Aupa Bizkaia podcast artwork

PODCAST · news

Aupa Bizkaia

Asteburuetako goizak lasai baina informauta eta ondo pasauta hasteko irratsaioa. Albisteak, eguraldia, trafikoa, alkarrizketak…

  1. 50

    Juan del Arcok prostatako minbiziaren ezaugarriak azaldu deuskuz Farmazia tartean

    Bagilaren 14tik 21era Gizonezkoen Osasunaren Nazinoarteko Astea ospatuko da, eta bagilaren 11a Prostatako Minbiziaren Munduko Eguna izan zan. Horri buruz egin dogu berba Juan del Arco farmazialariagaz Farmazia tartean. Prostatako minbizia izan da gaurko gaia, eta Juan del Arcok tumore mota horren intzidentziari, hilkortasunari, kokatutako eta zabaldutako minbiziaren tratamenduei buruz egin deusku berba. Hau da, terapia gidatua, immunoterapia eta erradiofarmakoei buruz. Euskal Autonomia Erkidegoan prostatako minbizia detektetako proiektu pilotu bat dago eta gaurko programan horrelako ekimenetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dogu.

  2. 49

    Ziraun taldeak Aitor Gorosabelen (Su Ta Gar) kolaborazino berezia izan dau 'Biziraun' diskoan

    Ziraun 2022. urtean Gernika-Lumon sortutako musika taldea da. Rock alternatibo lez kokatuko dabe batzuk, ikutu ilunakaz abesti batzuetan. Baina etiketaz aparte, talentu handiko musikariek rock melodikoa egiten dabe ahots bereizgarri eta indartsuagaz, eta euskerazko letra sakonakaz, oreka eta zentzu osoa hartzen dauan soinu bat lortuz, barrutik urteten dan horretakoa. Jaione Auzmendik (abotsa), Asier Moralesek (gitarra), Ibon Bilbaok (gitarra), Mikel Condek (baxua) eta Pello Arriolak (bateria) osotzen dabe taldea. Plazer bat izan Jaione, Asier eta Pellogaz Bizkaia Irratiko estudioan alkartzea. Biziraun disko barriaren inguruan berba egin dogu, eta disko honetan izan daben kolaboratzaile bereziaren ganean be. Floema abestian Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek parte hartu dau, hain zuzen be. Euren esanetan erreza izan da, gure musikan hainbesteko pisua euki arren hain apala dan pertsona bategaz lan egitea. Urte honeetan taldeak izan dauzan erronka, arrakasta eta, beste barik, bizipenen ganean be berba egin dogu. Baina egia esateko, alkarrizketa honetan pertsonak ezagutu doguz. Talentu handia, ideak argi, askatasunez aritzeko gogo asko eta bidea jarraitzeko bildurrik ez daukien gazte honeekaz musikari buruz, edo hobeto esanda, bizitzari buruz berba egin dogu.

  3. 48

    Denporaldiko azken Zientzia tartea izan dogu Maitena Urberuagagaz

    Aupa Bizkaia programan EHUko irakasle eta ikerlari desbardinek parte hartu dabe Zientzia tartean. Denporaldi honetan, domekaro izan dogu aukera, arlo desbardinetan adituak diran zientzialariak entzuteko. Gaur denporaldiko azken Zientzia tartea izan dogu eta Maitena Urberuaga odontologoa eta EHUko irakaslea izan da geugaz, biofilmaren ganean jakin behar doguna kontetako. Aho-barrunbean 700 bakterio espezie dagoz, gitxi gorabehera, eta ahoko mikrobioma osotzen dabe. Mikrobiomak ekosistema bakarra eta askotariko mikrobio-organismoak daukaz, metabolikoki eta fisikoki alkarri eragiten deutsienak. Mikrobio-komunidadearen dinamikaren asaldura funtsezkoa da txantxarraren, gengibitisaren, gaixotasun periodontalaren edo periinplantitisaren etiologian. Gaurko saioan biolfilma kontroletako teknikak aztertu doguz.

  4. 47

    Zine tartea Lekeitioko Zinemazaleak alkarteko David Madarietagaz (26-06-06)

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Todo lo que fuimos filmea ikusteko aukera izango dogu, zapatuan eta domekan 19:30ean eta astelehenean 20:30ean (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). Todo lo que fuimos pelikulea gertaera historikoetan oinarritutako familia-istorioa da. Hanan izeneko gazte palestinarrak, Zisjordaniako protesta baten, bere familia osoaren bizitza astinduko dauan gatazkan murgilduta ikusten dau bere burua. Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.  

  5. 46

    Zine tartea Lekeitioko Zinemazaleak alkarteko David Madarietagaz

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman El Drama eta umeentzako saioan Fleak filmeak ikusteko aukera izango dogu (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.

  6. 45

    Sweet Ragen 'Isiltasuna entzungo da' abestia; musika indartsua, ahots gozoa eta letra gordina

    Gaur egungo egoera kezkagarriei zelan egiten deutsegun aurre, gizarte moduan definiduko gaitu. Idea hori oinarri hartuta, Sweet Rage talde bizkaitarrak single barria sortu eta aurkeztu dau: Isiltasuna entzungo da. Sweet Ragegaz egin dogun alkarrizketa honetan taldea, musikea eta bereziki taldekideak hobeto ezagutu doguz, eta oso ondo pasau dogu ganera. Gure estudioan izan dira Cris Ibarra (abeslaria), Ainge Guerrero (bajujolea) eta Christophe Tytgat (tekladu edo programatzailea). Taldearen hasieratik, metala ahots gozo eta melodikoagaz batu dabe soinu propio bat sortzeko, eta askotan aldarrikapen edo hausnarketarako leku emoten daben letrakaz osotzen dabe. Isiltasuna entzungo da abestiagaz batera, bizkaitarrek bideoklip apokaliptiko bat kaleratu dabe. Taldearen webgunean ikusi leike. Webgunea berezia da, baina ez bakarrik Sweet Rage taldearen abestiak, bideoklipak eta informazino guztia aurkitu geinkelako, modu atsegin eta interaktiboan; baita oso originala dan idea barri bat sartu dabelako be. Arkade bideojokoak sortu dabez eta euren abestiak dira jokoen musikea. Joko bakotxak daroan abestiaren izena dauka, entretenimendu hutsa dan horretan, euren musikea integraduz. Talde indartsua, aktiboa eta gogoz beterikoa da Sweet Rage, eta horrela erakutsi dabe eurekaz izandako alkarrizketan.

  7. 44

    Xabi Aretxabala neurozientzialaria izan da konbidadua Zientzia tartean

    Zientzia tarteko konbidadua Xabi Aretxabala neurozientzialaria eta EHUko irakaslea izan da. Gaurko saioan maiatzan azaleratu dan artikulu baten ganean berba egin dogu. Aurrekoan bezela, barrikuntza handia suposau leuken ikerketa bat aurkezten dau artikuluak.  Good vibrations: Sternal vibration enhances white matter density and interoceptive awareness deitzen da artikulua, eta aztertzen dau ea bularrezurrean aplikatutako bibrazino leunak, mindfulness meditazinoagaz batera erabilita, trauma eta disoziazino sintomak dabezan pertsonengan garuneko aldaketa neuroplastikoak eta hobekuntza psikologikoak sortzen dauzan. Xabi Aretxabalak azaldu deusku, trauma bat euki dauan pertsona bati, meditazino ariketak egiten dauzan bitartean, bularrezurrean bibrazino leun eta konkretuak apliketean, hobekuntzak igarri dabezala. Kontua da hobekuntza horreek ez dirala bakarrik psikologokoak. Aldaketa neurologikoak be sumatu dabezala oso interesgarria da.

  8. 43

    Zapatuetako Zine tartea Lekeitioko Zinemazaleak alkarteko David Madarietagaz

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Jugada maestra filmea ikusteko aukera izango dogu, zapatuan eta domekan 19:30ean eta astelehenean 20:30ean (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.

  9. 42

    Estitxu Txurruka itsas-biologoak kaxaloteen bitxikeriak kontau deuskuz Zientzia tartean

    Zientzia tartean Estitxu Txurruka itsas-bioplogo eta EHUko irakasleak, aurrekoan lez, gai interesgarri eta kuriosoa ekarri deusku. Aurreko saioan jakin gendun aingiraren atzean biologiako istorio harrigarrienetako bat ezkutatzen dala. Oraingoan kaxalote edo zeroiaren inguruan pentsetan zan gehiegikeri bat, behar bada, ez zala hain gehiegikeria azaldu deusku Estitxuk. Kaxalotea zetazeo bat da, hau da, aireko oxigenoa arnasten dauen ugaztuna. Jakin behar dogu, zetazeoen barruan, mota bi dagozala: bizardunak eta hagindunak. Kaxalotea, hagindun zetazeoa da, haginak daukazan planetako predatzaile handiena, hain zuzen be. Zeroi heldu batek 20 metroko luzerea eta 57.000 kiloko pisua izan leike. Baina zeroiaren anatomiaren ezaugarri nabarmenena, animaliaren pisuaren herena eta luzerearen laurena neurtu ahal dauan burua da. Historian zehar itsas animalien ganeko kondaira asko kontau dira. Istorio guztien ganetik bat azpimarratu geinke. 1851an Herman Melvillek Moby Dick liburu famadua idazteko oinarri hartu eban benetako gertakaria. 1820ko zemendiaren 20an Ozeano Pazifikoaren erdian kaxalote batek Essex izeneko baleontzi estadubatuar bat hainbat bider jo eban eta horren ondorioz urperatu zan itsasontzia. Beti pentsau izan da gehiegikeri bat zala, baina 200 urte beranduago izan leike hain gehiegikeria ez izatea. Orain dala gitxi, dronei esker, zientzialariek lehen aldiz ikusi ahal izan dabe kaxaloteek burua erabiliz alkar joten dabela, literalki. Itsasganean lerrokatu egiten dira eta batak bestea joten dau. Zientzialariek uste dabe jokabide errepikakorra dala eta ez istripu bat. Mendeetan zehar, marinelek behin baino gehiagotan kontau dabe kaxaloteek itsasontzien kontra apropos talka egiten dabela. Itsasontzien zarata eta neurriagaitik gatxa zan egia jakitea eta orain, dronei esker, egia jakin ahal izango dogu, eta Moby Dick liburuak kontetan ebana, behar bada, baieztau.

  10. 41

    Hantabirusa, orokorrean, basa-karraskariek transmitiduten daben birus talde bat da

    Hantabirusak, batez be, karraskarien bidez hedatzen dira. Gaixotasun larriak eta heriotza eragin leikiezan birusen familia bat da. Birus horreek hainbat gaixotasun eragiten dabez, hantabirusak eragindako birika-sindromea eta guntzurrun-sindromea dauen kalentura hemorragikoa, adibidez. Baina jakin behar dogu, pertsonen artean kutsatzeko probabilidadea oso txikia dala eta kasu sintomatiko bategaz kontaktu oso estua eta zuzena daben kasuetan bakarrik gertatzen dala. Azken egunetan bonbardaketa bat bizi izan dogu Hantabirusaren inguruko informazinoagaz eta horren inguruan gauzak argiago eukiteko, Koldo Callado, geure mediku kolaboratzaile, kirurgian doktore eta EHUko irakasleak jakin beharreko guztia kontau deusku Aupa Bizkaia irratsaioan.

  11. 40

    Netflixen 5 telesail eta Amazon-en 3

    David Madarietak azaldu deuskunez, astegoien honetan be umeentzako eta helduentzeko eskaintzea izango dabe Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Umeentzako "Gangster txikia" pelikulea, euskeraz, arratsaldeko 17.00etan. Helduentzako eskaintzeari dagokionez, "Recreación de un asesinato" emongo dabe, gaur eta bihar 19.30etan eta astelehenean 20.30etan. Plataformetako estreinaldiak Netflixen 5 telesail estreinau ditue asteon: "Gallitos", "Némesis", "Berlin y la dama de Armiño", "Los superfrikis" eta "Devil may cray". Amazon-en 3 telesail barri: "Buenos presagios", "Kiss me" eta "No es así".

  12. 39

    Arantzazu Luzarraga arkitektoa izan da gaur Zientzia tartean

    Zientzia tartean Arantzazu Luzarraga arkitekto eta EHUko irakasleak  gai interesgarri eta oso kurioso bat ekarri deusku. Denise Scott Brown arkitekto, urigile eta teorialaria ezagutu dogu Aupa Bizkaia programan. Denise Lakofski izenagaz jaio zan 1931n, Zambian. Johannesburgen ikasketak egin ostean, Londresera joan zan eta han Robert Scott Brown bere lehenengo senarra ezagutu eban, bere abizena hartuz. Robert Scott Brown 1959an hil egin zan auto istripu baten eta Denise Scott Brownek gaur arte mantendu dau bere abizena. AEBetan jarraitu eban bere ibilbide profesionala, eta Robert Venturi arkitektoa ezagutu, eta ezkontzeaz gan alkarregaz, arkitekturaren eta urigintzaren ikuspegi barriak landu ebezan. Bere ekarpena askotan Robert Venturi senar eta bazkidearen itzalpean geratu izan da, eta horren adibide argia 1991. urtean izan zan. Robert Venturi bere senar eta bazkideari emon eutsien Pritzker saria, alkarregaz egindako lanagaitik. Protesta gisa, Denisek uko egin eutson saria emoteko ekitaldira laguntzeari, bere iritziz saria partekatua izan behar zalako. 2013an, Harvardeko ikasle talde batek eskaera bat egin eban Pritzker saria atzeraeraginezko moduan Denise Scott Browneri emoteko. Eskaera hori Robert Venturik berak sinatu eban, besteak beste, nahiz eta 1991n bere onarpen-hitzaldian partekatzea eskatu ez arren, baina hitzaldi horretan bai esan eban Denisek lanaren % 50 baino gehiago egin ebala. Arantzazu Luzarragak azpimarratu dau Bilboko Arte Ederren Museoan, abuztura arte, ikusgai dagoan Denise Scott Brown. Uria. Kalea. Etxea erakusketak bere lana eta ondarea aldarrikatzen dauala.

  13. 38

    Zeanuriko Erroten XIX. Ibilaldia izan da gaurkoa

    Aurten hemeretzigarren edizinoa bete dau Zeanuriko Erroten Ibilaldiak, eta antolatzaileek adierazi dabenez helburuak hasierakoak dira. Herritarrei eta kanpotik doazanei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzen emotea, eta Zeanuriko historian errotek izan daben garrantzia azpimarratzea. Ibilbide bi antolatu dabez: bat 14 kilometrokoa eta beste bat, errezagoa, 7 kilometrokoa. Bisitariek hiru errota barrutik ezagutzeko aukera izan dabe: Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri, hain zuzen be. Aupa Bizkaia programan Jon Urrutxurtugaz berba egin dogu.

  14. 37

    Mikel Telleriagaz bere ibilbidearen ganeko solasaldia egin dogu

    Mikel Telleriak Oroit Lou Reed diskoa argitaratu eban pasa dan urtean, bere ibilbidean laugarrena. Artea, musikea eta orokorrean kulturaren alde guztiak kontuan hartuta, Oteiza, Zumeta eta Lou Reed newyorktarra bere musikaren eta bere bizitzaren zati bat dirala esan geinke, baina hori berak hobeto azaldu deusku. Gaurko alkarrizketa abesti desbardinetan oinarritzea erabagi dogu bidaia baten modura. Abesti bakotxa ibilbidearen geltoki bat izan da. Lehenengo geltokia, Ameriketan abestia izan da. 1999an kaleratu eban, baina gaur egun pil-pilean dagoan estadu batuetako zoroaren idea irakurri leike. Enkantea kantan desinformazinoaren eta egia/guzurraren arteko borrokearen inguruan berba egiten dau Mikel Telleriak. Gaur egun eragingarriak bezain kezkagarriak diran sare sozialen inguruan berba egin dogu geltoki honetan, sare sozialek gizartean izan daben eragina eta eboluzinoa, besteak beste. Hala ere abestia geure bidaiaren azken geralekua izan da. Geltoki honetan, Hala ere entzutean burura etorten jakun … -ri buruz berba egin dogu. Gaurko ibilbidea hor amaitzen da, baina beste bidaia bat hasten da azkeneko helmugara heltzen garenean, eta Mikel Telleriak eta beragaz batera joten daben musikariek maiatzaren 8an (19:00) euren bidaiaren atal barri polit bat idatziko dabe Bilboko Bertendona Institutuan.

  15. 36

    Juan del Arcok asmaren ezaugarri guztiak azaldu deuskuz

    Zapatuetan egiten dogun Farmazia tartean, Juan del Arco farmazialari eta gure kolaboratzaileak gai interesgarri bat ekarten deusku. Asmaren Munduko Eguna, urtero, maiatzaren lehenengo martitzenean ospatzen da, 1999az geroztik. Aurten maiatzaren 5ean izango da, eta Bizkaia Irratiko Farmazia tartean Juan del Arcok asmaren ganean berba egin deusku. Birikietako arazo bat dala ezaguna da, baina Juanek ondo azaldu deusku asma zer dan. Asma mota desbardinak sailkatu dauz eta arnasa hartzeko arazoaz gan, zeintzuk diran sintomak be jakin doguz. Betiko lez, zelan tratetan dan asma mota bakotxa kontau deusku eta amaitzeko, prebentzinoaren garrantzia nabarmendu dau Juan del Arcok.

  16. 35

    Somak taldeak lan barria aurkeztu eta momentuz emongo dauzan 4 kontzertu iragarri dauz

    Haizea Larrosak (ahotsa, gitarra eta tekladua), Eneko Alabak (bateria eta koruak), Eneko Diezek (bajua eta koruak) eta Unai Ibañezek (gitarra, tekladua eta koruak) osotzen dabe Somak musika talde bizkaitarra. Apirilaren 23an argitaratu eben disko barria, Lekuko bakarrak, plataforma digital nagusietan eta baita formatu fisikoan be. Haizea, Eneko A. eta Eneko D. Bizkaia Irratiko estudioan izan dira diskoaren ganean, euren ibilbidearen ganean eta orokorrean musikaren ganean berba egiteko. Aurreko albuma (Iluna argitu, 2025) lez, Jurgi Taboada izan da ekoizlea eta Zumaiako Ozen Estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu dabe. Aurreko lanean igertzen zan moduan, indar handiagaz entzungo dogu taldea, baina lan barri honetan abesti gitarrero eta landuagoak entzungo doguz, estilo, erritmo eta soinu testura desbardinak buztartuz. Aurten, momentuz eskainiko dabezan kontzertuak be iragarri dabez: - Garagarrilak 18 – Kale Gorrian Fest, Arrigorriaga - Garagarrilak 18 – La Perrera eraikina, Bilbo - Abuztuak 1 – Errota Taberna, Erronkari - Abuztuak 23 – Bilboko Aste Nagusia (Txosnagunean izango da, baina hondino ez dabe zehaztu non)  

  17. 34

    Eneritz Jimenez psikologoa izan da gure Zientzia tartean

    ­Gaurko Zientzia tartean belaunaldien arteko esperientzien ganean berba egin dogu Eneritz Jimenez EHUko Hezkuntza Fakultadeko psikologiako irakaslea eta gure kolaboratzaileagaz. Modu formalean antolatzen diran belaunaldi desbardin bien arteko topaketak dira. Hortxe, edade tarte handia daben pertsonen artean hartu-emonak izaten dira harremanak eraikitzeko eta ezagutzak eta ekintza esanguratsuak partekatzeko. Programa horreen beharra identifikau zan gazteen eta adineko pertsonen artean zeozelango urruntzea edo haustura antzeman zanean gizartean, eta lehenengo esperientziak orain dala 6 hamarkada hasi ziran lurralde batzuetan. Gaur egun indarra hartu dabe ikuspegi komunitario batetik eta hainbat testuingurutan bultzatzen dira. Horrela, ume edo gazte belaunaldiak adineko belaunaldiekaz harremanetan jartzen dira. Eneritz Jimenezek harreman horren gakoak azaldu deuskuz. Testuinguru fisikoari erreparatuz, inguruneko espazio asko pertsonen edadearen arabera antolatzeko joera dago, eskola, aisialdi guneak, eta horrek mugatu egiten dau belaunandi ezbardinen arteko topaketa. Alor psikologikoari jagokonez, gizakiok joera dogu gure antzekoak diran pertsonekaz erlazionatzeko, antzeko ezaugarriak edota bizipenak partekatzen doguzanok errez identifiketan gara. Horrela sortzen dogu talde identitate bat eta alkarren arteko sentimendu adiskidetsuak. Belaunaldien arteko harreman hori zelan sustatu eta indartu geinkeen be kontau deusku EHUko psikologia irakasleak. Alkarlana sustatzea, lotura afektiboak eraikiteko behar dan jarraitasuna, edota arau sozial eta komunikazino mota desbardinak dabenen artean, harreman horreek gidatzea edo aurretik informazino horren barri emotea errespetuzko jarrerak bermatzeko. Laburbilduz, esan geinke, belaunandien artean emoten diran harreman naturalak ez dirala nahikoak gizarte kohesionatua eraikitzeko, bizikidetza lortzeko. Espazio berbera partekatzeak ez dau bermatzen belaunaldien arteko benetako topaketa, horregaitik harreman esanguratsuak sortzeko alkartrukea errazten daben testuinguruak sortu behar dira. Eta amaitzeko, belaunaldien arteko harremanen bitartez ongizate pertsonala eta soziala areagotzen da. Esan geinke, banakoei eta komunidadeari elikatzeko esperientziak dirala.

  18. 33

    Hotza ikutzen dogunean aktibatzen da TRPM8 nerbio-zeluletako proteina

    Zientzia tartean Xabier Aretxabala Neurozientzia saileko irakasleak ekarri deusku gaurko gaia. TRPM8 izeneko proteina izan da gaur protagonista. Zientzialariek badakie eskuagaz zeozer hotz ikutzen dogunean, nerbio-zeluletan proteina bat aktibatzen dala, TRPM8 izenekoa, ate molekular moduko bat zabaltzen dauena seinale hotz hori garunera bialtzeko. Horrela jarduten dauela suposatzen da, baina proteina hori ez zan ekintzan ikustea lortu, ezta bere portaera xehetasun guztiekaz ezagutzea be. El País egunkariak martian argitaratu eban Kaliforniako Unibertsidadeko ikertzaile talde batek, David Julies Medikuntza Nobel sariduna tartean, jarduera betean dagoan hotzaren proteina sentsore horren lehen irudiak harrapatu dauzala maila atomikoan. Xabier Aretxabalak azaldu deusku zein izango da horrek ekarriko dauzan aukera barriak eta zelako pausuak emon beharko dabez.

  19. 32

    Maitena Urberuagak hiru mailetan sailkatu dauz hagin-larrialdiak

    Hagin-larrialdiek dentistarentzako lan-bolumenaren eta pazienteak arreta bilatzearen ehuneko handi bat osotzen dabe. Haginetako larrialdiak arrazoi desbardinengaitik sortzen dira. "Aho-hortzetako mina edo infekzinoa urgentziako kausa garrantzitsua da. Traumatismoen tratamentua da itxaron ezin dozun beste lehentasun bat. Ebakuntza osteko konplikazino jakin batzuk be, odoljarioa esaterako, kezka iturri izan daitekez, eta kontsulta eragin daikie", azaldu deusku Maitena Urberuaga, Odontologoa eta EHUko irakasleak. Zientzia tartean argitu deusku noiz joan behar garen odontologoarengana lehenbailehen, egun berean edo gertau eta egun batzuetara. Arazoari zelako lehentasuna emon behar deutsagun hobeto jakiteko, hurrengo salkapena proposatzen dau Maitena Urberuagak: 1. Berehalako arreta Klinika batera deitu eta hurrengo 60 minutuetan artatu behar diran larrialdiak. Urgentziazko deien % 1 inguru dira. Pazienteak berehala joan behar dau klinikara. Aho urradura edo hortzetako eta albeoloetako lesinoak dabezan traumatismoek daukie lehentasuna, besteak beste. 2. Lehentasunezko arreta 24 orduko epean emon behar jake arreta. Hortz-klinika baten edo larrialdi-zerbitzu baten egiten diran larrialdi-deien % 75 inguru dira. Pazienteak mina ez dauanean kontroletan eta kalte sistemiko bako haginetako eta ehun bigunetako infekzinoak sartzen dira bigarren puntu honetan, besteak beste. 3. Aholkuak eta arreta geroratua Deia egin eta 5-7 egunera hartu leike. Larrialdi-deien % 24 inguru dira. Arazoak txarrera egiten badau, pazienteari barriro dei egiteko esan behar jako. Min arina edo ertaina, eta hagina atara osteko odoljarioa, adibidez. Sailkapenaz gan, mina kontroletako aholkuak, aholku analgesikoak eta hagin-traumatismoaren manejua be azaldu deusku Maitena Urberuagak.

  20. 31

    Global Sumud flotillako euskal delegazinoko kide Nerea Etxeberria Aizpurugaz berba egin dogu

    Gernika-Lumok bonbardaketearen 89.urteurrena gogoratu dau astegoien honetan. Hainbat ekitaldi antolatu dabez eta ekitaldien artean Gernika Sariak be emon dabez. Aurten Global Sumud flotilla humanitarioak eta Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake-akorduak jaso dabez Gernika Sariak. "Oso pozik gagoz baina, batez be, saria ez dalako guretzat, baizik eta Palestinako herriarentzat. Palestinarren erresistentziarentzat, existitzeko daben duintasunarentzat, kanpoan bizi diran milioika palestinarrentzat eta baita be Euskal Herritik Palestinaren alde lan egiten dogun talde guztiontzat da saria", adierazi dau Global Sumud flotillako euskal delegazinoko kide dan Nerea Etxeberria Aizpuruk.

  21. 30

    Farmazia tartean kanabisak sendatzeko daukazan propiedadeak azaldu deuskuz Juan del Arcok

    Zapatuetan Farmazia tartea egiten dogu Aupa Bizkaia programan, eta Juan del Arco farmazialari eta kolaboratzaileak osasunagaz zerikusia daben gai interesgarriak ekarten deuskuz beti. Astelehenean marihuanaren munduko eguna ospatuko da, baina esan beharra dago, ez dala egun ofiziala, eta aisialdiko kontsumoagaz lotuta dagoala, batez be. Juan del Arcok erabilera terapeutikoaren inguruan berba egin deusku, baina aisialdiko kontsumoaren arriskuei buruz be berba egin deusku. Aisialdiko kontsumoa oso ezaguna da, baina gero eta gehiago ikertzen da bere alde terapeutikoa. Gaur egun badakigu kanabisak 100 kanabinoide baino gehiago daukazala eta horreek garuneko erezeptoreei eragiten deutsiela. Erabilera terapeutikoari erabilera industriala be gehitu behar jako. Kalamuagaz soka, zuntza, papera edota plastiko biodegradagarriak fabriketan dira eta bioerregai lez be erabili leike. Amaitzeko, alde positiboak ondo aztertuz gan, iraganeko akatsetatik ikastea garrantzitsua dala azpimarratu dau Juan del Arcok.

  22. 29

    Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Zazpi Itsasoak ('Oceans Seven') erronka egiten dabilz

    Hawaiiko Kai´wi kanala, 42 km-ko zabaleragaz eta 15 orduko iraupenagaz gitxi gorabehera, munduko itsas zeharkaldirik gogorrenetakoa da distantzia luzeko ugerlarientzako. Oque ahu eta Molokai ugarteak banatzen dauz eta Zazpi Itsasoen erronken artean dago, oso ugerlari gitxiren esku. Gure herrialdean bada erronka hori egiten dabilen kirolari bat, eta horrelako erronketan aditua da. Hobeto esateko, bikote bati buruz berba egin beharko geunke mugak astintzen dauzan abentura berezi hau ondo ezagutzeko. Esan dogunez, Kai´wi kanala munduko zeharkaldirik gogorrenetakoa da eta Bizkaia Irratiko lagunak diran Iskander Sagarminagak (ugerlaria) eta Eider Eibarrek (ilustratzailea) gogo guztiekaz egingo deutsie aurre, erronka hau be lortzen dauan lehenengo euskalduna izateko. Zazpi Itsasoetako erronka egiten dabilz. Ddagoeneko hiru itsaso zeharkatu dabez. Talde lana da Iskanderrek eta Eiderrek egiten dabena, pasa dan urtean Hiruko Koroa lortzeko, besteak beste. Alkarregaz antolatzen dabez bidaiak. Iskanderrek gogor egiten dau uger, muga fisiko eta batez be, mentalak gaindituz, eta Eiderrek bere alboan doan itsasontzian laguntzeaz gan, dana kontau eta dokumentetan dau. Prestetan dabezan erronkak atxaki ederra dira itzelezko abenturak jarraitu ahal izateko. Iskanderrek itsaso miresgarri eta arriskutsuetan uger egiten dau, baina hainbat animalia, pertsonaia, egoera eta istorio berezi aurkituko dabez euren bidaia berezietan, bertoko historia ezagutzeko aukeragaz eta Eiderrek hori dana biltzen dau ilustrazino eta dokumentu xarmagarriekaz. Betiko lez Kokoen bila ibiliko dira zeharkaldi osoan eta kokoak.eus webgunean dana jarraitu ahal izango dozue.

  23. 28

    Zientzia tartean nutrizino-gehigarriak aztertu doguz

    Aupa Bizkaia programan Zientzia tartea egiten dogu zientzialarien lana ondo ulertu eta balorean ipinteko. Gaurkoan Medikua eta Kirurgian Doktorea eta EHU-ko irakaslea dan Koldo Calladogaz nutrizino-gehigarriei buruz berba egin dogu. Gaur egun interneten bidez geure bizitza hobetzeko aholku asko aurkitu geinkez. Psikologiaren ganeko gomendioak, geure gorputza "hobetzeko" bestelako ariketa fisikoak eta geure nutrizinoa osotzeko gehigarriak goratzen dabezan influencerrek atentzino asko erakartzen dabe sare sozialetan. Askok euren esperientziatik kontetan dabez metodo edo produktuen onurak, baina bakarrik adituek eta profesionalek dakie ondo zelako eragina euki ahal dauan horrelako praktika batek. Gaur, esan dogunez, Zientzia tartean nutrizino-gehigarriak aztertu doguz. 20.000 kontsumitzaile baino gehiago aztertu dauzan ikerketa barri batek ez dau nutrizino-gehigarrien erabilera justifiketan dauen datu objektiborik aurkitu (Self-reported health without clinically measurable benefits among adult users of multivitamin and multimineral supplements: a cross-sectional study). Erabiltzaileek jakinarazi eben hobeto egozala hartzean, baina aldagai analitiko batek be ez eban hori baieztau. Koldo Calladoren esanetan pertsona osasuntsu batek ez dauz behar inolako gehigarririk. Ez dira beharrezkoak eta arriskutsuak izan ahal dira kasu batzuetan. Bakarrik profesionalek gomendatzen deuskuzanean hartu beharko geunkez, kasu konkretua ezagutu eta odol edo komeni dan analisia aztertu ostean.

  24. 27

    Zapatuetako Zine tartea David Madarietagaz

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Proyecto Salvación eta umeentzako saioan Oilaskoerbi eta marmotaren sekretua filmeak ikusteko aukera izango dogu (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). David Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.

  25. 26

    Zapatuetako Zine tartea David Madarietagaz

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Proyecto Salvación eta umeentzako saioan Oilaskoerbi eta marmotaren sekretua filmeak ikusteko aukera izango dogu (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). David Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.

  26. 25

    Arantzazu Luzarragak Smiljan Radic arkitektoaren oinarriak eta ibilbidea hurreratu deuskuz

    Domekaro egiten dogu geure Zientzia tartea Aupa Bizkaia! programan eta gaurkoan arkitektoa eta EHUko irakaslea dan Arantzazu Luzarragagaz arkitekto berezi baten inguruan berba egin dogu. Arantzazuk Smiljan Radic aurtengo Pritzker saria jaso dauen arkitekto txiletarraren ibilbidea eta berezitasunak kontau deuskuz eta sortu dauzan obrarik ezezagunenak be ekarri deuskuz. Hainbat arrazoiengaitik arkitekto berezia da Radic eta berak esandako esaldi honegaz ondo irudikatu eban: "Gustetan jataz arkitekturaren historiagaz inolako zerikusirik ez daben eraikin hauskorrak; errepide bazterretako frutu postuak, zirku ibiltarien karpak edota jendeak eskura dauzan materialekaz osotzen dauzan aterpeak". Hori da bere arkitekturaren gakoetako bat. Radicek Raul Ruiz zinegile txiletarra aitaten dau askotan, bereziki Txile "tradizino kultural eta kronologia zehatz bako" herrialdea dala dinoen esaldia erabilten dau bere arkitekturaren izaera heterogeneoa zeozelan justifiketako. Smiljan Radicek oso eraikin eta diseinu ezagunak egin dauz bere ibilbidean eta horrei esker lortu dau Pritzker saria, besteak beste, baina gaurko kasuan, Arantzazuk Radicen sorkuntzarik ezezagunei buruz berba egin deusku. Casa del Carbonero, Casa habitación Chiloén, El niño escondido en un pez, Eraikin burges txikia ete beste batzuei buruz egin dogu berba geure tartean eta esan geinke ederto irudikatzen dabela Radicen ibilbidea eta batez be bere sorkuntzaren late motiva. Radicen arkitektura esperimentala, poetikoa eta tokiari lotua da. Eraikinak hauskorrak iruditu arren esperientzia biziak eta sentikorrak sortzen dabez. Bere ikuspegiak material sinpleak eta erreferentzia kulturalak konbinatzen dauz, naturala eta artifiziala, artisautza eta teknika nahasten dabezan lan hibridoak sortzeko. Hori dana eta beste kontu interesgarri asko kontau deuskuz Arantzazu Luzarraga arkitektoak geure Zientzia tartean.

  27. 24

    Andoaingo Garate Estudiosetan grabau dabe, saltsa estilo ezbardineko lau abesti propio eta bertsino bategaz

    Goxua´n Salsa taldeak Durunbele vol. I EP barria Andoaingo Garate Estudiosetan grabau dau. Diskoan saltsa estilo ezbardineko lau abesti propio eta bertsino bat aurkituko doguz. Bigarren partea, Durunbele vol. II, urte amaieran kaleratuko dau taldeak, urte osoko lana borobilduz. Goxua´n Salsa taldea New York, Kolonbia eta Puerto Ricoko 60, 70 eta 80ko hamarkadetan inspirautako salsa klasikoan murgiltzen da. Ahots nagusiak, hiru ahotseko koruak, pianoak, baxu elektrikoak, kongek, tinbalek, bongoak eta kanpaiak, marakek, tronpeta bik eta hiru tronboik osotzen dabe taldea. Nabarmentzekoa da taldean kultura desbardinak nahasten dirala, nafarra, kolonbiarra eta kubatarra, hain zuzen be. Goxua´n Salsa taldea hobeto ezagutzeko Julen Leuza, zuzendari, konpositore eta perkusionisteagaz berba egin dogu Aupa Bizkaia programan.

  28. 23

    Gaur egun 120 erakunde publiko eta pribadu dabilz lankidetzan Agenda 2030-ean

    Euskadik Lokal2030 Hub izendapena jaso dau Nazino Batuen Erakundearen eskutik, eta munduko lurralde bakarrenetarikoa da horretan. Mundu osoan era horretako 8 Hub dagoz danetara. Hub barriak erakunden enpresen, unibertsidadeen eta gizarte zibilaren arteko alkarlana artikuletan dau, eta 2030 Agendaren balioak benetako eragina daben proiektu zehatz bihurtzen  dira. Hub izendapen hori egiteko hemen sustatzen dan lankidetza publiko-pribadua hartu dabe kontuan, demokrazian sakontzeko oso baliokoa dalako. Auzolan eredu hori eredu moduan zabaldu gura dau Nazino Batuen erakundeak eta horretan egiten beharko dabe lan beste Hub batzuekin. Gaur egun 120 erakunde baino gehiago batzen dira Euskadi Lokal2030 Hubean, publikoak, enpresak, unibertsidadeak, ezagutza-zentroak eta gizarte antolakundeak.

  29. 22

    AEK-n oso pozik Korrikak aurton euki dauen harreragaz

    Lurdes Etxezarreta AEK-ko nazino artezkaritzako kideak euskera ikasi eta praktiketako deia egin dau Korrika amaierako ekitaldian. Euskaltegiak zabalik dagozala esan dau, jentea animatuz euskera ikasi eta praktiketara, praktikatu eta ikastera. Gazteei euskerearen lekukori heltzeko eskatu deutse, Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiei. Etxezarretak adierazi dau hizkuntzarik ez daukan herri bat ez dala herri izango. Herri honetan guztientzako lekua dagoala, jatorri, azal-kolore edo euskera ezagutzea edozein izanda be. Komunidade bardinzale eta zabala aldarrikatu eban, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa eta euskalduna.

  30. 21

    Euskal Herriko 7 lurraldeetako zazpikote gazteak idatzi dau aurtengo mezua

    Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteek idatzi dabe aurtengo Korrikako mezua, gorputza osotuz eta euskera izatera gonbidatuz. Hemen daukazue mezu osoa entzuteko aukerea. Egileak: Leire Casamajou Elkegarai (Sohüta, 2002), Elene Mengyu Larrinaga Bilbao (Barakaldo, 2003), Aitzol Gil de San Vicente Pla (Hendaia, 2003), Oier Iñurrieta Garmendia (Gasteiz, 2000), Beñat Jusue Resano (Tutera, 1998), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001), Xabat Altzugarai Etxeberri (Urepele, 2001).

  31. 20

    Kontseiluak euskaltzaletasun aktiboa sustatu gura dau aurrera begira

    Euskerearen kontrako oldarraldi judiziala kezka handiz bizi dabela azaldu deusku Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek. Bere esanetan, gakoa edo arazo nagusia zoru juridikoa da. Euskerearentzako lege babesa aldarrikatu dau. Konponbidea hortik etorriko ei da. Korrikaren azken-aurreko kilometroa egitea egokitu jako Kontseiluari. Erakundeak daukazan asmoen artean, euskaltzaletasun aktiboa sustatzea nabarmendu deusku. Jente askok esaten ei deutse euskaltzaletasuna nahiko modu bakartian bizi dabela, eta horri konponbidea emon gura deutse euskaltzaletasun aktiboa sustatuta. Pizkundea Bilbon egindako Pizkundearen ostean, Iruñean egingo da hurrengoa bagilaren 13an. Euskereak egoera ezbardinak bizi dituala esan deusku, zoru juridiko ezbardinak dagozala eta hori mahai gainean ipini behar dala. Hizkuntza politiketan jauzia behar dala esan deusku, eta horretan pausoak emon behar dirala.

  32. 19

    Zapatuetako Farmazia tartean koloneko minbiziaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz

    Zapatuetan Farmazia tartea egiten dogu Juan del Arco gure kolaboratzaileagaz. Zapaturo osasun gai interesgarri bat ekarten deusku eta oraingoan koloneko minbizia zer dan, zelan diagnostiketan dan eta zelako tratamenduak behar daben minbizi mota hori daukien pazieenteek kontau deusku, besteak beste. Koloneko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna martiaren 31n ospatzen da urtero, gaixotasun horren prebentzinoaren eta detekzino goiztiarraren inguruan sentsibilizatzeko. Munduan eragin handiena dauen tumoreetako bat da. Kolona heste lodiaren zatirik luzeena da, eta zati bat goranzkoa, beste bat zeharkakoa eta, azkenean, beheranzkoa dau, esan geinke osotu bako karratu bat lez. Koloneko minbizia, kasu batzuetan osagai genetiko bat egon arren, gehienak elikadura txarraren eta ariketa fisikoa ez egitearen ondorioz sortzen diran polipoen eraginez agertzen da. Prebentzinoaz gain funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra egitea koloneko minbizia sendatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan horren adibide ona dogu. Koloneko minbizia goiz detektetako Osakidetzako programa 2009. urtetik martxan dago eta 4.500 tumore detektatu dira programa horri esker. Prebentzinoa eta diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko ezinbestekoa da jenteak horrelako programetan parte hartzea eta gaurko programan hori aldarrikatu gura izan dau Juan del Arcok.  

  33. 18

    Estitxu Txurruka itsas biologoa izan da gaur Zientzia tartean

    Gaur gure Zientzia tartean Estitxu Txurruka EHUko Itsas Biologiako irakasleak gai interesgarri eta oso kurioso bat ekarri deusku. Aingirari buruz egin dogu berba Aupa Bizkaia programan. Gure inguruan oso ezaguna dan arren, orain dala oso gitxira arte ezjakintasun handia egoan bere inguruan. Harrigarriena da, itxuraz arrunta dan animali honen atzean, biologiako istorio harrigarrienetako bat ezkutatzen dala. Bi mila urtez gizakiok aingirekaz bizi izan gara, baina benetan nondik heltzen ziran jakin barik. Ez arrantzaleek, ez naturalistek, ezta zientzialariek be ez ebezan inoiz euren arrautzak aurkitzen. Inork ez eban aingirarik ugaltzen ikusten. Zelan ugaltzen zan ur gezetan eta Europako mahaietan hain ugaria zan animalia? Erantzuna Estitxu Txurrukak emon deusku eta harrigarria da. Ainguraren inguruko hainbat kuriosidade be kontau deuskuz.

  34. 17

    Muzak taldeak 'Sorminduta' eta 'Agian Gaur' abestiak kaleratu dauz

    Muzak musika talde gipuzkoarrak Sorminduta eta Agian Gaur abestiak kaleratu dauz, Hala ere... izenagaz kaleratuko daben LParen aurrerapen lez. EP bi eta single baten ostean, talde gipuzkoarraren lehenengo lan luzea izango da disko hau. Vigoko Planta Sonica 2 estudioan grabau dabe Iago Lorenzogaz, eta Hala ere... diskoan Sorminduta eta Agian Gaur abestiekaz batera, beste zortzi abesti aurkituko doguz. Joanes Iñurrietak, Aitor Sagarmendik eta Ruben Irigoyenek osotzen dabe Muzak taldea: ahotsaz gain, gitarra bat, baju bat eta bateria bat, Power Trio "klasikoa" osotuz. Musika tresna bakotxak protagonismo eta sakonera berezia lortzen dabe taldean, eta arrakastaren gakoen artean sormen askatasuna eta talde-kideen arteko konfidantza nabarmendu leikez.

  35. 16

    Farmazia tartean Tuberkulosiaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz

    1882ko martiaren 24an aurkitu zan tuberkulosia sortzen dauan bakterioa. Horregaitik urtero martiaren 24an ospatzen da Tuberkulosiaren Munduko Eguna. Gure zapatuetako Farmazia tartean tuberkulosiaren ganean berba egin dogu Juan del Arcogaz. Tuberkulosia arnas gaixotasun bezala ezagutzen dogu, baina beste atal batzuetan be izan leike tuberkulosia. Ganera, urte askoz ezkutuan mantendu ahal da, pertsonarengan eragina izan barik. Bakterioagaz kontaktuan dagozan pertsona guztiak ez dira kutsatzen. Airez kutsatzen da eta kutsatzeko beharrezkoa da gaixo bategaz kontaktu estua izatea, eta garrantzitsua da jakitea tuberkulosi ez-aktiboa daben pertsonek ezin dabela kutsatu. Juan del Arcok tuberkulosiaren ezaugarriak, sintomak eta diagnostiketako dagozan metodoak azaldu deuskuz. Tratamenduari jagokonez, farmako eraginkorrak dagozala kontau deusku, baina ezin dirala banan-banan erabili, konbinazinoan baizik, eta tratamenduak gitxienez sei hilabete iraun behar dauala.

  36. 15

    Estereotipoen ezaugarriak eta jakin beharreko guztiak azaldu deuskuz Eneritz Jimenezek

    Aurten apur bat beranduago hasiko dogun arren, Aupa Bizkaia programan Zientzia tarteagaz jarraituko dogu. Astero zientziaren adar bakotxeko adituek euren diziplinagaz zerikusia daukan gai bat hurreratuko deuskue. Zientziaren garrantzia eta gure zientzialarien lana balorean ipinteko, domeketan 12:10ean, zientzia izango da protagonista Bizkaia Irratian. Aurtengo lehenengo kolaboratzailea Eneritz Jimenez da, psikologoa eta EHUko irakaslea. Estereotipoak oso hedatuta dagoz gure gizartean eta era naturalean sortutako estereotipo asko daukaguz barneratuta danok. Aurrean daukaguna modu arinean sailkatu eta informazinoa errezten dabe estereotipoek, baina ez da beti onerako izaten. Lehenengo saio honetan estereotipoen ezaugarriak eta jakin beharrekoen inguruan berba egin deusku Eneritzek, zer diran, zelako ondorioak daukiezan eta zer egin geinken estereotipoen eragina murrizteko azaldu deusku, besteak beste.

  37. 14

    Laguntasuna eta musikarenganako gogoa izan dira hamar urteko ibilpidearen oinarriak

    Nogen taldeak hamar urte beteko dauz aurten, eta urteurrena ospatzeko hamar kontzertuko bira berezia abiatu dau. Biraren barruan, martiaren 14an Madrilen aritu dira eta hurrengo hitzordu nagusia Bizkaian izango da: martiaren 19an Bilboko Arriaga antzokian emongo dabe kontzertua. Ane Negueruela taldeko abeslaria izan dogu konbidadu Aupa Bizkaia irratsaioan. Taldea 2016an sortu zan Donostiako Cristina Enea parkean egindako lehen entseguen ondoren, eta ordutik pop eta folk ikutuak dauzan estiloagaz egin dabe bidea. Taldekideek azpimarratu dabe laguntasuna eta musikarenganako gogoa izan dirala hamar urteko ibilpidearen oinarriak.

  38. 13

    Antsiedadea edo insomnioa moduko kasuetan terapia psikologikoak lehenetsi behar dirala gogorarazi dau Juan Del Arcok

    Juan del Arcok azaldu dau nerbio-sistemaren funtzionamendua neuronen arteko komunikazinoan oinarritzen dala, eta komunikazino hori neurotransmisoreen bidez egiten dala, besteak beste, serotonina edo dopamina moduko substantzien bidez. Farmazialariak Aupa Bizkaia irratsaioan azaldu dau osasun mentaleko eta gaixotasun neurologikoetako tratamendu askok neurotransmisore horreen jardueran eragiten dabela. Horren barruan, hainbat farmako talde erabili ohi dira, esaterako, antidepresiboak, ansiolitikoak eta hipnotikoak, gogo-aldartearen egonkortzaileak eta antipsikotikoak. Juan del Arcok nabarmendu dau, halanda be, tratamendu farmakologikoa ez dala beti lehenengo aukera izan behar. Adibidez, antsiedadea edo insomnioa moduko kasuetan terapia psikologikoak lehenetsi behar dirala gogorarazo dau. Azkenik, adituak azpimarratu dau sintoma neurologiko edo mental batzuk goiz antzematea funtsezkoa dala diagnostiko egokia egiteko eta tratamendu eraginkorra garaiz hasteko.

  39. 12

    Kulturaren aldeko apustua da zinemea sostengatzen dauana

    Streaming plataformen gorakadak zinea kontsumiduteko ohiturak aldatu badauz be, zinema areto txikiek bizirik jarraitzen dabe kulturaren aldeko apustuari esker. Lekeitioko Ikusgarri zinemak, adibidez, hamahiru urte daroaz herrian zinema eskaintzen, irabazi asmorik bako alkarte baten bidez. Bertoko kidea dan David Madarietaren arabera, areto txiker baten helburua ez da bakarrik negozioa, baizik eta herrian kultura sustatzea eta zinema gerturatzea. Horregaitik, sarrerak dira diru-iturri nagusia, izan be, aretoak ez dau palomita edo edaririk saltzen. Gainera, zine txikiek zailtasunak izaten dabez filmak eskuratzeko; banatzaile handiek lehentasuna emoten deutse zinema-kate handiei. Halanda be, Lekeitioko Ikusgarri zinemak genero askotako pelikulen programazinoa egiten saiatzen da, ikusle guztiei eskaintza zabala emoteko. Madarietak nabarmendu dauenez, herri-zinemek badabe balio berezi bat: pelikula amaitu ondoren, ikusleek eretxiak partekatzeko eta zinemaren inguruan berba egiteko aukera izaten dabe, komunidade giroa sortuz. Horregaitik guztiagaitik, streamingaren garaian be, zinema areto txikiek kulturaren eta herri-bizitzaren parte izaten jarraitzen dabe.

  40. 11

    Neurozientziaren ikerketaren garrantzia eta osasun mentala zaintzearen beharra gogorarazo doguz Farmazia tartean

    Garunaren asteak neurozientziari buruzko ezagutza zabaltzea eta garunaren zein osasun mentalaren garrantzia gizarteratzea helburu dauka. 1996az geroztik antolatzen da, eta geure Farmazia tartean Juan del Arcok gogorarazo dau milioika pertsonek pairatzen dabela gaixotasun neurologikoren bat, gaur egun desgaitasunaren arrazoi nagusietako bat bihurtu diranak. Garuna giza gorputzeko organurik konplejuena da, eta Juan del Arcok garuna zelan dan eta zelan funtzionetan dauan azaldu deusku. Mugimendua, pentsamendua, hizkuntza edo emozinoak kontroleteaz gain, arnastea edo gorputzaren tenperatura lako prozesu automatikoak be erregulatzen dauz. Bere funtzinonamendua neuronen sare konpleju baten bidez jazotzen da: neuronek informazinoa transmititen dabe bultzada elektrikoen eta neurotransmisore izeneko sustantzia kimikoen bidez, halan zelan serotonina, dopamina edo noradrenalina. Giza garunean 80.000 milioi neurona baino gehiago dagoz, eta horreen artean ehundaka bilioi konexino edo sinapsi sortzen dira. Konexino horreek eten barik aldatzen dira bizitzan zehar, ikaskuntza eta esperientzien arabera indartu edo ahulduz; prozesu horri garunaren plastizidadea deitzen jako. Garunaren asteagaz, beraz, neurozientziaren ikerketaren garrantzia azpimarratu eta osasun mentala zaintzearen beharra gogorarazo gura dabe, gure ondoizate fisiko eta emozinonalerako funtsezko elementua dalako.

  41. 10

    Janus Lesterrek disko barria kaleratuko dau abenduan eta bira bategaz ospatuko dau

    Janus Lesterrek, Jokin Pinatxok gidatutako proiektu musikalak, disko barria eta bere ibilbidean mugarri izango dan biraren lehen datak iragarri dauz. Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi berezi baten, artista beratarra pozik agertu da, hilabete luzez sekretupean gordetako lana, azkenean publikoari aurkezteko aukerea izan daualako. Lehen zuzeneko emonaldia abenduaren 19an eskeiniko dau Bilboko Euskalduna Jauregian birari hasierea emonaz, eta hurrengoa, abenduaren 26an, Donostiako Kursal Auditorioan eskainiko dau. Momentuz diskoa osorik entzuteko aukerarik ez dagoan arren, Euskalduna Jauregira hurreratutakoek, Udazken egun hura abestia zuzenean entzuteko aukerea izan dabe. Janus Lesterrek azaldu dau disko barriak aurreko lanarekiko bilakaera naturala dakarrela, eta entzuleek sentidutea nahi dabela. Musika sortzeko prozesuari jagokonez, inspirazinoa bilatu be egin behar dala aitortu dau, nahiz eta askotan instrumentuaren aurrean lanean ari dala etortzen jakon.  

  42. 9

    Saioa Larreagak buztinari forma emoten deutso, artea bizitzeko modu bihurtuta

    Areatzan kokatutako Buztinola zeramika tailerrak 2023tik buztinaren inguruko sormena sutatzen dau. Bertako arduraduna dan Saioa Larreagaz egon gara, eta nabarmendu dau artea "bizitzeko era" dala berarentzat. Tailerra eta denda buztartzen dauz egitasmoak: klaseetan 15 ikasle inguru dabilz gaur egun, eta pieza erabilgarri zein artistikoak sortu eta saltzen dira. Saioa Larreagak entzuleei gonbidapena luzatu deutse buztina probatzera eta bildur barik gerturatzera.

  43. 8

    Munduan 7.000 gaixotasun arraro dagoz

    Lore-hauts edo polenaren alergiaren gainean egin deusku gaur be berba Juan del Arco botikariak, lehengo astean atal batzuk jorratu barik geratu jakuzan eta. Gaurkoan prebentzino neurriak gogorarazo deuskuz eta tratamentuez be egin deusku berba. Horrez gain, gaurkoa ezohiko gaixotasunen munduko eguna izanda, munduan 7.000 gaixotasun arraro dagozala esan deusku.

  44. 7

    Brasilgo diktadura militar garaiko pelikulea da "El agente secreto"

    Ikusgarri zine aretoan El agente secreto dabe helduentzako astegoien honetan, eta Baba Yaga eta sorginkerien liburua marrazki bizidunak umeentzat. Netflixen 3 telesail eta 3 pelikula estreinau ditue asteon. El flow de Kagoen, Agentes del misterio eta Baki Dou, el samurai invencible telesailak. Eta pelikulak, Todo por un parto, Leo y Lou eta Acusada. Amazonen pelikula bi estreinau dira asteon: Parecido a un asesinato eta El engaño.

  45. 6

    Heuk Esan! buruan eukan egitasmoa dala azaldu dau Urkiagak

    Juantxu Urkiaga musikari bizkaitarrak proiektu barri bat aurkeztu dau, euskal musika tradizionalaren transmisioa eta barrikuntza buztartzea helburu dauana: Heuk esan! deitzen da taldea. Aspalditik eukan buruan egitasmo hau, eta orain pausua emoteko unea heldu dala dino. Urkiagaren esanetan, ezinbestekoa da gure kulturaren alde egitea eta musika tradizionala belaunaldi barriei hurreratzea. Ohartarazi dau askotan entzuten dala garaia pasau dala edo tradizinoa galdu dala, eta norberak bultzatzen ez badau galdu egin leikela. Proiektu barri honen bidez, erroak eta gaur egungo sorkuntza buztartu gura dau, euskal musikea bizirik eta indartsu mantentzeko.

  46. 5

    Zapatuetako Farmazia tartea Juan del Arcogaz

    Gaur polenarekiko alergiaren inguruan berba egin dogu Juan del Arcogaz egiten dogun Farmazia tartean. Alergiak eta intolerantziak ez dira nahastu behar. Alergiak agertzen dira beti gure immunidade-sistemak kaltegarria ez dan substantzia bati erasoten deutsolako. Pertsona batek erreakzino alergikoa izatea eragiten dauan mekanismoa zein dan azaldu deusku Del Arcok. Alergenoak organismoagaz lehen kontaktua izaten dauanetik hantura-erreakzinoa gertatzen dan arte, immunidade-sistemako zelula batzuek, mastozitoek, histamina askatzen dabelako gertatzen da. Alergiaren gaia sakona da, baina gure kolaboratzaileak pausuka eta era errezean azaldu deusku. Ze landare motek daukien eragin gehiago eta ze sasoikoak diran be kontau deusku. Prebentzinoa da garrantzitsuena edozein goixotasunaren aurka eta kasu honetan gatxa dala pentsetan badogu be, badago alergiaren eragina gitxitzen dabezan jokabideak. Tratamenduei jagokonez, oso ezagunak dira antihistaminikoak eta kortikoideak, baina Juanek be kontau deusku alergiaren aurkako txertoak be badirala eta Bizkaian dagoan laborategi batek, oso teknologia aurreratuagaz, txerto horreek lantzen dauzala.

  47. 4

    Diskoa Bandcamp plataforman argitaratu dabe

    Amann and the Wayward Sons taldeak hamar urte beteko dauz aurten, eta urteurrena Air Creation bosgarren estudio diskoagaz ospatuko dau. Lan barriak blues rocka, rock klasiko amerikarra eta hegoaldeko ikutuak batzen dauz, beti be, soinua zainduz eta kontzientziagaz landuz. Diskoa Bandcamp plataforman argitaratu dabe, musikariek euren lanaren ordainsari duinagoa jaso dagien. Streaming plataformen eredua zalantzan jarri arren, euren bidea argi daukie: zuzenekoetan indarra erakutsi eta publikoagaz harreman zuzena mantenidutea.

  48. 3

    Oinarrizko txirrindularitza bultzatzen dihardute lanean

    Eibarko Txirrindulari Elkarteak mendeurrena ospatuko dau aurten. 1926an sortua, ehun urteko ibilpidean hainbat gorabehera gainditu dauz: gerra garaiko etenak, arazo ekonomikoak, istripuak eta pandemia, besteak beste. Halan be, alkarteak bizirik dirau eta txirrindularitza sustetan jarraitzen dau. Angel López Mendi presidenteak azaldu dauenez, helburu nagusia oinarrizko txirrindularitza bultzatzea da, gazteen artean afizinoa biztuz. Urtean zehar hainbat lasterketa antolatzen dabez, tartean, Udaberri Saria, Memorial Balenciaga eta San Juan Saria. Mendeurreneko ekitaldi nagusia bagilaren 10ean izango da, Eibarko Coliseo antzokian. Besteak beste, alkartearen historiari errepasoa egingo deutsie.

  49. 2

    Zapatuetako Zine tartea David Madarietagaz

    Zapaturo lez, David Madarietagaz astegoieneko estrenaldiei buruz berba egin dogu Aupa Bizkaia programako Zine tartean. Astegoien honetan Lekeitioko Zineman Cumbres borrascosas eta umeentzako saioan Evolution filmeak ikusteko aukera izango dogu (www.zinemazaleak.eus/es/takilla). Madarietak plataforma desbardinetako estreinaldiak be kontau deuskuz. Eta betiko lez, gaur egungoak ez diranak, baina guretzako interesgarriak izan diran pelikulak be gogoratu doguz.

  50. 1

    'Trajea': tentsinoa, suspensea eta umorea, orain euskal erara be

    Trajea Txalo Produkzinoak ekoiztutako antzezlana da. Uriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehenengo eguna da. Jentea tropelean sartu da eta istripu bat izan da. Eraikinaren erraietan, segurtasun-zaintzaile batek negozio-gizon bat galdekatu dau, traje bat erostera etorri dalako eta gertakariekaz zerikusia izan daualako. Hori da antzezlanaren argumentua. Juan Cavestanyk sortutako antzezlanaren bertsinoa da. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzentzen dau, eta Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza dira antzezlaneko protagonistak. Emonaldiak erderaz eta euskeraz be egingo dabez, Martin Agirrek itzulitako gidoiagaz. Aupa Bizkaia programan Asier Hormazagaz antzezlanaren eta beste gauza askoren ganean berba egiteko aukera izan dogu.

Type above to search every episode's transcript for a word or phrase. Matches are scoped to this podcast.

Searching…

We're indexing this podcast's transcripts for the first time — this can take a minute or two. We'll show results as soon as they're ready.

No matches for "" in this podcast's transcripts.

Showing of matches

No topics indexed yet for this podcast.

Loading reviews...

ABOUT THIS SHOW

Asteburuetako goizak lasai baina informauta eta ondo pasauta hasteko irratsaioa. Albisteak, eguraldia, trafikoa, alkarrizketak…

HOSTED BY

Iñigo Esteban

Produced by Bizkaia Irratia

CATEGORIES

Frequently Asked Questions

How many episodes does Aupa Bizkaia have?

Aupa Bizkaia currently has 50 episodes available on PodParley. New episodes are automatically indexed when they're published to the podcast feed.

What is Aupa Bizkaia about?

Asteburuetako goizak lasai baina informauta eta ondo pasauta hasteko irratsaioa. Albisteak, eguraldia, trafikoa, alkarrizketak…

How often does Aupa Bizkaia release new episodes?

Aupa Bizkaia has 50 episodes. Check the episode list to see recent publication dates and frequency.

Where can I listen to Aupa Bizkaia?

You can listen to Aupa Bizkaia on PodParley by clicking any episode. We provide an embedded audio player for direct listening, and you can also subscribe via your preferred podcast app using the RSS feed.

Who hosts Aupa Bizkaia?

Aupa Bizkaia is created and hosted by Iñigo Esteban.
URL copied to clipboard!