribia, San Juan eta Zierbena ariko dira A moltsoan, eta Arkote, Chapela, Hibaika, Lapurdi, Meira, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia. Aukera ona Eusko Label Ligara igoteko play offean parte hartuko daben, Chapela eta Tiranen Galiziako bi ontzien mailearen barri eukiteko.

  25. 26

    Euskotren Ligea irabazi dabe eta buru belarri dabilz prestatzen Kontxako banderea

    Donostiako Arraun Lagunak taldeko traineruak irabazi dau aurtengo Euskotren Ligea. Ez da Bizkaiko trainerurik izan emakumezkoen gorengo mailan, Kaiku, Ondarroa, Deusto, Isuntza eta Portugalete ETE ligan aritu badira be. Halandabe, badira Bizkaiko arraunlariak Euskotren Ligako ontzietan. Arraun Lagunaken, adibidez, hiru arraunlari bizkaitar ari dira Juan Mari Etxaberen aginduetara eta estropada gehienetan ikusi doguz arraunean. Mar Larrea ondarrutarra, Jule Arkotxa lekeitiarra eta Zuberoa Egurrola, elantxobetarragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Oso pozik dagoz orain arte lortutakoagaz baina helburu nagusi bat daukie denporaldi amaierarako: Kontxako bandera irabaztea

  26. 25

    Katxete bola-jokoa antzinako modalidadea da, kirol honen lehenengo datuak XIX. mendekoak dira

    Katxete bola-jokoa antzinako modalidadea da, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herri batzuetan jokatzen dana, eta antzinatasun hori ez dago datauta. XIX. mendean, jada, bere existentziari buruzko datuak badagoz, 1830etik hain zuzen be, baina ez dago haren jatorriari buruzko daturik. Adituek dinoe, antzinatik jokatzen dala eta tradizinoa askoz be zaharragoa dala. Enkarterri eta Ezkerraldeko kirol autoktono bakarra da. Katxete deitzen da jaurtitzeko moduagaitik, zaplasteko baten antzera jaurtitzen dalako eta baita kolpearen soinuagaitik be. Jokatzen dan zelaiari karrejo esaten jako, jaurtitzen dana bola da eta modalidade honetan aritzen diran kirolariei, bolari deitzen jake. Hain tradizionala dan kirol hau hobeto ezagutzeko, bolari bigaz berba egiteko aukera euki dogu. Batetik, Urioste klubeko Aaron Ruiz, besteak beste, 2023an Euskadiko txapelduna izan zana, Eta bestetik, Errekatxoko Alex Torres, aurtengo Euskadiko txapelduna gizonezkoen modalidadean.

  27. 24

    Hodei Mentxaka: "Zortzi hilabetetako lana da hau"

    Sotera berriro be garaipenaren bidean da. Astegoien honetan, Astilleron eta Pasaian azkarrenak izan dira eta lehen bi garaipenak lortu dabez. Zapatuan 20:13:46ko denborea egin eban. Atzetik, Sukia - Zumaia eta Arkote Occidental helmugaratu ziran. Domekan, aldiz, 20:40:60ko denboreagaz izan zan lehenengoa. bigarren Lapurdi Antton - Bilbao izan zan eta hirugarren berriro be Arkote. Sailkapen nagusian Itsasoko ama da lehena 24 puntugaz, bigarren Arkote eta hirugarren Zumaia. Beste bizkaitarrei jagokonez, deustu bederatzigarrena da eta bigarren taldean Portugalete bigarren eta Lutxana azkena, seigarren.

  28. 23

    Urko Vidal: "Oso pozik nau atzo lortutakoagaz"

    Urko Vidal txirrindulari gaztea izan zan atzo txapeldun Mungiako Agustin Sagasti memorialean. Eiser Hirumeteko txirrindulariak sendotasunez irabazi eban Bizkaiko errepideetan. Lasterketa arraroa izan zan. 130 kilometro inguru egin behar eben txirrindulariek, baina errepidean egoan gasolina isurite baten ondorioz, lasterketa laburtzea erabaki eben. Hainbat txirrindulariren artean eztabaida sortu zan lasterketa bukatzea arriskutsua izango ez ete zan. Azkenik, lasterketa amaitu eben eta Urko Vidal, Berastegiko txirrindularia, izan zan lehenengoa helmugaratzen. Helmugan pozez zoratzen ikusi gendun, baita negarrez be, hunkituta. Garaipenaren biharamonean, beragaz berba egiteko aukerea euki dogu Bizkaia Irratiko Jokoan irratsaioan.

  29. 22

    Joanes Goitisolo gernikarra eroso ibili zan Oñatiko kaleetatik, aurkariak lehen kilometroetan atzean itzita

    Joanes Goitisolo Otazua da Euskadiko Duatloi txapelduna. Pasa dan astegoienean Oñatiko kaleetan izugarrizko ikuskizuna emon eban gernikarrak. Urteak aurrera badoaz be, Goitisolo inoiz baino indartsuago dau eta horren erakusle izan zan Oñatiko Duatloi lasterketa. 3 kilometro behar izan ebazan Joanes Goitisolok bere aurkariak atzean izteko. Hurrengoko kilometroak bere buruaren eta gorputzaren kontra egin ebazan. Hiru sektoretan banatuta egon zan proba. 10 kilometro korriketan, 38,5 kilometro bizikletan eta azken 5ak korriketan egin eben atletek. Guztira 53,5 kilometro. Alusigma Peñote Dental taldeko atletaren kasuan 01.50.39ko denboran amaitu eban lasterketa. Mikel Arrasate lekeitiarra izan zan bigarrena. Aitatzekoa Urdaitri Triatloi Taldeko Unai Zoilo Elexgarai sukarrietarrak eginiko txirrindula gaineko lana, 4. denbora onena lortu eban. Garraitz Kirol Taldeko Kepa Legarza Lopez 14. postuan helmugaratu zan eta honen bestez, V2M kategoriako denborarik onena berea izan zan.

  30. 21

    Athleticeko erdilariak oso ondo ikusten dau taldea denporaldiko azken partiduei ekiteko

    Bederatzi partidu jokatuko dauz Athleticek Liga txapelketearen azken txanpan, lau San Mamesen eta bost etxetik kanpo. Zuri-gorriak laugarren dagoz sailkapenean, oso ondo kokatuta lehiaketearen azken txanpara begira, sei puntuko aldeagaz atzetik dituen Vila-real eta Betisekiko. Zuri-gorriek argi daukie datozen bederatzi partiduak erbakigarriak izango dirala, benetako finalak, datorren domekan La Ceramica estadioan Vila-realen aurka jokatuko daben lehiatik hasita. Mikel Vesgagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan tartean. Athleticeko erdilariak oso ondo ikusten dau taldea denporaldiaren azken txanpeari ekiteko. Gosea daukala dino eta anbizinoz ekingo deutsela Ligako zein Europa Ligako partiduei. 235 partidu jokatu ditu Mikel Vesgak Athleticen elastikoagaz zortzi denporalditan. Aurten, baina, nahi baino minutu gitxiago jokatu dauz, 970 hain zuzen be. Bederatzi partidutan egonda hasierako hamaikakoan eta beste hamazortzitan aulkitik urten dau bedartzara. Minutu gehien jokatu daben gizonen zerrendara begiratuta, hamaseigarren postuan agertzen da erdilari arabarra. Bere egoerea gura baino txarragoa izan arren, itxaropentsu dago eta goraipatu egin dau Mikel Jauregizar edota Unai Gomezek taldeari egindako ekarpena. Vesgak ez dau sekula ahaztuko igazko apirilaren 6an bizi izandako esperientzia, gabarra barruan Getxotik Bilboko udaletxerainoko bidea egin ebenekoa. Esan beharrik ez dago itzela izango litzatekeela aurten beste titulu bat irabaztea.

  31. 20

    Zaratamoko aurrelariak hamasei urtetan jokatuko dau profesional mailan eta hiru txapel eskuratu eta beste lau final jokatu dauz

    2009eko ekainaren 13an jokatu eban Mikel Urrutikoetxeak bere lehen partidua profesionaletan, Zaratamoko, bere jaioterriko pelotalekuan, eta irailaren 20an Bilbon emongo deutso amaierea orduan hasitako ibilbideari. Hamasei urteko tarte horretan, lehen mailako hiru txapel jantzi ditu: Buruz burukoa eta lau ta erdikoa 2015ean lortu ebazan, eta binakakoa hurrengo urtean. Ganera, beste lau final jokatu ditu, bi buruz burukoan eta bana lau ta erdi barruan eta binaka. Esan beharrik ez dago, ibilbide oparoa izan dala Urrutikoetxeak bete dauena profesional mailan. Irailaren 20an jokatuko dau bere azken partidua Bilbon -ez dau pelotan jokatzen jarraituko beste enpresaren bategaz- baina aurretik beste hainbat frontoitan jokatu gura dau Mikel Urrutikoetxeak. “Maitatua sentidu nazen herrietan jokatu gura dot profesionaltasuna itxi aurretik” esan dau gaur Bilbon eskaini dauan prentsaurrekoan. Hamasei urte honeetan, une gozoak, ez hain gozoak eta txarrak bizi izan ditu Zaratamoko pelotariak. Txapeldun geratu ostean lesino larria euki eban. Handik gitxira, bere bizitzako “erreferente eta zutabe nagusia”, bere ama, hil egin jakon gaixotasun larri baten ostean. Kolpe itzela izan zan Mikelentzat. Apurka-apurka zulo baltz baten sartzen hasi zan, bere burua holan larri ikusita laguntzea eskatzea erabagi eban arte. Zorionez, zulotik urtetea lortu dau eta zoriontsu bizi da bere emaztea, seme-alaba biak eta aitagaz. Alde emozionalak kirolari profesional baten errendimenduan daukan garrantzia nabarmendu gura izan dau Mikelek. Urrutikoetxearen agurragaz, pelotari handi bat galduko dogu pelotazaleok. Baina horren ganetik, pertsona zintzo eta jatorra desagertuko da profesional mailako pelotatik. Ondo ibili Mikel.  

  32. 19

    Lucas Fernandezen jokalariek mailarik onena erakutsi gura dabe Zaragozan, Ferrolen izandako porrota alde batera itxita

    Zortzi talde lehiatuko dira eguenetik aurrera Espainiako Erreginaren Kopan, liga txapelketako sailkapeneko lehen zortzi postuetan kokatutakoak lehen itzuliko partiduak jokatu ostean. Lointek Gernika Bizkaia zortzi hautatuen artean dago eta Kopan lehiatzeko aukerea izatea sari bat da Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldearentzat, denporaldiaren lehen zatian egindako lan onaren erakusle. Ferrolen kantxan partidu negargarria egitetik dator Gernika-Lumoko taldea. Talde galiziarra aurkari zuzena da play offetan sartzeko borrokan eta lehia galtzeaz ganera, basket-average dalakoa be galdu eben bizkaitarrek. Izan be, 13 puntuko aldea lortu eben Malosten eta 26 puntugaitik galdu eben A Coruñan. Halanda ze, gernikarrek euren mailarik onena berreskuratu gura Kopa txapelketarako. Girona, ohorezko mailako liderraren aurka jokatuko dabe eguen arratsaldean Erreginaren Koparen lehen finalaurrekoan. Lucas Fernandezek Girona kanporaketea gainditzeko faborito nagusia dala autortu arren, ez deutso ikararik eta bere taldeak ausart jokatu behar dauela dino. Talde bizkaitarra ez da bakarrik egongo Zaragozan, marea granateko ehun zale baino gehiago joango dira-eta Fernandezen ekipoa animatzera.

  33. 18

    Bermeo-Urdaibaiko entrenatzailea pozik agertu da Bou Bizkaiak Castroko estropadan egindako lanagaz

    Bermeoko traineruak garaipena eskuratu eban, Castron joan zan domekan jokatu eban  aurredenporaldiko lehen estropadan. Bou Bizkaiak bost segunduko aldea kendu eutsen Zierbenari eta Oriori. Azken hiru denporaldietan traineru estropadetan nagusi izandako taldeak aldaketa ugari euki dauz 2025 urterako. Jon Salsamendi da entrenatzaile barria eta aurreko denporaldietan gizon garrantzitsuak izan diran arraunlari batzuk arraun egiteari itzi egin deutsoe klubean urte asko egin ondoren. Castron jokatutako estropadan, aurreko urtean Kontxako banderea irabazi eben hamalau arraunlarietatik, sei baino ez ziran egon Bou Bizkaiaren tostetan. Jon Salsamendigaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean, traineruaren lehenengo estropadan egindako aztertzeko. Entrenatzaile oriotarrak argi eta garbi dino bere taldeak asko daukala hobetzeko eta lan gogorra daukiela aurretik. Edozelan be, garaipen guztiak ondo etorriak dirala azpimarratu dau. Salsamendik garrantzi handia emon deutso aste santura arte egin beharreko lanari, ekainaren 1ean Bizkaiko txapelketeagaz hasiko dan denporaldiari indartsu ekiteko. Eusko Label Ligako traineru guztiak harrobiko lau arraunlari ontziratu beharko ditue hurrengo denporaldian. Urdaibaiko entrenatzailea harrobiko mutil gazteekaz dabil lanean etorkizunari begira.

  34. 17

    Real Madril eta Athletic emakumezkoen ligako bigarren eta hirugarren sailkatuak dira, hurrenez hurren

    Athleticek Real Madril jasoko dau domeka honetan San Mamesen, eguerdiko 12:00etan. Emakumezkoen ligan, bigarren eta hirugarren sailkatuak dira momentu honetan Real Madril eta Athletic, hurrenez hurren. Halanda be, 14 puntuko aldea dauka talde madrildarrak bere alde. Athleticen aurkari zuzenak Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko lehian, beraz, Atletico Madril eta Erreala dira. Domekako partiduaren atarian, Nahikari Garcia Athleticeko aurrelari gipuzkoarragaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Garciak dino Real Madril oso ondo dagoala momentu honetan. Izan be, Real Madril bizirik dago oindino Errege Kopan zein Txapeldunen Ligan eta Bartzelonaren erritmoa jarraitzeko ahalegina egiten dabil emakumezkoen ligan. Ganera, Garciak ondo ezagutzen dau Real Madril, bertan jokatu ebalako 2021etik 2023ra. Garciari jagokonez, aurrelari urnietarrak hiru gol sartu ditu aurtengo denporaldian. Dana dala, bere bertsinorik onena etortzeke dagoalakoan dago. Horren harira, uste dau selekzinoen etenaldia ondo etorri jakola Athleticeri, atseden hartzeko eta denporaldiaren azken txanpari ekiteko. Halanda be, albiste txarrak be jaso ditu taldeak aste honetan. Esaterako, Clara Pinedo lesionatu egin da. Jokalari bizkaitarrak lesinoa dauka eskuin hankako muskulatura iskiosuralean eta ezin izango dau domekako partiduan parte hartu.

  35. 16

    Unai Gomezek eta Mikel Jauregizarrek indartsu ikusten dabe taldea denporaldiaren azken txanpeari begira

    Sekula ez dira Bermeoko jokalari bi batera egon Athleticen lehen plantilan. Unai Gomez Etxebarria eta Mikel Jauregizar Alboniga bigarren denporaldia beteten dabilz Ernesto Valverderen aginduetara eta azken honek, ganera, lekutxoa eskuratu dau hasierako hamaikakoan. Bizkaia Irratian Lezamara joan gara eurekaz berba egiteko egueneko entrenamendu saioa egin aurretik. Kontu ugari aztertu doguz hogetabat urteko jokalari biekaz. Garbi itxi gura izan deuskue, Bermeon baino hobeto ezin dala inon bizi. Kresala daukie odolean. Ondo ikusten dabe taldea denporaldiko azken txanpara begira eta garaipenaren bila urtengo dabe datorren zapatuan Metropolitanon jokatuko daben partiduan. Horregaz batera, autortu dabe ezin dabela burutik kendu aurtengo Europa Ligako finala San Mamesen jokatuko dala. Unai eta Mikel Bermeon bizi dira eta egunero doaz entrenatzera Lezamara. Esan deuskue, Athleticen jokatzeak ez dauela askorik aldatu euren eguneroko bizitzea. Oscar De Marcos, denporaldi amaieran futbola itxiko dauen kapitainaren ganean itaunduta, batak zein besteak berba onak baino ez daukaz arabarrarentzat. “Oscar de Marcos pertsona berezia da guretzat. Asko lagundu deusku beti. Faltan botako dogu” esan deuskue eguena goizean Lezaman izandako barriketaldian. Oihan Sanceten lesinoaz, Valverdegaz daukien erlazioaz eta beste hainbat konturen ganean egin dogu berba Gomez eta Jauregizarregaz.

  36. 15

    Euskal talde biak sailkapenean bardinduta dagoz eta Txapeldunen Liga puntu bakar batera daukie

    Athleticek Errealari aurre egingo deutso domeka honetan San Mamesen jokatuko dan euskal derbian, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Momentu honetan, euskal talde biak bardinduta dagoz sailkapenean, 32 puntukaz. Athleticek eta Errealak 10 partidu irabazi, bi bardindu eta sei galdu dabez. Beraz, parekotasun handiko partidua espero da. Ganera, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauan hirugarren postuan jokoan izango da. Atletico Madrilek 33 puntu ditu eta hirugarren sailkatua da, baina Athletic eta Erreala puntu bakar batera aurkitzen dira. Lehen itzuliko partiduan, Errealak 1-0 irabazi eutson Athletici Reale Arenan. Aitatutako norgehiagokan, Athletic 10 jokalarikaz gelditu zan lehen zatian. Partiduaren harira, Ane Azkona Athleticeko jokalariagaz egin dogu berba euskal derbiaren astean. Aurrelari nafarrak denporaldiko lehen gol biak sartu ebazan aurreko astegoienean, Betisen aurka Sevillan jokatutako partiduan. Beraz, bolada onari jarraipena emon gura deutso Azkonak. Aurreko denporaldian zazpi gol sartu eta gero, bere zifrak hobetu gura ditu gelditzen diran partiduetan.

  37. 14

    Emakumezkoen Athleticek eta Realak San Mamesen domekan jokatuko dabe derbia be aztertu dogu

    Futbol tertulia egin dogu Bizkaia Irratian, eguenero egiten dogun legez. Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basaldua batu gara mahai baten inguruan, Athleticek domekan Cornella-El Praten Espanyolen aurka jokatuko dauen partidua aztertzeko. Jon Uriarte, Athleticeko presidenteak herri harmailaren ganean esandakoak be jorratu doguz, emakumezkoen Athleticek eta Realak domekan Katedralean jokatuko daben partidu erabakigarria ahaztu barik.

  38. 13

    Athleticeko presidenteak argi eta garbi esan dau errespetuan oinarritu behar dala herri harmailearen jarduna

    Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak Animazio Herri Harmailaren egoera aztertu dau eguazten honetan San Mamesen emondako prentsaurrekoan. Herri Harmailari buruzko Klubaren kontzeptu nagusien azalpenagaz hasi dau hitzaldia. Uriartek oso argi  laburbildu dauz kontzeptuak: "Errespetuz animetan dauen Herri Harmaila gura dogu". Izan be, "Errespetua, filosofia lez, ez da ikutzen". Presidenteak argitu dauenez, garrantzitsua da edozein jarreraren abiapuntua ez galtzea. Lehenik eta behin, "Herri Harmaila Athleticena da. Ez da inongo talde edo personarena: Athleticena da ". Eta bigarrenik, eta era berean garrantzitsua, Herri Harmailaren izateko errazoia "partida guztietan animetea da, San Mameseko gainerako ikusle guztiak batzen saiatuz", San Mamesen Orroa! -ren proposamenaren ondoren Ezohiko Batzarrean erabagi lez, bazkideek onartutako Animazio Herri Harmaila sortzea bultzatu ebana. Oinarri horreek kontuan hartuta, eta ICHHk bere kabuz erabagitako animazino-grebari dagokionez, Jon Uriartek adierazo dau ez dagoala "taldea alde batera uztea justifiketan dauen kexarik, gehien maite danari min egiten ez jakolako". "Athletic Cluben norbanakoen interesa lehenesten badogu kolektiboaren aurretik, hilda gagoz. Athletic da lehentasuna ", adierazo dau. Giro guzti honen kaltetu nagusia taldea da, eta hau goraipatu eban: "Jokalariek prozesu honetan daben jarrera eredugarria izaten ari da".

  39. 12

    Joko antolatzaile gernikarra lehen denporaldia beteten dabil Lointek Gernika Bizkaian, kanpotik zazpi urtetan ibili ostean

    Ane Olaeta Larraurik hamazortzi urtegaz urten eban bere etxetik, bere herritik, Kaliforniara joateko, bertan ikasketak egin eta saskibaloian jokatzera. Ameriketako Estatu Batuetan bost urte egin ondoren, Espainiako ligako talde batera jauzi egin eban, Lugoko taldera hain zuzen be. Urte bi bete ebazan bertan. Azkenik, uda partean Lointek Gernika Bizkaiaren deia jaso eban eta herriko taldera iltzultzea erabagi eban. Beragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Etxetik kanpo egindako zazpi urteetan asko ikasi dauela autortu arren, Olaetak garbi dauka etxean inon baino hobeto dagoala. Gustura dabil bere taldekideekaz. “Koadrila baten modukoa gara” dino. Hondino ez jako paseu Perfumerias Avenidaren aurkako partidua luzapenean galdu izanak itxitako zapore garratza, baina baikor dago etorkizunari begira. Kopearen azken fasea jokatuko dabe martxoan Zaragozan eta ligan lehen zortziren artean sailkatu eta play-offak jokatzea da helburu nagusia. Lehen urratsa eguen honetan emon behar dabe Celtaren aurkako partiduan.

  40. 11

    Oihane Irazu, Gontzal Galan, Beñat Igarza eta Ramon Basalduaren arteko tertulia

    Jon Uriarte, Athleticeko presidentea, eta Mikel Gonzalez, futbol zuzendari nagusia, agertu dira San Mamesen eguazten honetan. Taldeak orain arte Liga txapelketan, Europa Ligan eta Kopan egindako lanaren ganeko balorazinoa egin dabe. Esan beharrik ez dago, Athleticeko arduradunak pozik dagozala Valverderen taldeak orain arte egindako lanagaz. Presidenteak berretsi egin dau helburu nagusia Europarako sailkatzea dala eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzen dira, hobeto. Emakumezkoaren taldeari jagokonez, Uriartek aitortu egin dau Kopan gertatutakoa -Cacereñok kanporatu eban Athletic- kolpe gogorra izan dala eta porrot horretatik ikasi egin behar dala ganeratuz. Ligan, ostera, taldea bosgarren postuan dago eta hirugarren postua eskuratzea da David Aznarren taldearen helburu nagusia. Azkenik, Maroan Sannadi, Athleticek egin dauen azken fitxaketea aurkeztu dabe. Gai honeek guztiak aztertu doguz eguenetako futbol tertulian Bizkaia Irratian.

  41. 10

    Lehen itzuliko azken norgehiagoka San Mamesen jokatuko dau emakumezkoen Athleticek

    Emakumezkoen Athleticek Bartzelona liderra jasoko dau zapatu honetan San Mamesen, arratsaldeko 16:15etan. Partidu handiaren atarian, Maddi Torre Athleticeko atzelariagaz egin dogu berba Jokoan irratsaioan. Torre oso jokalari garrantzitsua da David Aznar entrenatzailearen sisteman, denporaldiko partidu guztietan parte hartu daualako titular lez. Bartzelonaren aurkako norgehiagokari begira, Torrek argi dauka partidu gatx baten aurrean dagozala. Izan be, Bartzelonak ligan jokatutako 15 partiduak irabazi ditu, 69 gol sartuta eta soilik zazpi jasota. Edozelan be, Athleticek bere aukeretan sinisten dau eta jokalariek giro ederra espero dabe San Mameseko harmailetan. Athletic bolada oso onean dago ligan. Erreginaren Kopatik kanporatuak izan arren, lehoiek ligan jokatutako azken lau partiduak irabazi dabez. Ondorioz, sailkapeneko laugarren postuan dago taldea eta Txapeldunen Ligako postuak puntu bira ditu. Ganera, momentu honetan hirugarren postuan dagoan Atletico Madrilek partidu bat gehiago jokatu dau.

  42. 9

    Atzelari berrituarrak hamazazpi urte baino ez daukaz eta debut ezin hobea euki dau profesional mailan

    Ortzi Aldazabal Argoitiak Berriatuan jokatutako Masters Series torneoa irabazi barri dau Aritz Erkiagagaz batera, Barandika eta Zabala menderatuta finalean. Hamazazpi urte baino ez daukaz eta herritarren aurrean lortu dau bere lehen txapela profesional mailan. Esperientzia ahaztuezina dala esan deusku Argoitiak Bizkaia Irratiko Jokoan tartean egindako alkarrizketan. Pelotari langilea da. Sartu eta bota egiten dau aurkariak huts egin arte. Igazko abenduaren 23an Gernikako Jai Alai pelotalekuan egoan Alex Goitia-Del Rio eta Barandika-Lopez bikoteen arteko Winter Series torneoko lehen faseko partidua ikusten, Del Rio lesionatu zanean. Atzelari arabarrak ez izan eban amaitu partidua. Ia berotzeko asti barik, hamazazpi urteko zestalari berriatuarrak haren lekua hartu behar izan eban Barandika eta Lopezen aurkako partiduan. Ezin izan eben garaipena eskuratu baina Argoitiak maila txukuna emon eban. Handik gitxira, Berriatuako master series torneoan parte hartzeko aukerea emon eutsan Eraman jai alai enpresak, Aritz Erkiagagaz bikotea osatuta. Olharan eta Lekue kanporatu ebezan finalaurrekoan eta Barandika eta Zabala menderatu ebezan finalean. Erkiagagaz jokatzea gauza handia dala esan arren, erantzunkizun handia be badakarrela esan deusku Argoitiak.

  43. 8

    Urriko azken astelehenean jokatuko dira lehen partidu biak eta zezeilaren 16an final handia eguerdiko 12:00etan

    Winter Series zesta txapelketaren laugarren edizinoa aurkeztu dabe gaur Gernikako Jai Alai pelotalekuan. Zortzi bikote izango dira aurrez aurre multzo bitan banatuta. Pilotariei jagokenez, lau barritasun dagoz. Lehenengoa, Eñaut Urreisti aurrelari gaztea. 20 urteko gipuzkoarrak Eusko Label Winter Seriesean debutatuko dau, Ligak uda honetan emondako aukerea apropetxatu ondoren. Beste pilotari gazte bat be bueltan da: Thomas Urrutia behe-nafarra (Donibane-Garazi, 23 urte). Ganerako barritasunak, Xabier Barandika eta Jon Zabala dira. Igaz lesionatuta egon ziran eta ez eben txapelketan parte hartzerik izan. Kontuan hartu beharreko beste datu bat pilotarien batez besteko adina da.  Aurtengo txapelketan gaztetasuna da nagusi. Hamar pelotarik hogeta hamar urte baino gitxiago daukie eta horreetatik sei, 25 urtez azpikoak dira: Urreisti (20), Johan (22), Gorka (23), Urrutia (23), Goitia (23) eta Manci (24). Beteranoenak Lopez (40) eta Erkiaga (37) dira eta tartean dagoz, Basque (28), Ibarluzea (28), Del Rio (28), Lekerika (29), Laduche (30), Barandika (34), Olharan (35) eta Zabala (35). Eusko Label Winter Serieseko 4. edizinoa orain arteko luzeena izango da. Igazkoarekin alderatuta, 16 partidutik 19ra pasatzen da. Hori bai, 17 jardunalditan banatuko dira, egun bitan, urriaren 28an eta abenduaren 30ean, txapelketako partidu bi jokatuko diralako. Izan be, finalerdietarako sailkatutako lau bikoteek ligatxo bat jokatuko dabe, danak danen aurka eta bi bikote onenak final handira pasako dira. Epaile propioa bideo-arbitraian Txapelketak bideo-arbitraia izaten jarraituko du baina aldaketa nabarmen batekin: aurrerantzean epaile propio bat izango da jokaldiak pantailan errepasauko dituena. Kantxako epaileek ez dabez euren erabakiak zuzendu edo mantenduko.

  44. 7

    Mikel Jauregizar Alboniga, Athleticeko erdilariak Ernesto Valverde entrenatzailearen konfiantzea lortu dau

    Mikel Jauregizar Albonigak jauzi ikaragarria emon dau azken hilabeteetan. Aurreko urteko udan, erdilari bermeotarrak ez ekian Basconian ala Bilbao Athleticen ekingo eutson denporaldiari. Handik hilabete gitxira, Ernesto Valverde, lehen taldeko entrenatzailearen deia jaso eban eta lehen minutuak jokatu ebazan Cayonen aurka abenduan, kopa txapelketako partiduan. Beste bederatzi partidutan zelairatu eban entrenatzaileak 23-24 denporaldian. Aurten beste urrats bat emon dau Mikel Jauregizarrek. Valverdek bost bider sartu dau hasierako hamaikakoan eta beste hiru partidutan be zelairatu dau. Ganera, erantzun ederra emon deutso entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzeari. Mikel Jauregizarregaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Hogei urte bakarrik euki arren, oso mutil heldua da. Berak aitortu deusku ez ebala itxaroten hainbeste minutu jokatzea, bere aurretik goi mailako jokalariak dituelako zelai erdirako. Garbi dauka hankak lurrean mantendu behar dituela. Bizimodua ez jakola lar aldatu esan deusku. Egunero Lezaman entrenamenduak euki arren, unibersidadera joaten da eta astia dauka bere lagunekaz egoteko. Betiko kotxea dauka, bere aitaren lagun bateri erositakoa. Baikor dago etorkizunera begira eta garbi dinosku Athleticek denporaldi ona egingo dauela.  

  45. 6

    Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeak partidu bakarra galdu dau denporaldi aurrean eta nagusi izan da Euskal Kopan

    Lointek Gernika Bizkaiak zapatuan ekingo deutso 2024-25 denporaldiko liga txapelketeari. Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldeak Lugoko Ensino taldearen aurka jokatuko dau arratsaldeko 18.30etatik aurrera. Ilusino handia sortu dau Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeak, denporaldi aurrean jokatutako partiduetan erakutsitako mailea bikaina izan dalako. Tartean, Euskal Kopea irabazi dau, Araski eta Idk Gipuzkoa menperatuta. Aurreko denporaldiko hiru jokalari bakarrik dagoz aurtengo taldean: Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño eta Maya Dodsonek. Beste guztiak barriak dira. Ane Olaeta itzuli egin da bere jaioterriko taldera kanpotik zazpi urteko ibilaldi oparoari amaierea emonda. Nahia Zubiaga, hamazortzi urteko hegaleko gernikarra be taldera itzuli da Bartzelona aldean lau urtez jokatzen ibili ostean. Talde oso gaztea da aurtengoa eta gaztetasun hori igarri egiten da kantxan. Izan be, talde bizia eta grinatsua da Lucas Fernandezena, edozein aurkariri aurre egiteko gauza dana. Ondo hastea garrantzitsua da beti eta denporaldiko lehen garaipena eskuratu gura dabe zapatuan Ensino Lugoren aurka, marea granatearen laguntzeagaz.

  46. 5

    Gernikako txirrindulariak indartsu ekingo deutse denporaldi amaierako lasterketei udan izandako osasun arazoak gainditu ostean

    Pello Bilbaok errepideko munduko txapelketan parte hartuko dau datorren irailaren 29an Zurichen, Suitzan. Bahrein taldeko txirrindulari gernikarra inoiz baino indartsuago iritsi da denporaldi amaierara eta dominaren bat eskuratzen ahaleginduko da. 2024koa ez da denporaldi gozoa izan Pello Bilbaorentzat osasun arazoak dirala-eta. Frantziako Tourra buru belarri prestatu ondoren, ezin izan eban bere mailarik onena emon, gaixotasun batek lasterketea ixtera behartu eban eban-eta. Txirrindulari gernikarragaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean eta esan deusku kolpe gogorra izan zala Frantziako Tourrean gertatutakoa. Osasun arazoak atzean itxi eta indartsu ekingo deutso denporaldi amaiereari. Munduko txapelketan eta Lonbardiako Giroan lan ona egin leikela uste dau. Tadej Pogacar esloveniarra izango da faborito nagusia garaipena eskuratzeko aitaturiko lasterketa bietan. Hirschi suitzarraren izena be nabarmendu dau Pello Bilbao.

  47. 4

    Santi Zumaran, Isuntza Arraun Elkartea azken berrogeta zazpi urteetan zuzendu dauen gizonaren lekua hartu dau Badiolak

      Isuntza arraun elkartearen batzar orokorrean abiatu zan lau urteroko zuzendaritza batzorderako ohiko hauteskunde prozesua. Bertan, orain arteko zuzendaritza taldeak jarraitzeko asmoa adierazi eban, azken urteetako lanari jarraipena emoteko. Prozesuaren epeak bete ondoren, eta zerrenda bakarra aurkeztu zanez, orain arteko zuzendaritzak aurkeztutakoa, abuztu amaieran hurrengo lau urteetarako zuzendaritza batzordea izendatuta geratu zan. Lan talde barria, oinarrian, bardina izango da, aldaketa batzukaz. Alde batetik, orain arteko presidentea, Santi Zumaran ohorezko presidente izatera pasau da, eta haren lekua Iñaki Badiolak beteko dau. Horregaz batera, zuzendaritza batzordea kide barri batzukaz indartuko da, “hurrengo lau urteetarako erronkei ahalik eta hobekien erantzuteko”. Iñaki Badiola presidente barriagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Harrobiko arrauna sustatzen jarraitzeko asmoa agertu deusku, gazte mailetako arraunlari kopurua ahalik eta altuen mantenduz, azken urteetako lanari jarraipena emonda. Nesken arrauna be indartu gura dabe eta Badiolaren arabera, ahalegin guztiak egingo ditue trainerua atarateko hurrengo denporaldian “gazte-mailetako arraunlari kopuru altuak jarraipen-aukera sendoa izateko senior mailan bere. Senior mutilen trainerua ahalik eta lehiakorren mantendu gura dabe, “etxean sortutako arraunlarien hurrengo belaunaldiei bidea emonez”. Isuntzak 50. urteurrena beteko dau 2027an eta, horren prestaketa lanei be ekingo deutsoe hurrengo urteetan.  

  48. 3

    Beasainen jokatuko dau talde bilbotarrak astegoien honetan

    Deustuk denporaldi barriari ekin eutson aurreko astegoienenan Etxezurin. Talde bilbotarrak bana bardindu eban Pasaiaren kontra aurtengo Hirugarren Federazinoko lehen partiduan. Garaipen bategaz hasi ez arren, denporaldi arrakastatsua burutu gura dau talde bilbotarrak. Horretarako, gazteak eta beteranoak uztartzen dituan taldea eratu dabe. Aritza Escandon entrenatzailea, urte bat pasa eta gero, Deustuko aulkian jesarri egingo da barriro. Hain zuzen be, beragaz berba egin dogu Jokoan irratsaioan. Aurreko denporaldi bietan igoteko playoffa jokatu arren, Escandonek dino "partiduz partidu" joan gura dabela, baliabide gehiago daukiezan taldeak dagozalako euren ligan. Mendekurako aukerea Beasainen Beasainek kanporatu eban Deustu aurreko denporaldiko playoffean. Etxezurin 1-0 irabazi eta gero, talde bilbotarrak 2-0 galdu eban Gipuzkoan. Astegoien honetan Beasainen zelaian izango da Deustu. Beraz, mendekurako aukera ederra daukie Aritza Escandonek zuzendutako jokalariek.

  49. 2

    Santurtzik Eusko Label Ligara igoteko play offa jokatuko dau datorren astegoienean Bermeon eta Portugaleten

    Santurtziko traineruak Eusko Label Ligara igoteko play offa jokatuko dau datorren astegoienean. Bermeon izango da lehen estropadea, itsaso zabalean erlojupekoan, eta bigarrena Portugaleteko ur baretan, erlojupekoan baita be. Sotera hirugarren sailkatu da aurten KAE1 ligan Pasai Donibane eta Zumaiaren atzetik. Azken honeek ez eben izena emon play offean parte hartzeko eta ondorioz Santurtzik lortu eban aukera hori. Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Ares eta Chapela izango dira bizkaitarren aurkariak. Estropada bietako puntuak eta denporak batu ondoren, lehen sailkatu biek lortuko dabe datorren denporaldian Eusko Label Ligan lehiatzeko aukerea. Mikel Beaskoa, Santurtziko arraunlariagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean. Urdaibain bost urtetan aritu ostean, arraunean egin barik egon da azken denporaldi bietan. Aurten, baina, baiezko erantzuna emon deutso Alexander Esteban, Santurtziko entrenatzaileak egindako deiari eta Sotera historikoaren tostetan dabil. Berak esan deusku, ilusino handiagaz ekingo deutsiela igoteko play offari. Santurtzi bigarren urtez jarraian lehiatuko da play offean. Igaz, gauzak okertu egin ziran eta mailea galdu eban.

  50. 1

    Iker Zabala: "Normaltzat hartzen da dana irabaztea baina ez da normala"

    Urdaibaik sekulako erakustaldia emon dau Kontxako bandera eskuratzeko lehian. 38 minutu eta 10 segunduko denborea eginda irabazi dau, hirugarrena jarraian. Bigarren Zierbena izan da 26 segundura, Donostiarra hirugarren, 35 segundura, eta Orio laugarren, 41 segundura. Iker Zabala entrenatzaileak aurtengo denboraldiaren balantzea egin dau gure mikrofonoetan Jokoan saioan.

Type above to search every episode's transcript for a word or phrase. Matches are scoped to this podcast.

Searching…

No matches for "" in this podcast's transcripts.

Showing of matches

No topics indexed yet for this podcast.

Loading reviews...

ABOUT THIS SHOW

Kirolari eskeinitako irratsaioa, Athletic nagusi dala. Egunero talde zurigorriaren gorabeheren errepasoa, gizonezko zein emakumezko taldeena. Gainerako kirolak ahaztu barik, sasoian sasoikoa: pelotea, saskibaloia, txirrindularitzea, arrauna…

HOSTED BY

Ramon Basaldua

Produced by Bizkaia Irratia

CATEGORIES

URL copied to clipboard!