PODCAST · news
Goizeko Izarretan
by Javi Onaindia eta Gontzal Galán
Irratsaio goiztarra, eguna hasteko behar dozun informazino guztiagaz eta ondo pasetako tarteekin. Albiste nagusiak, Bizkaiko albisteak, eguraldia, trafikoa, kulturea musikea, alkarrizketak…unean unekoa.Entzuleok parte hartzeko aukerea whatsappez informazinoa bialduta eta lehiaketetan parte hartuta. Hamabi urtera arteko ume eta gazteok Dona Dona daukazue 08:10ean. Ume, gazte zein helduok “Izarren lagunak” lehiaketea.Barikuetan gizarte gaien tertulia 08:30ean, eta hileko azken barikuetan Bizkaiko Batzar Nagusietako tertulia.
-
50
USaP azterketan 0 emaitza atera dabe ikasle batzuk, Bilbo inguruko bost itunpeko ikastetxetakoak
Gizarte gaien gaurko tertulian Unibertsitatera Sartzeko Proba azterketako euskera azterketako emaitzak eta Soziometroa izan dira protagonista. Aitatutako gai biak jorratu doguz Miren Josune Ariztondo, Onintza Enbeita eta Roberto Mielgo geure kolaboratzaileen eskutik. Dinogunez, euskerea barriro daukagu fokoan, eta txarrerako beste behin. USaP azterketan 0 emaitza atera dabe ikasle batzuk. 60 inguru dira, Bilbo inguruko bost itunpeko ikastetxetakoak, eta antza danez aztertzaile talde berak zuzendutako azterketak dira. Soziometroaren emaitzei jagokenez, etxebizitzearen inguruko ardurea dago herritarren artean, ehuneko 60ren kezka nagusia da. Hurrengo gai nagusiak alde handiagaz agertzen dira: lan merkadua (%40) eta osasungintza (%24). Badirudi etxebizitzaren prezioa etenik barik doala gora, hartzen diran neurriak hartzen dirala.
-
49
Euskadin istripuetan hildako biktimei buruzko datuak eta estadistikak aurkeztuko dira
Helduak Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak beste berbaldi bat eskainiko dabe gaur etxeko segurtasunari eta etxeko istripuen prebentzinoari buruz. Hitzaldia 19:00etan izango da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, eta Javier Larrea Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiko (OPRA) presidenteak emongo dau. Horren harira, Naiara Larrea OPRAko zuzendariagaz egin dogu berba Bizkaian Irratian. Ikuspegi praktiko eta dibulgatzailea erabiliz, berbaldiak etxeko giroan azaltzen diran arrisku nagusiak jorratuko ditu, eta istripuak prebeniduteko gomendioak emongo ditu. Saioan, halaber, Euskadin istripuetan hildako biktimei buruzko datuak eta estadistikak aurkeztuko dira, bai eta arrisku handiena daben eguneroko jarduerei eta prebentzino-neurri eraginkorrenei buruzko informazinoa be. Besteak beste, ebaketa eta kontusinoei, ebaketa-erreminten erabilerari, brikolaje- eta lorezaintza-jarduerei, elikadura-intoxikazinoei eta garbiketa-produktuei lotutako arriskuak aztertuko ditu Larreak, baita elektrizidadeak, erredurek edo karbono monoxidoak eragindako intoxikazinoek, eztarri-trabatzek edo etxeko suteek eragindako arriskuak be. Era berean, arreta bereziz aletuko dira erorikoak, etxeko istripuen arrazoi nagusietako bat diralako, bai eta laguntza-baliabideak be, esaterako BetiON telelaguntza-zerbitzua.
-
48
Bosgarren astez, medikuak grebara deituak dagoz Euskadin
Medikuak grebara deituak dagoz asteon Euskadin, bosgarren astez. Ganera, euren aldarriei jaramon egin ezean, medikuek greba mugagabeari ekingo deutsie udatik bueltan, irailean. Horren harira, Joseba Artaraz medikuagaz egin dogu berba Bizkaia Irratian: "Estatutu propioa eskatzen deutsagu Espainiako Osasun Ministerioari. Azken asteetan ez da ezelango mobimendurik edo nobedaderik egon". Beraz, euron berezitasunak aintzat hartzeko eskatzen dabe medikuek: "2003an sinatu zan Estatuto Marco del personal estatutario de los servicios de salud dalakoa. Ondorioz, osasun publikoan gagozan kide guztiak zaku berean amaitu genduan. Salbuespen bakarra medikuekaz egin eben: guardiak egiten doguz, zerbitzua 24 orduz mantendu behar dogu... geure lan baldintzak negoziau gura doguz". Esan dogunez, greba mugagabea hasiko dabe udatik bueltan, aurretik akordiorik egon ezean. Artarazek dino hasieratik euki dabela presente greba mugagabearen aukerea Euskadin: "Nekatuta gagoz. Ganera, ikusi dogu ez dala ezer aldatu azken asteetan. Beraz, dagoan aukera bakarra greba mugagabearena da". Bitartean, eta estatutu propioarena Espainiako Osasun Ministerioaren asuntoa izan arren, medikuek aurrerapausoa eskatu deutsie Eusko Jaurlaritzariko Osasun Sailari be. Izan be, lan karga gora doa Osakidetzan eta beste gauzak batzuk be badagoz hobetzeke: "29 urte daroadaz Osakidetzan eta lan karga igoten doa. Antza, egoerarik okerrena Lehen Mailako Arretan dauke. Sistema kolapsatuta dago". Hori dala eta, batzar ezbardinak egin dabez azkeen asteetan Osakidetzagaz.
-
47
Bagilaren 20an ospatzen da Errefuxiatuen Nazinoarteko Eguna
Gurutze Gorriak 460 errefuxiatu baino gehiagori lagundu deutse Euskadin 2025ean, gizarteratze-prozesuan. Harrera Fasearen ibilbideak ostatua, laguntza juridikoa, hizkuntza ikastea eta arreta psikosoziala buztartzen ditu. Prozesuak Autonomia Faseagaz jarraitzen dau, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, eta lehen urtean Gurutze Gorriak 39 pertsonari lagundu deutse bizitza independenterako bidean. Bagilaren 20an ospatzen dan Errefuxiatuen Nazinoarteko Eguna dala eta kaleratu ditu Gurutze Gorriak aitatutako datuak. Lagundutako persona gehienak 31 urteko bataz besteko adina daben gazteak dira, Mali, Senegal, Venezuela, Siria edo Saharatik etorritakoak. Datuak aletzeko asmoz, Nahia Diaz de Corcuera Gurutze Gorriko Asilo eta Arreta Humanitarioko arduradun autonomikoagaz egin dogu berba. Ganera, bagilaren 22ra arte, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egingo diran jarduerek herritarrak errefuxiatuen errealidadera hurbilduko dabez. Esaterako, Aterpe Kodea scape room-a egingo dabe bihar geure lurraldean. Ganera, bagilaren 19an, 09:00etatik 13:30era, Bilboko Alde Zaharreko Unamuno Plazan, nazinoarteko babes-eskaeraren prozesuari buruzko role playing dinamikak, Motxila Ikusezina lako proposamen esperientzialak eta estereotipoak zalantzan jarteko eta begirada informatuagoa sustatzeko jarduera parte-hartzaileak buztartuko dabezan ekintzak egingo dira.
-
46
Israelek ez dauka Libanon burrukaldiak amaitzeko asmorik
Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek barikuan sinatuko dabe gerreari amaierea emoteko akordioa, antza danez. Domekan adostu ei eben eta orain sinatzea baino ez ei da falta. Dana dala, Israelek ez dauka Libanon burrukaldiak amaitzeko asmorik eta horrek baldintzatu leike gerra amaiera hau. Honetaz argibideak eskatu deutsaguz Txente Rekondo nazinoarteko adituari gaur. Rekondo baikorra da, baina eszeptikoa: "Emoten dau diplomaziaren bitartez aurrerapausoak emon dirala, baina Israelen papera oindino ez dago guztiz argi". Adituak esan deusku Ameriketako Estatu Batuei eta Irani komeni jakela akordioa berrestea: "Alde biei komeni jake bake akordioa berrestea. Batetik, Irango ekonomia kili-kolo dabil. Bestetik, Ameriketako Estatu Batuetan inflazinoak gora egin dau eta hauteskundeak dagoz urte amaieran". Dana dala, Israelek Libanoren kontrako erasoak egiten jarraitu gura dau. Orain arte Trump eta Netanyahu eskutik helduta ibili dira, baina emoten dau gai honetan ez dabela adostasunik: "Nork egiten deutso presinoa nori? Ameriketako Estatu Batuek Israeli? Israelek Ameriketako Estatu Batuei? Betiko zalantza da. Dana dala, uste dot Trump ez dala inogaz ezkontzen eta Netanyahu konziente dala". Bitartean, G7aren biltzarra hasita dago Evian-en. Halanda be, Rekondok ez dau uste holako biltzarrek askotarako emoten dabenik: "G7ko goi-bilerek ez dabe askotarako emoten. Oraingo G7an badirudi Macronen protagonismoa azpimarratzen dabilzala Trumpekiko, baina aldi berean Frantzia eta Alemaniaren arteko afera dago hegazkin militarraren inguruan Europan".
-
45
Kaitin Allende bakarrizketaria eta Olatz Salvador abeslaria ekitaldian izango dira
Urdaibaiko Esentziak Mahastietan ekitaldiak txakolina, gastronomia, umorea eta musikea uztartuko ditu barriro Urdaibaiko bihotzean. Bagilaren 19an eta 20an izango da hitzordua, Gernika-Lumoko Itsasmendi Upategian. Jardunaldi bakotxean mahastien arteko ibilaldi bat, lau txakolin eta lau pintxo dastatzeko aukerea eta kultur proposamen berezi bat izango dira, Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerente dan Aitziber Ansotegik aurreratu deuskunez. Esan dogunez, egitaraua bagilaren 19an abiatuko da, Kaitin Allende umoregilea protagonista izango dauan saioagaz. Mahastien arteko ibilaldi baten ostean, Allendek umorezko monologoa eskainiko dau. Hurrengo egunean, bagilaren 20an, Olatz Salvador abeslariaren txanda izango da. Bere musikak girotuko dau bisita, aurreko eguneko formatu berari eutsiz.
-
44
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak 3.805 alkargokide ditu, gehienak bizkaitarrak
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak erakundearen etapa barri bati emon deutso hasierea, gobernu-organoak hautatzeko eta barritzeko ohiko prozesuaren esparruan presidentetza barritu ostean. Mirian Echazarrak bere gain hartu dau presidentetza, bai eta erakundeak garatutako lanari jarraipena emoteko eta fisioterapiak osasun-sistemaren barruan funtsezkoa dan osasun-lanbide gisa daukan zeregina indartzeko konpromisoa be. Echazarraren eskutik, fisioterapiak gaur egun Euskadin bizi dauan egoerari heldu deutsagu: "Orain dala 20 urte baino hobeto gagoz. Euskadiko Osasun Ituna tresna ezin hobea da proiektu barriak sortzeko". Biztanleriak gero eta gaixotasun gehiago ditu eta gero eta gehiago zahartzen da. Beraz, fisioterapia gaur egungo testuinguruan funtsezkoa da. Bitartean, Echazarrak argi ditu etapa barriaren ardatzak eta helburuak: "Intrusismoaren arazoari aurre egin behar deutsagu. Bestalde, erakunde publikoen eskutik gauza asko egin ahal doguz. Ganera, gizartean presente egotea be garrantzitsua da". Mirian Echazarra berari jagokonez, fisioterapian diplomaduna da, haurren neurologian aditua eta hainbat graduondo espezializatu ditu, bai eta Osasun Legeriako master bat be. Gaur egun Basurtuko Unibersidade Ospitalean dabil, eta patologia neurologikoak dabezan haurrak artatzen ditu. Bere prestakuntzak hainbat arlo hartzen ditu barne, esaterako osasunaren arloko ikerketea, haurrentzako zainketa aringarriak, arnas-fisioterapia, posizionamendurako materialak prestatzea eta doluan laguntzea. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala 3.805 alkargokide dituan alkargoa da. Ganera, kideen %45,2 Bizkaian dago, eta emakumezkoak dira nagusi. Alkargoaren helburua da sektoreari eragiten deutson eta indarrean dagoan araudiari buruzko informazino garrantzitsua eta eguneratua eskaintzea, baita fisioterapiari lotutako arloetan aholkularitza espezializatua emotea be, segurtasun-berme osoz lan egiten dauan kolektibo lehiakorra izate aldera.
-
43
'Triskel' Aranzadi alkarteko kolaboratzaileak gidatuko dau ibilbidea
Enkarterriko Museoak ekimen barri bat antolatuko dau bagilaren 19an, barikuan, 1937ko ekaina. Enkarterriko okupazioa zuri-beltzean aldi baterako erakusketagaz lotuta, eta frankismoaren erresistentziak Sopuertan eukazan lekuetatik ibilbide gidatua egingo dau. Horren harira, Javier Barrio Enkarterriko Museoko zuzendariagaz egin dogu berba. Jarduerea museoan bertan hasiko da, Abellanedan, 10:00etan, Frankoren armadak Enkarterriko udalerriak okupatu ahala 1937ko bagilean ateratako argazki argitaragabeak biltzen dituan erakusketa bisitatuz. Ondoren, parte-hartzaileak Cabezamonte gailurrera igoko dira, eta bertan, Jesus Pablo Dominguez Varona 'Triskel' Aranzadi alkarteko kolaboratzaileak Cabezamonte-Bezi sektoreko babeslekuetatik gidatuko ditu. Bisitan parte hartzeko aldez aurretik izena emon behar da Enkarterriko Museoaren webguneko 'Izena emoteko eskabidea' atalean. Oindino plazak dagoz.
-
42
23. Munduko Arrozak egingo da bihar Bilboko San Frantzisko auzoan
Hogeita hirugarrenez egingo da bihar Munduko Arrozak Bilbon. Mariaren Bihotza plazan batuko dira talde desbardinak. Gogoratu daigun, ekimen honegaz bizikidetza bultzatzea dala helburua. Idel Aguilera antolaketa taldeko kidea izan dogu Bizkaia Irratian, eta Aguilerak baieztatu dauanez auzo nortasuna eraikitzea eta hobetzea lortu dabe ekimen honi esker. 2.000 lagun baino gehiagok emon dabe izena. 111 taldetan egongo dira banatuta. Honeetatik erdia, lehiaketara aurkeztuko dira. Epaimahai batek erabagiko dau zein dan arroz onena.
-
41
Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxara batuko dira astegoienean
Gazte Euskaltzaleen Sareak martxa egingo dau Urepeletik Iruñera gaurtik zapatura arte, bagilaren 11tik 13ra. Izan be, Euskaltzaleon Martxa antolatu dau Euskalgintzaren Kontseiluak bagilaren 13rako Iruñean. Bertan, ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dabe. Gazteek Gazte euskaltzaleok bidea urratu lelopean ekingo deutsie martxari gaur eta egun bi barru Euskaltzaleon Martxa egitasmora gehituko dira Euskal Herriko uriburuan. Izar Zubiaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea da eta antolatu daben martxaren inguruko zehetasun guztiak emon deuskuz Bizkaia Irratiko sintonian. Zubiagak uste dau Euskal Herriko gazteak bidegurutzean dagozala: "Euskal Herriko gazteok bidegurutze batean gagoz. Testuinguru horretan, euskeraren aldeko burrukaren bidetik jarraitu behar dogu". Korrikan indar handia metatu eben gazteek. Orain, indar hori berbiztu gura dabe: "Korrikaren bueltan egindako dinamikea oso positiboa izan zan, zapi gorri asko ikusi ziran. Beraz, aktibazino handia egon zan gazteen artean. Aitatutako aktibazinoari jarraipena emon gura deutsagu". Bidea Urepelen hasi eta gaurko gaua Auritzen igaroko dabe. Bigarren eguneko etapea Auritzen hasi eta Larrasoañan amaituko dabe. Beraz, Larrasoañatik Iruñera joango da zapatuko tartea. Ganera, bazkariak, herri kirolak, mural margoketa, mahai-inguruak, kontzertuak eta askoz gehiago izango dira bidean zehar. Parte hartzeko izena emoteko epea zabalik egon da, baina martxara gehitzeko aukerea dago, aurretik izenik emon ez arren: "100 bat gazte batuko gara. Janaria eta logelak kalkulatzeko izena emon behar zan, baina martxara batzeko aukerea dago, noski".
-
40
Azpiegitura barritzeko prozesua etenda dago aspalditik
Durangaldeko Mankomunidadeak hilabete honetan erabagiko dau Berrizko belodromoa estaltzeko proiektuagaz aurrera jarraitu ala ez. Atzo, bagilaren 10ean, bilera bat egin eben gaia jorratzeko. Dirudienez, egitasmoak ez dau aurrera egingo momentuz, oso garestia dalako. Horren aurrean, Bizkaiko txirrindulariek, klubek eta txirrindularitza eskolek ezinegona adierazo dabe SOS Berrizko Belodromoa lelopean. Iñaki Etxezarraga erabiltzaileak esan deuskunez, aukera gitxi dagoz pistako txirrindularitza egiteko Bizkaian, instalazinoen egoerea dala eta: "Belodromoaren estalkia ez da kapritxo bat". Ganera, espazio estali bat izatea bereziki garrantzitsua da neguko hilabeteetan, eguraldi txarrak pistako txirrindularitza modu erregularrean entrenatzea eta lehiatzea zaildu edo ezinezko bihurtzen dauenean. Beraz, belodromo estali batek urte osoan zehar jarduera bermatuko leuke, entrenamendu eta lehiaketetarako baldintza egokiak eskainiz. Ganera, Etxezarragak dino belodromo estali bat ez litzatekela soilik txirrindularitzarako izango. Izan be, erabilera anitzeko gunea izango litzateke.
-
39
2025eko txostena aurkeztu eban Caritas Bizkaiak pasa dan astean
Caritas Bizkaiak 2025eko txostena argitaratu dau, euren jardueren iazko datuak batuta. Aitatutako datuak, egia esatearren, kezkatzeko modukoak dira. Igaz 11.600 persona ingururi lagundu eutsen Caritas Bizkaiak. Elena Unzueta Caritas Bizkaiko zuzendariak zifren atzean persona arruntak dagozala gogorarazo deusku: "Azpimarratzekoa da gaur egun lana eukiteak ez dauala ezer bermatzen, etxebizitzaren arazoagaitik. Familia normal asko pobrezian gelditzen dira alokairua ordaindu ostean". Horren harira, zuzendariak kezka berezia agertu dau ume eta gazteen egoerea dala eta, adinbakoen artean bazterketa tasea %20koa dalako: "Familia horreekin lan egin behar dogu, familia horreetako seme-alabek ez osotzeko pobrezian biziko diran familiak etorkizunean". Guztira, Caritas Bizkaiak 248 gizarte-proiekturen bidez emon eban laguntzea igaz. Ganera, txostenak erakusten deutse zein bidetik laguntzen jarraitu: "Bizkaia osoan gagoz, geure 1.800 boluntarioei esker. Plan Estrategiko barrian justizia sozialaren aldeko deia egiten jarraituko dogu". Txostena alde batera itzita, Karidade Eguna ospatu eben pasa dan astegoienean: "Aurtengo Karidade Eguna oso arrakastatsua izan da, 300 bat lagun bildu ginan Zeanurin. Boluntarioak beti dagoz laguntzeko prest". Amaitzeko, Aita Santua Espainian zehar egiten dabilen ibilaldiaz be hausnartu dau Unzuetak: "Mundu mailan erreferente da Aita Santua. Esaterako, zazpi minutuko txaloa emon eutsien Diputaduen Kongresuko alderdi guztiek emon eban diskurtsoaren ostean".
-
38
Pasa dan urtean Europako Kontseiluaren Museo Onenaren saria jaso eban Euskararen Etxeak
Bilboko Euskararen Etxeak Urteko Europako Museoen Sarien (EMYA) ekitaldia hartuko dau asteon, bagilaren 10etik 14ra arte. Pasa dan urtean Europako Kontseiluaren Museo Onenaren saria jaso eban Euskararen Etxeak eta, hori dala eta, anfitrioia izango da aurtengo edizinoan. Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendariak Euskararen Etxearen gaineko argibideak emon deuskuz, euskerearen interpretazino zentroaren atala nabarmenduz: "Atal horrek irabazi eban saria. Euskeraren bizindarrari buruzko erakusketea planteatzen dogu". Euskararen Etxean personen testigantzak daukez batuta eta euskera mota ezbardinak entzun leitekez: "Euskerea entzun behar da, euskerea asko dagozalako". Bisitariaren profilari jagokonez, persona oso anitzak hurreratzen dira Euskararen Etxera, baina ikastetxeek daben garrantzia azpimarratu deusku Acasusok. Esan dogun moduan, EMYA ekitaldia hartuko dabe bihartik aurrera. Horren harira, aukerea aprobetxau gura dabe Bizkaiko museoak ezagutzera emoteko, erakusleiho paregabea dalako EMYA ekitaldia: "EMYA ekitaldia da asteko ardatza, noski. Halanda be, Bizkaiko museoen erakusleihoa izatea gura dogu. Geure lurraldea oso aberatsa da museoetan eta aberastasun hori kanpokoei erakutsi gura deutsegu". EMYA 2026 sarietarako izendatutako 17 herrialdetako 34 museok euren lorpenak aurkeztuko dabez Bilbon. Ekitaldiak, besteak beste, etorkizunera begirako estrategiak garatzea dauka helburu, egungo erronkei erantzuteko eta alkarrizketarako eta hezkuntzarako espazioak sortzeko, komunidadeetan eta komunidadeentzat. Sari banaketea zapatu arratsaldean egingo dabe: "Bost sari nagusi dagoz: nagusia eta beste ataletakoak".
-
37
Gaur egun 900 alkartek inguruk osotzen dabe Innobasque
Innobasquek, Barrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XIX. Batzar Nagusia egin eban pasa dan astean, eta bertan alkartu ziran Agentziaren oinarria osotzen daben entidadeetako ordezkariak. Leire Bilbao zuzendari nagusiak esan deuskunez, gaur egun, 900 baino gehiago dira Innobasqueko bazkideak: enpresak, administrazino publikoak, hezkuntzako eragileak, zientzia eta teknologia munduko entidadeak, barrikuntza ekosistemako tarteko organismoak, entidade sozialak eta Euskadin barrikuntzari bultzadea emoteko konpromisoa daben persona esanguratsuak. Ganera, Innobasquek 2026-2030 Plan Estrategikoa onartu dau aitatutako Batzar Nagusian, Euskadin inpaktu handiko barrikuntza sortzen laguntzeko. Plan Estrategikoaren ardatz nagusiak energia trantsizinoa, digitalizazino bizkorra eta gizarte kohesinoaren preminea dira. Guztira, hiru helburu estrategiko ditue: "Alkarlana bultzatzea, barrikuntza bizkortzea eta Europan posizionatzea". Barrikuntza kontuei jagokenez, ondo gagoz Euskadin, Europako beste leku batzuekaz alderatuta behintzat: "Europako Batzordearen Europako eskualdeen barrikuntza-sailkapenean 81. postuan gagoz, 251tik. Beraz, posizionamendua ona da, baina ezin gara lokartu. Bitartean, Espainiako bigarrenak gara". Horren harira, Batzar Nagusian berbaldi ezbardinak egin ziran, tartean Bilbaok emondakoa Europar Batasunaren etorkizuneko Ikerkuntza eta Barrikuntza Esparru Programak Euskadirako ekarriko dituan aukeren eta erronken ingurukoa. Bilbaok esan deuskunez, dirua egon badago. Bestalde, barrikuntzeaz berba egiten dogunean enpresa handiak etorten jakuz burura behar bada, baina enpresa ertain eta txikietan be posiblea eta beharrezkoa da. Kasu ezbardinak dagoz, baina agenteen arteko kolaborazinoa beti da ezinbestekoa: "Enpresa txiki barritzaileak badagoz, baina kolaborazinoak ezinbestekoak dira eurentzat, beste dimentsino batzuk eukiteko".
-
36
Gartziak mundu osoko pentsalari, idazle eta zientzialariak aitatzen ditu bere obra barrian
Sasi arteko sugarrak poesia liburua kaleratu dau Sebas Gartziak. Autoreak berak esan deusku orain arte erantzun positiboa jaso dauala liburuak bere lagunen partetik, oindino egun gitxi eroan arren merkaduan. Gartziak lau gai desbardin jorratu ditu obran, erlijinoa eta maitasuna tartean. Ganera, mundu osoko pentsalari, idazle eta zientzialariak aitatzen ditu bere obra barriaren pasarte batzuetan. Kontuak kontu, sormen-prozesuari jagokonez, zertan inspiretan dan azaldu deusku Gartziak Bizkaia Irratiko mikrofonoetan: "Giro poetiko batean bizi naz. Izan be, errealidadea poesia ikuspuntutik ikusten dot. Gauza batzuk adierazteko biderik onena olerkigintzarena da".
-
35
'Aita Santua Bilbotik' ekimenaren barruan bigiliaren zuzeneko emonaldia eskainiko dau pantaila handi baten
Bilboko Elizbarrutiko 90 bat gaztek Madrilera bidaiatuko dabe bagilaren 6an eta 7an, Leon XIV.a aita santuaren bisitako ekitaldi nagusietan parte hartzeko. Gazteen aburuz, beste errealidade batzugaz harremanak sendotzeko eta eliz komunidadean sareak ehuntzen jarraitzeko balio izango dau. Gazteek zapatuan Plaza de Liman egingo dan otoitz-bigilian eta domekan Cibelesen ospatuko dan Corpus Christi mezan parte hartuko dabe. Yaiza Ruanok Goizeko Izarretan saioan adierazo dau, Madrilera joaterik ez dabenentzat, Bilboko Indautxuko Karmengo parrokiak bigiliaren zuzeneko emonaldia eskainiko dau pantaila handi baten bidez, 20:30etik aurrera, 'Aita Santua Bilbotik' ekimenaren barruan.
-
34
Luisa Puertas bolondresak esan deusku nahiko ondo dabilzala boluntario kopuruari jagokonez
Janari bilketa handia egingo dau Bizkaiko Elikagaien Bankuak astegoien honetan, bagilaren 5ean eta 6an. Beraz, makina bat jente batuko da supermerkaduetan, boluntario moduan, beharrizana dabenen artean banatzeko elikagaiak batzeko bihar eta etzi. Horren harira, Luisa Puertas Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioagaz egin dogu berba. Bolondresak esan deusku nahiko ondo dabilzala boluntario kopuruari jagokonez, eskualde bakotxean dagozan gorabeherak alde batera itxita, baina beti eskertzen dabela jasoten daben laguntza guztia. Janari eta bestelako produktuen artean zeintzuk eskatzen dabezan azaldu deusku Puertasek: "Oso garrantzitsuak dira aurrez prestautako lekaleak, olioa, haurrentzako elikagaiak, arrain kontserbak eta gosaltzeko kakaoa eta galletak. Kontuan izan behar dogu familia batzuk sukalde bako geletan bizi dirala". Kontuak kontu, eurentzako errezagoa da janaria erosi beharrean truke-txartelen bat ordainduta iztea, behar dabenean erabilteko: "Dana dala, bakotxaren erabagia errespetatzen dogu, aukera batek besteak baino lan gehiago emon arren".
-
33
ESEK, EHPEA eta EHOP agenteek egin dabe dokumentua
Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluak (ESEK), Euskal Herriko Pediatria Elkarteak (EHPEA) eta Lehen Mailako Arretako Pediatriako Euskal Elkarteak (EHOP) ohartarazo dabe ondorio kaltegarriak eragin ahal leikiezala haurtzaroak eta nerabezaroan gailu digitalak gehiegi eta gainbegiratu gabe erabilteak, Bizkaiko Medikuen Elkargoan atzo arratsaldean aurkeztu eben dokumentu baten bidez. Mirene Beriain Euskal Herriko Pediatria Elkarteko kideak esan deuskunez, hiru erakundeek haurrak digitalizazinoaren arriskuetatik babesteko osasun, hezkuntza eta erakunde-esparruen artean neurri koordinatuak hartzea eskatu dabe, familia, gizarte eta eskola ingurune osasuntsuak bermatuko dabezanak. Bitartean, medikuen korporazinoek gogorarazo dabe, halaber, beharrezkoa dala alkarte zientifikoek erabilerari buruz emondako gomendioak errespetatzea, eta smartphone-en erabilerea atzeratzeko beharra azpimarratu dabe. Horren harira, euskal medikuentzat beharrezkoa da hezkuntza sistemak sakelako telefonorik gabeko eskola espazioak eta ebidentziagaz koherenteak diran plan digitalak eskaintzea, paperezko euskarriak eta ikaskuntza aktiboa lehenetsiz.
-
32
Ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dabe
Euskaltzaleon Martxa antolatu dau Euskalgintzaren Kontseiluak bagilaren 13rako Iruñean. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak esan deusku egun horretan "euskeraz bizi izateko behar dan guztia" eskatuko dabela: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan emon beharreko jauzia eta euskaltzaletasuna. Ekitaldia jentetsua izatea aurreikusten dabe: "Giro polita sumatzen gabilz. Pasa dan abenduan euskaltzaleen gogoa sentidu genduan, alkar elikatzeko eta indartzeko. Beraz, euskaltzaleok gogotsu gagoz". Bagilaren 13koa pizkunderako bigarren pausoa izango da, abenduan Bilbon ospatutako ekitaldia eta gero. Aktibazino premina ikusten dau Eskisabelek: "Aktibazino preminan gagoz. Kezka handia dago, gaur egungo munduak erronka ikaragarriak ipini deutsazalako euskereari. Hori dala eta, euskerea larrialdi linguistikoan dago, baina egoerari bueltea emoteko gogoekaz gabilz". Datorren ekitaldiaren estrukturari jagokonez, hiru zutabe abiatuko dira leku ezbardinetatik: "Hiru zutabe dagoz. Lehenengoa, Runa Parketik urtengo da. Bigarrena, Askatasunaren Plazatik abiatuko da. Amaitzeko, hirugarrena, Iruñeako erdialdetik ibiliko da". Zutabeek Gazteluko Plazan egingo dabe bat. Bestalde, 2036rako erronkak be ipini ditu Euskalgintzaren Kontseiluak oraintsu: euskalduntze erritmoa bizkortu eta gitxienez beste 300.000 euskaldun oso eukitea urte horretarako. Gaur egungo erritmoan lortzen dan kopurua bikoiztu egingo litzateke: "Ezagutzan hazten joan gara, baina erronka barriei aurre egiteko orain arteko erritmoak ez dau balio. Oraingo erritmoak ezingo deutse erantzun euskereak sozialki bizirik jarraitzeko dituan preminei". Amaitzeko, Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legearen ponentzia eratu dabe, euskereak funtzino publikoan euki behar dauan lekuaren gaineko proposamen bigaz. Momentu honetan dagoan egoeraren ganean be hausnartu dogu Eskisabelen eskutik: "Euskal Autonomia Erkidegoan badagoz baldintzak enplegu publikoan arituko diran guztiek euskerea gaztelaniaren parean jarteko".
-
31
Jasoten dabilzan hezkuntza-esperientzia formakuntza arlo bitan oinarrituta dago
10 gazte afganiar etorri dira Bilbora Mondragon Unibersidadeak diseinatutako laguntza akademikoko programari esker. Berez, maiatzaren 20an hasi zan Bilbon Yaran Foundation-ek bultzatutako Enhancing Gender Equality and Mainstreaming in Afghanistan (EGEMA) programa. Esan doguz lez, ekimen horrek Afganistango 10 gazte emakume lagunduko ditu hainbat hilabetez euren bizitza eta ibilbide profesionalean etapa barri bati ekiten. Horren harira, Mondragon Unibersidadeak laguntza akademikoko programa diseinatu dau, Josune Prieto EGEMA programaren koordinatzaileak azaldu deuskunez. Izan be, Afganistanetik etorritako 10 gazteen egoerea oso konplexua da. Jasoten dabilzan hezkuntza-esperientziari jagokonez, formakuntza arlo bitan oinarrituta dago. Batetik, gaitasun personalak eta profesionalak nabarmentzen dira. Bestetik, proiektuen garapena dago.
-
30
274 lagunek egingo dabe lan Bizkaiko hondartzetako garbiketa, sorospen, istripuen prebentzino eta arretako zerbitzuetan
Bizkaiko Foru Aldundiak Zaindu barruan duzun hondartza kanpaina bultzatuko dau aurten, lurraldeko hareatzen errespetua eta zainketa partekatua sustatzeko asmoz. Kanpaina barriak hondartzen zainketa, bizikidetza eta natura-ingurunearen babesa jarten ditu arreta-gunean, ikuspegi positibo eta partekatu batetik. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputaduak esan deusku urtarrilean hasten dirala dana prestatzen: "Aspalditik gabilz beharrean. Instalazino batzuk montau behar doguz kalidadezko zerbitzua emoteko". Denporaldian, 274 lagunek egingo dabe lan Bizkaiko hondartzetako garbiketa, sorospen, istripuen prebentzino eta arretako zerbitzuetan. Garbiketa-operatiboa ezinbestekoa da: "Dispositiboa itzela da. Hondartza uzten dogunean, makinekaz garbitzen da hondartza uda-partean". Esan dogun moduan, Zaindu barruan duzun hondartza da aurtengo leloa: "Geure haurtzarora eta gaztarora eroaten gaituen leloa da aurtengoa". Bagilaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte luzatzen da denporaldia. Diputaduak esan deuskunez, aztertzen dabilz ea posible dan luzatzea hurrengo urteetarako: "Dagozan aukerak aztertu behar doguz. Dana dala, kontratu bat dago indarrean eta bere malgutasuna aztertu beharko geunke. Ganera, udaletxeekaz hartu behar dogun erabagia da". Bestalde, bainu lagunduaren zerbitzua martxan egongo da barriro denporaldiko lau hilabeteetan, La Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan.
-
29
Webguneak sei atal ditu; tartean Aulestiko mapa interaktiboa
Jabier Aranguena aulestiarrak Izkilimine webgunea jarri dau martxan, herriaren inguruan bere bizitzan zehar batutako materiala auzokideen eskura be ipinteko asmoz. Orain dala aste batzuk jarri eban martxan webgunea Aranguenak. Momentuz, esan deuskunez, oso ona da jasotako erantzuna: "Jentea oso pozik dago webguneagaz". Dinogunez, daukan material guztia herritarrekaz partekatzea izan da bere helburua proiektuaren hasieratik: "Aspalditik ibili naz materiala biltzen. Informazino guztia ordenagailuan sartuta egoan, baina argitara atera gura neban, artxibo digital bat sortzeko asmoz". Webguneak sei atal ditu guztira, tartean Aulestiko mapa interaktibo ikusgarria. Ganera, oso webgune aktiboa da, Aranguenak barikuro barritzen daualako.
-
28
Taupa Garabide, Plazara eta Soziolingustika Klusterragaz alkarlanean antolatzen ari dan topaketa da 'Bihar'
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Biharko Taupada jardunaldia antolatu dau eguenerako, bagilaren 4rako, Getxon, hizkuntzen bizibarritzearen inguruko kontakizun eta diskursoak erdigunean jarteko asmoz, Ertzak hurbilduz, hizkuntzen inguruko kontakizunak josten izenburupean. Horren harira, Ane Arruti Biharko Taupadako komunikazino arduradunagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko sintonian. Esan deuskunez, aurtengo edizinoa 'Bihar' nazinoarteko biltzarragaz lotuko dabe. Hasteko, nazinoartean, eta zehazki Hego Globalean, Ipar eta Hego Amerikako, Afrikako eta Asiako zein Europan eta Ozeanian kokaturiko hizkuntza komunidade gitxituetan, hizkuntzak bizibarritzeko prozesuetan erabilten diran diskursoak eta kontakizunak identifikatu dira, komunidadeak hizkuntzen alde aktibatzeko orduan erabilten diran diskurtso-estrategia horreek sakon aztertzeko asmoz. Momentu honetan martxan dagoan bigarren fasean diagnostikoaren gako nagusiak Euskal Herriko eragile anitzekaz partekatuko dira. Horretarako, 10 herritan 20 saio antolatu dira, 150 lagun baino gehiagokaz. Bada, hortik jaio da eguenean Getxoko Romo kultur etxean egingo dan Biharko Taupada jardunaldia. Programazino zabala prestatu dabe eta, tartean, hiru hitzaldi izango dira jardunaldian, Leo Bueriberi, Aritz Landeta eta Miren Artetxeren eskutik. Onintza Olaizolak gidatuta, hiru hizlarien solasaldia egingo dabe ondoren. Eguenerako izen-emotea zabalik dago jardunaldiaren web orrian.
-
27
Milaka euskaltzale batu ziran Bilbon atzo
Milaka euskaltzale batu ziran Bilbon atzo Ibilaldiaren bueltan. Dinogunez, lagun mordo bat batu zan Bizkaiko uriburuko Santutxu eta Txurdinaga auzoetan Kirikiño Ikastolak antolatutako Ibilaldian. Jardunaldiaren balorazinoa egiteko asmoz, Amaia Galindez Kirikiño Ikastolako zuzendariagaz egin dogu berba egun handiaren biharamonean. Esan deuskunez, ederra izan zan atzoko eguna: "Oso ondo joan zan, oso pozik gagoz". Hiru gune nagusitan banatu ziran ekimenak: Txurdinagako kiroldegian, Europa Parkean eta Kirikiño Ikastolan. Hain zuzen be, Kirikiño Ikastolan inpaktu handia euki dau Ibilaldia antolatzeak: "Geuretzako aukera ezin hobea izan da. Euskerea eta euskal kulturea sustatzeko jaio ginan eta Ibilaldia horren adierazgarri da. Harrotasunez antolatu dogu Ibilaldia". Atzokoagaz birritan antolatu dau Kirikiño Ikastolak Ibilaldia, aurrekoan ikastola gehiago inplikatuta egon arren. Horren harira, Galindezek ez dau baztertzen hirugarrenez antolatzea Ibilaldia epe ertainean.
-
26
Bizkaiko Foru Aldundiak adingabe migratzaileentzako Galdakaoko Viveroko zentroa itxiko dau
Hileko azken barikua dan heinean, Bizkaiko Batzar Nagusien tertulia euki dogu Bizkaia Irratiko sintonian. Gaur geurean izan dira Jesus Lekerikabeaskoa (EAJ) eta Iker Casanova (EH Bildu). Batez be, EITB Focus-ek atzo kaleratu eban inkestan zentrau gara. Oindino urtebete falta da hauteskundeak izateko, baina aitatutako inkestaren arabera, EAJk irabaziko leukez nagusitasunez hauteskundeak eta EH Bilduk goranzko joerea sendotuko leuke. Beraz, geure tertuliakide biak pozik agertu dira. Bestalde, asteon ezagutu dogu Bizkaiko Foru Aldundiak adingabe migratzaileentzako Galdakaoko Vivero zentroa itxiko dauala datorren hilabetean. Ondorioz, zentro horretan dagozan adingabeak lurraldeko beste zentro batzuetara mobiduko dabez datozan asteetan. Horren harira, Casanovak salatu dau Aldundiak ahulduta itxi dauala sarea. Bitartean, Lekerikabeaskoak esan deusku datuek erakusten dabela sare sendoa daukala Bizkaiak.
-
25
Datorren ikasturterako barrikuntzen artean, hiru gradu bikotx barri dagoz
Deustuko Unibersidadeak ate irekien jardunaldia antolatu dau Bilboko eta Donostiako campusetan, bereziki batxilergoko 1. mailako ikasleentzat, eta bihar egingo dau, maiatzaren 30ean, ikasleei datorren ikasturteko graduko eskaintza aurkezteko. Horren harira, Borja Aldazabal eta Larraitz Elorriagagaz egin dogu berba. Aldazabal ikasle barriez arduratzen da eta Elorriaga Ingeniaritza Fakultadeko komunikazino-taldean dago sartuta. Esan deuskuenez, barrikuntza nagusia sarrera prozesua azarora aurreratuko dala da. Beraz, data hori hartu beharko dabe kontuan etorkizuneko ikasleek Deustuko Unibersidadean tokia ziurtatzeko. Datorren ikasturterako barrikuntzen artean, hiru gradu bikotx barri dagoz, guztiak Bilboko campusean: Zuzenbidea + Kriminologia, Psikologia + Kriminologia eta Gizarte Lana + Kriminologia. Era berean, Deustuko Unibersidadeak Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzako + Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradu bikotxa eskainiko dau Donostiako campusean, eta Lehen Hezkuntzako + Gizarte Hezkuntzako gradu bikotxa Bilbokoan. Halako jardunaldietara hurreratzen diran ikasleen artean, profil oso desbardinak dagozala nabarmendu deuskue Aldazabalek eta Elorriagak. Jardunaldian parte hartzeko izena emotea eskertzen dabe, antolakuntza errazteko asmoz, derrigorrezkoa izan ez arren.
-
24
Erosteko zein alokatzeko asmoagaz profil ezbardinetako jentea dabil, baina gazteak nagusitzen dira
Etxebizitza arloari heldu deutsagu Mungiako Iturburu higiezinen agentziaren eskutik gaur. Izan be, etxebizitzaren kontuak buruko min ugari emoten deusku, batez be gaur egun bila dabilzanei, eta ez dira gitxi. Sabin Goirigolzarrik esan deuskunez, merkaduan ez dago eskaintzarik: "Mobimendua badago, pasa dan urteko alegrantzia egon ez arren. Arazoa da ez dagoala eskaintza nahikorik dagoan eskaerari erantzuteko". Erosteko zein alokatzeko profil ezbardinetako jentea erne dabil: emantzipau gura daben gazteak, etxe handiago baten bila dabilzanak, kanpotik gurera bizi izaten etorritakoak… kontuak kontu, gazteak nagusitzen dira: "Mungian 60 etxebizitza babestu urten dira; 400 eskakizunek pasau dabe filtroa. Gehienak gazteak dira". Dana dala, gazteek ez daukie oso errez emantzipatzea soldata bakarragaz. Normalean, arazo bi aitatzen dira etxe barri gitxi egiteko: ez eskaintzea lur sailik horri eta tramitazinoak asko luzatzea. Horren ganean hausnartu dau Goirigolzarrik: "Euskal Herrian daukagun orografia gatxa da. Ganera, eraikuntza-kostuak oso altuak dira". Bitartean, burokrazia kontuak bizkortzeko neurriak hartu izan dira. Bestalde, herri asko tenkatutako edo tentsionatutako gune izentau dira. Ondo ikusten dau: "Bilbon indarrean dago eta ikusi doguzan parametroak uriaren erdialdean nahiko onak dira". Amaitzeko, badirudi etxeen prezioa gora doala eten barik, alokatzeko zein erosteko. Emoten dau ez daukala toperik goitik, baina Goirigolzarrik esan deusku azken hilabeteetan zehar joera aldaketea igarri dabela: "Pasa dan urtera arte gorantza joan dira prezioak, 2007ko prezioetara helduta. Dana dala, aurtengo lehen hiruhilekoan muga bat antzemon dogu. Momentu honetan, pisua ezin da edozein preziotan atera".
-
23
'Reset' da aurtengo gaia, hasiera barri baten aurrean gagozalako
GetxoPhotok edizino barri bat ospatuko dau gaurtik, maiatzaren 28tik, bagilaren 21era bitartean Getxon. Jokin Aspuru GetxoPhotoko zuzendariak esan deuskunez, Reset da aurtengo gaia, Pausa, Play eta REC gaiak jorratu eta gero. Hasiera barri baten aurrean gagoz, beraz. Aurton, Maria Ptqk ikertzaile eta kultur-kudeatzaile bilbotarrak komisariatuko dau azken aldiz GetxoPhoto. Aurtengo edizinorako 25 bat erakusketa antolatu dabez. Jaialdiaren gune nagusiak Punta Begoña Galeriak (sei erakusketa egongo dira bertan) eta Algortako Azoka izango dira. Azken honetan, GetxoPhotoren artxibo historikoari buruzko instalazino handia egongo da. Bitartean, edizino honetako apusturik garrantzitsuenetako bat GetxoPhotoren artxibo digitala sortzea izan da. Mundu guztiarentzat eskuragarri, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, besteak beste, jaialdian parte hartu daben ia 400 artisten lana, informazinoa, biografiak eta instalazinoak biltzen ditu. Ganera, jaialdiak 20 urte beteko ditu aurton. Aspuruk esan deuskunez, gauzak asko aldatu dira 2007tik 2026ra. Esaterako, irudiagaz lotura oso estua daukan Instagram sare soziala ez zan existiduten orain dala 20 urte eta historiako lehen iPhone gailua be urte horretan bertan kaleratu eben.
-
22
Esperientzia horreek etorkizun profesional eta pertsonalerako garrantzitsuak dira
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibersidade Eskolak Lehen Hezkuntza, Haur Hezkuntza eta gradu bikotxeko ikasleek atzerrian ikasteko eta praktikak egiteko aukerak eskaintzen ditu. Esperientzia horreek etorkizun profesional eta pertsonalerako daben garrantziaz egin deusku berba Itxaso Vazquez Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibersidade Eskolako mobikortasun programen arduradunak: "Aprobetxau behar dan aukera berezia da". Ganera, mobikortasun programa ezbardinak eskaintzen ditu BAMek: Erasmus, SICUE eta beste batzuk. Bestalde, gogoratu behar dogu aurretiko izen-emotearen ezohiko deialdia zabalik dagoala oindino BAMen.
-
21
“Ez egoan pentsauta Ertzaintzaren dispositiborik aireportuan, baina AENAk dei bat egin eutsien oztopatzen egozalako"
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Loiuko aireportuan Palestinaren aldeko flotillako kideen harreran jazotako istiluen inguruko balorazinoa egin dau: “Bihotzez sentitzen dot gertatu dana”. Zupiriaren berbetan, irudiek eta gertakariek oihartzun handia izan dabe, eta gainera “munduan zehar dabilz gertatutakoaren bideoak, eta ez gaitu toki onean uzten”, nazinoartean izan dauan oihartzuna kontuan hartuta. Sailburuak azaldu dauanez, hasiera batean ez egoan aurreikusita segurtasun dispositibo berezirik martxan jartea. “Ez egoan pentsauta Ertzaintzaren dispositiborik, baina AENAk dei bat egin eutsien flotillako kideek aireportuko joan-etorriak oztopatzen ebezalako, baina ez ziran joan enbarazu egitera”, zehaztu dau. Horren harira, azpimarratu dau harrera-ekitaldia normaltasunez garatzeko prestaketa bereziak egin zirala: “Aurresku bat egoan prest, eta Ertzaintzak dantzariek non egin behar eben dantza eta guzti agindu eban; dana prest egoan istilurik ez egoteko”. Zupiriaren esanetan, zabaldutako irudiek gertatutakoaren zati bat erakusten dabe. “Bideoetan ikusten da zenbait personen aldetik probokazino jarrera bat egon zala, eta horrek Ertzaintzaren erantzun desegoki bat eragin eban”, adierazo dau. Halanda be, azpimarratu dau ez dauala gertatutakoa zuritu gura: “Ez dot ezer justifikatuko, baina honek ondorioak izango ditu”. Ildo horretatik jarraituta, Segurtasun sailburuak ohartarazo dau autoridadeareganako errespetua galdu egin dala, eta egoera horrek ondorio zuzena daukala bizikidetzan. Horregaitik, kezkatuta agertu da gaur egungo gizarte giroagaz: "Arazoa ez dago polizia ereduan, arazoa alkarbizitzan daukagu". Bere ustez, Loiun jazotakoak hausnarketa sakona eskatzen dau, errespetua eta alkarbizitza indartzeko beharra agerian itxita. Beraz, arazoa alkarbizitzan dago. "Arazoa ez dago polizia ereduan, alkarbizitzan daukagu" adierazo dau Zupiriak. Bero olatua Bestalde, muturreko beroekin gabilz aspaldion, gaur alertan laranjan dagoeneko. Bero horrek era bateko eta besteko arazoak be eragin ditu orain arte, osasun arlokoak besteak beste. Dana dala, Segurtasun Sailaren barruan dago Euskalmet. Beraz, Segurtasun Saila arduratzen da abisuak emoteaz: "Euskalmetek ia 15 egun daroaz abisuak emoten. Osasun Sailak be gomendioak emon eta personak artatzen ditu. Beroaldiaren ondorioz, 72 persona artatu ditu Osakidetzak, 24 lagun dagoz erietxeetan eta 11 persona hil dira".
-
20
Hantabirusa, Norobirusa, Ebola… aspaldion birus kontu asko aitatzen gabilz
Hantabirusa, Norobirusa, Ebola… aspaldion birus kontu asko aitatzen gabilz. Hori dala eta, Adrian Llorente, Osasun saileko epidemiologo, Osasun Planifikazino, Ikerketa eta Ebaluazino Zerbitzuko buruagaz egin dogu berba gaur Bizkaia Irratiko sintonian. Hantabirus kasuen barri emoten ibili gara orain dala gitxira arte, MV Hondius gurutzaontzian holako agerraldi bat egon eta gero. Azken ordua zera da, Madrilen konfinauta dagozanen artean beste positibo bat agertu dala. Dana dala, zaintzapean ondo ei dagoz guztiak eta honek ez ei dakar ezelako aldaketarik. Llorentek esan deuskunez, hantabirusaren arriskua daukan hilkortasun-tasa altua da: "Hilkortasuna %25ekoa da, oso altua; COVID-19arena, %0,1ean egoan". Beste birus batzuei be erreparatu deutsegu. Batetik, norobirusaren inguruko zehetasunak emon deuskuz epidemiologoak: "Gastroenteritis bat da, oso kutsakorra. Dana dala, nahiko arina izaten da normalean". Bestetik, Afrikan ebola kasu batzuk agertu dira. Momentuz bertan bakarrik. Llorentek uste dau, askoz jota, inguruko herrialdetara zabalduko dala, Europara heldu barik: "Inguruko herrialdeetara zabaldu daiteke. Dana dala, Kongoko Errepublika Demokratikoak bizi dauan egoera mahai gainean jarri behar da. Ebola alde batera itxita, sekulako krisi politiko eta militarra dago herrialdean". Kontuak kontu, Osasunaren Munduko Erakundeak pandemia larriagoak etorri leitekezala jakin eragin dau. Arriskuak badagoz: "Gripe zoonosietan zentratzen dogu geure arreta". Ganera, jakin eragin dabe pandemiei aurre egiteko ez dala nahikoa inbertiduten: "Osasunaren Munduko Erakundea infrafinantzatuta dago. Ganera, arazoak egon daitekez Ameriketako Estatu Batuen jarrerea dala eta. Desinbertitzen gabilz, arriskuak hasi arren".
-
19
'269 in memoriam' omenaldia egingo dabe zapatuan Zallo hilerrian
Gernikako gerra-presoen ospitale militarraren 86. urteurrenaren harira, ekitaldi desbardinak antolatu ditu Pipergorri Kultur Alkarteak aste honetarako. Hori dala eta, Amagoia Lopez de Larruzea Pipergorri Kultur Alkarteko kide eta proiektuaren koordinatzaileagaz egin dogu berba. Lopez de Larruzeak Gernikako gerra-presoen ospitalearen ganean egin deusku berba: "Ospitalea 1938an zabaldu eta 1940an itxi eben. Urte bi horreetan 269 lagun hil ziran bertan, gehienak turbekulosia dala eta". Esan dogunez, ekitaldi ezbardinak antolatu dabez urteurrena gogoratzeko. Hasteko, Joseba Eceolazak Las voces de la República liburua aurkeztuko dau eguaztenean Kultur Etxean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Idazlan honetan, Eceolazak azaltzen dau ahanzturaren mitoaren aldean, ahots honeek erakusten deuskuela familia asko ez zirala isildu halan erabagi ebelako, baizik eta beste modurik ez ebelako euki aurrera egiteko. Bestalde, Carlos Iglesiasen La bala pelikula proiektauko dabe barikuan, arratsaldeko 20:00etan, Lizeo Antzokian. Benetako jazoeretan oinarritutako pieza honetan memoria historikoa eta familia barruko sekretuak buztartzen dira. Beharbada, prestautako egitarauaren hitzordurik garrantzitsuena zapatukoa izango da. 269 in memoriam ekitaldia egingo dabe, 11:30etatik aurrera, Zallo hilerrian. Azken presoa, Benito Fernandez Gonzalez asturiarra, bagilaren 3an hil zan. Egun horren bueltan, gerra-presoen ospitale militarrean hildako 269 lagunei egingo jake omenaldia. Ganera, familia batzuk omenaldira joango dira eta parte-hartze berezia eukiko dabe ekitaldiaren barruan.
-
18
Flotillako kide batzuk anbulategira joan ziran agenteen kolpeak jaso ostean
Global Sumud Euskal Herriak antolatuta, manifestazinoa egin zan atzo Bilbon, harainegun Loiun Ertzaintzak flotillako kideekaz izandako jarrerea salatzeko. Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize! Sionismoa suntsitu. Palestina askatu! lelopean egin eben alkarretaratzea. Horren harira, Global Sumud Euskal Herriko kidea dan eta zapatuan Loiun egon zan Nere Etxebarria euki dogu Bizkaia Irratiko mikrofonoetan. Etxebarriak bere ikuspuntua plazaratu deusku: "Beste aldietan lez, Loiura joan ginan ongietorria egitera. 11:00etan ziran heltzeko, baina hegaldia luzatu zan. 13:30ean bueltau ginanean, ertzainez beteta egoan aireportua". Beraz, aurretik be harrerak egin dirala dinoe, eta ez dala inoiz ez arazorik ez ertzainerik egon: "Ez dakit nork emon eban Ertzaintza aireportura joateko agindua". Bitartean, Bingen Zupiria segurtasun sailburuak adierazpenak egin ebazan atzo: bere gain hartu eban ardurea, ertzainen jokabidea zuzentarauen barruan sartzen ete dan ikertuko dabela esan, eta portaera ez egoki batzuk be ikertu behar dirala. Etxebarriaren bertsinoaren arabera, hori ez da egia: "Ez egoan akordiorik, ez gendualako baimenik eskatu. Imajinatzen dot sailburuak esan dauanaren frogaren bat eukiko dauala". Bestalde, atxilotutako edo kolpekatutako kideak zelan dagozan esan deusku: "Txarto dagoz. Batek handituta eta baltz eukan begia, beste batek borraren markak ditu... Deustuko Anbulategira joan ziran, baina ez dagoz ospitalean". Esan dogun moduan, atzo manifestazinoa egin eben Loiuko istiluak salatzeko. Dana dala, hemendik aurrera euren burrukan zentrauko dira: "Geure helburua ez da Eusko Jaurlaritzaren edo Ertzaintzaren kontra egitea, baizik eta Palestinaren egoerea salatzea eta Eusko Jaurlaritzak edo euskal enpresek Israelegaz dabezan harremanak salatzea".
-
17
Uribarri auzoko errepideko lanak, Ikasgunea eta Atxetako Alkargunea izan dira protagonista
Arrankudiaga-Zollora hurreratu gara gaur, bertako azpiegitura eta zerbitzu soziokulturalak ezagutzeko asmoz. Txutxi Ariznabarreta alkateak egindako inbersinoen inguruko zehetasunak emon deuskuz Goizeko Izarretan irratsaioan. Batetik, Uribarri auzoko errepideko lanak dagoz. Uribarri auzoa herriko erdiguneagaz, zerbitzu gune desbardinekaz eta tren geltokiagaz lotzen dau errepideak. Hobekuntza lanak egin dira eta oinezkoek eta ibilgailu desbardinek errepidea era partekatuan erabilteko espazioa izango da. Asfaltatze lanak egin dira, argiteria barria jarri da eta zorua era berezian margoztu da. Bestetik, Ikasgunean zentratu da Ariznabarreta. Orain dala urte bi, Oxinburu Bizigunea, azpiegitura soziokulturala, jarri zan martxan eta, osagarri moduan, Ikasgunea zabaldu dabe ondoko eraikinean orain. Bertan, egunero goizetik gauera bakarka zein taldeka ikasteko, oposaketak prestatzeko eta abarrerako aukerea dago. Azkenik, Atxetako Alkargunea ipini dabe martxan. Atxeta auzoan egoan lokal soziala handitu eta barriztau da oso-osorik. Alde batean, eguneroko alkarbizitzarako tokia gauzatu da txoko eran jardungo dauan alkargunean. Bestean, espazio zabala egokitu da edozein ikastaro, ikuskizun, hitzaldi, aurkezpen edo dana dalako jardueretarako.
-
16
Barrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten dabe, inguruko enpresekin alkarlanean
Arratiako Zulaibar Lanbide Heziketako Campusa-k bere lanbide heziketako eskaintza eta ikasketa eredua aurkeztu dauz. Zentroak hiru arlotako zikloak eskaintzen dauz: metalaren fabrikazinoa, elektrizidadea eta automatismoak, eta gizarte zerbitzuak. Zentroko arduradunek azaldu dabe ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera zabala dabela, eta horrek laneratzea errazten dauela. Gainera, barrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten dabe, inguruko enpresekin alkarlanean. Zulaibarrek gertutasuna eta ikasleen bidelaguntza dauz ardatz, eta erronketan oinarritutako ikaskuntza eredua erabiltzen dau, ikasleen parte hartze aktiboa sustetako. Matrikulazino garaia zabalik dagoala gogorarazo dabe, eta interesa dabenek campusa bisitetako aukera daukiela.
-
15
Ana Pérez, Unai Burguete eta Imanol Álvarez gaurko tertulian
Bilbo eta Donostia 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitzea izatearen inguruko polemikea pil-pilean dago eta horretaz egin dogu berba Goizeko Izarretan irratsaioko tertulian Imanol Álvarez, Ana Párez eta Unai Burguetegaz. Futbol gai gehiago be landu dogu, Athleticen ekipamendu barriko kamisetako Euskal Herriko mapearen ingurukoak aztertua. José Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren inputazinoa eta holakoek gizartean politikoekiko eta epaileekiko eragiten daben mesfidantzea be aztertu dogu.
-
14
Egindako eskakizunen artean, euskal erakundeen esku-hartzea dago
Laga baketan Laga herri-plataformak alkarretaratzea egin eban pasa dan zapatuan Lagako hondartzan bertan, Espainiako Gobernuaren Costas-en Zuzendaritza Nagusiaren duna-berroneratze proiektuaren eta obren aurka protesta egiteko. Eder Corles Laga baketan Laga herri-plataformako kideak euren salaketea zertan datzan azaldu deusku. Laburbilduz, obra horren bidez duna artifizial bat eregi gura da egungo aparkalekuaren 4.000 m²-en gainean, lurra egokitu ondoren, makina astunekaz, hondartzako area hartuz eta beste aparkaleku bat eregitera behartuz, Lagako begiratokien ondoren, Laidarako norabidean, dagoan baso-eremua hautsiz. Egindako eskakizunen artean, euskal erakundeen esku-hartzea dago. Inplikatutako euskal erakundeek eta Espainiako Costas-ek proiektua publiko egitea eta proiektuaren arrazoiak, etorkizuneko asmoak, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-inpaktua azaltzea gura dabe. Ganera, esan dogun moduan, euren intentzinoa da euskal erakundeek esku har dezatela proiektu hori geldiarazteko, dagozan gabeziengaitik. Bitartean, alkarretaratze gehiago egingo dabez hurrengo hilabeteetan. Litekeena da hurrengoa maiatzaren 31n izatea.
-
13
2.000 lanpostu industrial gehiago dagoz momentu honetan orain dala urte bigaz alderatuta
Industria geurean zelan dagoan jakin nahi izan dogu gaur, ziurbakotasun egoerea bizi dogulako. Hori beste gai batzuen artean, eta argibideak emoteko geugaz euki dogu Mikel Jauregi Industria, Trantsizino energetiko eta Jasangarritasun sailburua. Jauregik Tubos Reunidos enpresaren azken ordua plazaratu deusku: "Hartzekodunen konkurtsoan sartu da enpresa. Prozesua aurrera doa, eragile guztiokaz berbetan. Gauza bi egiten dabilz: funtzionetan jarraitu eta etorkizuna aztertu". Behin hartzekodunen konkurtsoan sartuta, beste ate batzuk zabaltzen dira: "Zorra murrizteko aukerea heltzen jako enpresari. Orain, bide legal hori zabalik dago". Inbersore barriei jagokenez, interesdun batzuk badagoz, baina "proposamen zehatzak" behar dira administratzaileak eta epaileak aztertzeko. Dana dala, sailburuak argi dauka inbersore barria beharrezkoa dala Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko. Dana dala, adibide positiboak be badagoz, Sestaoko ArcelorMittal enpresarena tartean. 150 milioi euro inbertidu ondoren, planta prest egongo da 1,6 Mt ekoizteko gehienezko gaitasunera iritsi ahal izateko, eta 2008tik ez zan horrelakorik gertatzen. Beraz, euskal industriaren egoerea egonkorra da: "Euskal industria hazten dabil. 2.000 lanpostu industrial gehiago dagoz momentu honetan orain dala urte bigaz alderatuta. Europako gainbehera ikusita, Euskadiko industria egonkortu da. Industria da Euskadiren ongizatea, aberastasuna eta aurrerapena bermatzeko tresna". Bestalde, CEBEKetik dinoe lan gatazkak, lan kostu handiak, absentismo handia… arazoa dirala eta sindikatuen jarreren kontra agertu dira. Eusko Jaurlaritza erdian dago: "Ulergarria dan moduan, bakotxak bere ikuspuntua azaltzen dau. Kasu honetan, geu erdian gagoz". Bitartean, inbertsinoak, enpresak edo erabakiguneak hemen mantentzea eta ez dagozanak erakartea be garrantzitsua da. Horretarako, Euskadiren indarguneak bultzatu behar dira, oztopoak gainditzeko.
-
12
Desazkunderako prozesuan komunidadearen garrantzia nabarmendu deusku autoreak
Udako oporraldia helduko da laster. Geu kanpora goazen moduan, geurera be jente asko etorten da, gero eta gehiago, eta turistifikazinoak arazoak sortzen ditu edo sortu leikez. Honen aurrean turismo desazkunderako proposamena egiten deusku Asier Basurtok Argia agerkariagaz kaleratutako Turismoa. Desazkunderako bidaia liburuan. Hain zuzen be, aitatutako kezkatik abiatu zan Basurto lanari ekin eutsonean: "Azken urteetan asko nabarmendu dan kezka da. Holako liburu bat falta zan euskeraz, oinarri batzuk azaltzeko eta egoan hutsunea betetzeko". Dinogunez, orain gagoz turismoaren eraginak igarten, baina hazkundea lehendik etorri da. Izan be, hazkunde hori nahi izan da, geure inguruak turismorako egokitu doguzalako, diru iturri izateko: "Industria turistikoak sekulako eragina euki dau erakunde publikoetan. Politika publiko asko egin dira industria turistikoaren mesedetan, herritarren gehiengoarentzat mesedegarriak ziran ikusi barik". Horren harira, desazkunderako prozesuan komunidadearen garrantzia nabarmendu deusku Basurtok: "Bakotxak egiten dauanaren ondorioak danok pairatzen doguz. Ganera, ondorio batzuk oso larriak dira. Turismoak komunidade-loturak desegiten ditu".
-
11
Taizen izango dira bagilaren 28tik garagarrilaren 5era parte-hartzaileak
Taize esperientzia bizitzeko deia egin dau Bilboko Elizbarrutiko Fede-zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzako ume eta gazteei zuzendutako sailak. Esperientzia bagilaren 28tik garagarrilaren 5era burutuko dabe, aste horretan, adin, herrialde eta kultura askotako lagunak batzen diralako otoitz egiteko, hausnartzeko eta senidetasuna bultzatzeko, Maria Manrique Fede-Zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzako ume eta gazteei zuzendutako saileko kideak esan deuskunez. Jarduera hiru talderi zuzenduta dago: kristau sarbideko azken txanpan dagozan gazteei, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei eta helduei. Kontuak kontu, Fede-Zabalkunde eta Katekesirako Ordezkaritzatik bidea egin dabe hilabeteotan, Taize otoitzakaz. Kurtso honetako azkena, maiatzaren 28an izango da, 19:30etan, Bilboko Abandoko San Bizente Martiria parrokian. Esperientzia bizitzeko izena emon behar da. Informazino guztia Bilboko Elizbarrutiaren webgunean dago.
-
10
Asteon hitzordu garrantzitsua dabe Durangon, 'Aurrera Diharduen Herria' goiburupean
Politika gaiak eta gaurkotasuna aztertu doguz gaur, Iñigo Ansola Euzko Alderdi Jeltzaleko Bizkai Buru Batzarreko presidenteagaz. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hausnarketea eskatu dau Bilbo 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitzea izateaz, aurretik Donostiako alkateak egin eban legez. Ansolak dagozan zalantzetan sakondu dau: "Azterketa sakona egiten gabilz datu guztiekaz mahai gainean. Baldintza ekonomikoak oso exijenteak dira, baina gehiago dagoz: garraioa, FIFAk eskatzen dituan espazioak, beste ospakizunak ekidin behar izatea...". Sozialistek eta popularrek ez dabe arazorik ikusten eta kritika zorrotzak bota dabez. Bitartean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hitzordu garrantzitsua dauka Durangon asteon, Aurrera Diharduen Herria goiburupean, datorren urteko hauteskundeetarako bidea hasteko. Dagoeneko hauteskunde makineria martxan dago: "2027ko maiatzaren 23an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Euzko Alderdi Jeltzalea alderdi munizipalista izan da betidanik, behetik gora eratu dana". Horren harira, alkate izateko hautagai batzuen izenak ezagutu doguz dagoeneko, baina asko falta dira oindino, Bilbokoa tartean: "Hausnarketa hori oindino egiteke dago. Bere momentuan jakingo da jakin behar dana". Kontuak kontu, Ansola ez da kezkatuta agertu inkestek EH Bilduri emoten deutsien gorakadeagaitik. Bestalde, emoten dau Aitor Esteban eta Eneko Anduezaren artean ez dagoala sintonia onegirik. Ansolak gertatutakoari garrantzia kendu deutso eta normaltasunaren barruan kokatu ditu egondako tirabirak: "Gobernukideak gara toki askotan. Erabagi garrantzitsuak hartzen doguz egunero eta desadostasunak sortzen dira. Dana dala, harremana oso ona da". Amaitzeko, Enplegu Publikoaren Legeari jagokonez, euskera eskakizunen gaian Euzko Alderdi Jeltzaleak daukan jarrerea azaldu deusku Bizkai Buru Batzarreko presidenteak: "Guretzat euskera zutabe garrantzitsua da. Administrazino publikoan euskeraz atendiduak izateko eskubidea daukagu, baina lan eskaintza publikoek berme bat eukitea be gura dogu. Euskerea ezin da atxakia izan lan eskaintza publiko horreek eteteko".
-
9
Azken hilabeteetan eskualdeko herri ezbardinetara hurreratu dira aurkezpenak egitera
Bizipoza Jaia ospatuko dabe Berriatuan domekan. Jaia Bizipoza eta Helmugak alkarteek antolatuko dabe alkarregaz eta alkartasuna, euskerea eta inklusinoa izango ditu ardatz, Bizipozako Bizkaiko koordinatzailea dan Joanes Camarak esan deuskunez. Egun handia maiatzaren 24a izan arren, barikutik ekingo deutsie ospakizunari eta zapatuan be ez da egitasmorik faltako. Dana dala, aspalditik dabil Bizipoza Jaia aztarna uzten Lea-Artibain. Izan be, azken hilabeteetan eskualdeko herri ezbardinetara hurreratu dira aurkezpenak egitera. Ganera, ikastetxez ikastetxe be ibili dira. Lehen hezkuntzako ikasle guztiekaz eta baita irakasleekaz egin da lanketa. Bigarren hezkuntzako zentroetan Aspanovas eta Aspanogiren sensibilizazino hitzaldiak be antolatu dabez. Batetik, Bizipoza zer dan azaldu eta jaira gonbidapena zabaldu da. Bestetik, Bizipoza Eskolaren webguneko material didaktikoak eta edukiak azaldu dabez. Bizipoza Elkartea Euskerea eta alkartasuna oinarri, Euskal Herriko 39 alkartek, bazkideek, bababesleek eta boluntarioek osotzen dabe Bizipoza Elkartea. Beharrizan bereziak dabezan haur eta familien alkarte honeek egunero lantzen dabezan gaiak eta baloreak gizarteratzea, sensibilizazino lana egitea eta eragitea da Bizipoza Elkartearen egitekoa. Danona eta danontzat izan beharko leukeen gizarte inklusiboa eregiten ari dira, euskeratik eta euskeraz.
-
8
Museoen Nazinoarteko Eguna da gaur
Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzen da gaur, maiatzaren 18an, eta geu batzuetan sartu gara Goizeko Izarretan irratsaioan. Gitxienez sei museo eta areto bi batzen dira Bizkaiko Foru Aldundiaren BizkaiKOA sarean, eta astegoienean ospakizun giroan ibili dira Bizkaiko museoak. Bisita itzazu, Bisita zaitez goiburupean. Asier Madarieta sare horretako arduradunak esan deuskunez, giro positiboa nagusitu da astegoienean: "Datuak batzen gabilz oindino, baina giroa ona izan da. Guggenheim inguruan ekitaldia egin genduan Bilbon eta jendea gustora egon zan". Ganera, aurtengo leloagaz azaldu gura ebena zer dan kontatu deusku: "Azken finean, gure museoek nortzuk garen erakusten dabe". MusEkintza jaialdia be egiten dabe BizkaiKOAkoek. MusEkintza jaialdiak diziplina artistiko desbardinetako ikuskizunak eskaintzen ditu eszenatoki berezietan: "Beste era bateko publikoarengana hurbiltzen gara MusEkintza jaialdian. Lekuak eta arte eszenikoak batzen doguz". Hurrengo ekitaldia zapatu honetan bertan izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Arrain Azokaren baitan. Izan be, Ai gure juaneteak! antzezlana egongo da ikusgai, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bestalde, Euskerearen Etxeak jaso eban igaz Europako Kontseiluaren 2025eko Museo saria. Aitamen garrantzitsua, duda barik, Europa mailakoa gainera. Horren harira, Europako Museoen sariketea, EMYA, berton egingo da aurton. BizkaiKOAk antolakuntzan laguntzen dau: "Oso garrantzitsua da Bizkaian dagoan museo batek holako saria irabaztea, are gehiago euskerari buruzko museoa izanda". Kongresua bagilaren 10etik 14ra egingo da eta 300 bat ordezkari bertaratuko dira.
-
7
Ulibarri Euskaltegiak neurria begi onez hartu dau
Eusko Jaurlaritzak pausu esanguratsu bat emon dau helduen euskalduntzean: Euskara Bonua jarriko dabe martxan. 120 euro ordainduta, lau urtez euskerea ikasi ahal izango da, B1A2 mailara arte. Ulibarri Euskaltegitik neurria begi onez hartu dabe, Loren Suarez zuzendariak esan deuskunez. Izan be, aukera paregabea iruditzen jake orain arte, Bilbon batez be, euskera ikastea urruti ikusi dauanarentzat. Ganera, aldaketa garrantzitsuak dagoz aurreko laguntzekiko: ikasleak berak erabagitzen dau zenbat ordu erabili ikasturte bakotxean, maila errepikatu daiteke nahi izanez gero eta etena ez da zigorra. Izan be, lehen, ikaslea itxi eta barriro hasi nahi bazan, ez eban laguntzarik berreskuratzen. Orain murrizketa hori desagertu egingo da. Esan bezala, doakotasunera hurbiltzeko urratsa txalotzen dabe Ulibarri Euskaltegitik. Halanda be, falta dana azpimarratu dabe: B1 osoa (B1A2 + B1B1) programa berean sartzea eta bidea C1 mailara arte luzatzea. Bitartean, aldarrikatu dabe kanpaina indartsuak behar dirala herritarrak benetan hurbildu daitezan.
-
6
Munduko Medikuak erakundeak nazioarteko lankidetza indartzeko eskatu dau
Munduko Medikuak erakundeak Osasuna munduan eta nazioarteko laguntza izeneko txostena aurkeztu dau. Itziar Irazabal Bizkaiko Medicus Mundiko presidenteak Bizkaia Irratian azaldu dauenez, osasuna oinarrizko eskubidea da, baina munduko herritar askok oraindino ez daukie osasun sistemarako sarbide egokirik. Erakundeak ohartarazi dau herrialde aberatsen eta pobretuen arteko aldea handia dala, eta horrek bizi-itxaropenean, gaixotasunen prebentzinoan eta tratamenduetan eragin zuzena daukala. Malaria, tuberkulosia edo bestelako gaixotasunak kontrolpean egon arren, baliabide faltak egoera barriro okertzea ekarri leike. Munduko Medikuak erakundeak nazinoarteko lankidetza indartzeko eskatu dau, baita lehen arreta sendoagoa bultzatzeko be. Itziar Irazabalen arabera, osasuna ez dago bakarrik ospitale edo botiken menpe; etxebizitza duina, ur edangarria, elikadura eta bizi-baldintza egokiak be ezinbestekoak dira.
-
5
Lan baldintzak hobetzea eskatzeko egin dabe greba
ESK, LAB, UGT, ELA, CCOO eta Teknikariok sindikatuek deitu dabe mobilizaziora, bi urteko negoziazinoen ostean, patronalaren blokeoa salatzeko. Sindikatuek dinoenez, sektoreak prekaridade egoeran jarraitzen dau, eta hitzarmen kolektibo barri bat beharrezkoa dala nabarmendu dabe, lanaldiak, atsedenak eta kontziliazino neurriak hobetzeko. Ander Sierra soinu teknikariak Goizeko Izarretan irratsaioan adierazi dau ikus-entzunezko eta ekitaldien sektorea ezinbestekoa dala kultur jarduerentzat, baina langileen lan baldintzek ez dabela behar adinako autortzarik jasotzen. Mobilizazino gehiago iragarri dabez akordiorik ezean.
-
4
Baserritarren egun honetan Nakba gogoan hartuko dabe eta palestinarren aldeko ekimena egingo dabe Urkiolan
EHNE sindikatutik Unzalu Salterain-ek azaldu deuskunez, gaur egungo testuinguruan lehenengo sektoreak asko pairatzen dau nazinoarteko krisialdietan. Honen aurrean, kanpoko hainbesteko mendekotasunik ez eukiteko moduko eredua landu behar dala esan deusku. Zentzu horretan pausoak emoten dabilzala, gauzak martxan dagozala, baina denporea beharko dala emaitzak igarten hasteko. Gaurkoa San Isidro eguna da, baserritarrena, baina baita Nakba eguna be, eta gogoan hartuko dabe Urkiolan egingo daben ekitaldi baten. Eguerdiko 12.00etan ekimena egingo dabe 'Lurra, Palestina, Alkartasuna' goiburupean. Maite Aristegi Etxaldeko kidearen berbalditxoa, Txiplas-en bertsoak, Mahmud Darwish idazlearen poemen irakurraldia Marisa Barrenaren eskutik eta olibondo baten landaketea. Beste gai batzuk Lehenengo sektoreko belaunaldi aldaketeaz, gauzak ondo doazela azaldu deusku Unzalu Salterainek. Neurriak dagozala martxan gazteak baserri munduan sartzeko eta badabilzala sartzen. Mercosur akordioaz bere kezkea agertu deusku. Momentuz, behin-behinean indarrean dago eta hasi dira arazo batzuk sortzen. Esaterako, Brasiletik datorren okeleak ez dituala gitxieneko osasun arauak beteten. Europako Nekazaritza Politika bateratuari dagokionez, 2028tik aurrerako PACa negozietan dabilz gaur egun. Antza danez nahiko epe luzerako izango da eta alde onak bai ei daukaz.
-
3
Gazan egoerea kronifikatu da azken hilabeteetan
Gernika-Palestina Herri Ekimenak ekitaldi nazionala egingo dau zapatuan Gernikako Euskal Herria Museoan. Ibon Meñika Gernika-Palestina Herri Ekimeneko bozeroaleak antolatutakoaren inguruko xehetasunak emon deuskuz: "Barikuan Nakba Eguna da, data esanguratsua palestinarrentzat. Izan be, Israelek egindako garbiketa etnikoa ekarten dabe gogora, Israelgo Estaduaren sorreraren egun berean. Hori dala eta, ekitaldia egingo dogu zapatuan Gernikan". Hedabideotan palestinarren inguruan lehen baino informazino gitxiago emoten dogu. Bitartean, Gazan egoera kronifikatu dala dino Meñikak: "Israelek 850 pertsona erail ditu su-etenaren testuinguruan. Oso larria da". Bestalde, Sumud ontzidiak hasi eban bidaia, baina ezin izan eban ailegau, Israelek nazinoarteko uretan atzemon ebalako. Momentuz, ez dabe eurekaz berba egiteko aukerarik euki: "Ez dogu oindino eurekaz berbarik egin. Dana dala, zapatuko ekitaldia pasa dan urteko zemendian Donostiako Miramar Jauregian zabaldutako prozesuaren itxiera izango da. Donostiako ekitaldian Saif Abu Kesh egon zan geugaz, Global Sumud Flotillako koordinatzaileetako bat. Abu Kesh atxilotua izan da, tratu txarrak salatu ditu eta orain dala gitxi askatu dabe". Kontuak kontu, Gernika-Palestina Herri Ekimenak Palestinaren alde egiten jarraituko dau eta aurrera begira bere asmoak argi ditu.
-
2
Badagoz holako ekimenen aurrekariak, Zelanda Barrian edo Murtziako Mar Menorren
Jurista eta ingurumen aditu talde batek Eusko Legebiltzarrean Urdaibaiko paduraren nortasun juridikoa autortzeko Herri Ekimen Legegilearen Lege Proposamena egin eta aurkeztu dau, Urdaibai Bada Nor! Roberto Uriarte, EHUko Zuzenbide irakaslea, talde horren parte da eta helburuaren barri emon deusku: "Nortasun juridikoa emon gura deutsagu Urdaibairi". Orain dala 42 urte, UNESCOk biosfera erreserba izendatu eban Urdaibai. Horren harira, arauak eta legeak dagoz Urdaibai babesteko. Halanda be, horregaz ez da nahiko: "Momentu honetan, badagoz tresna juridikoak, baina inoiz ez da nahiko". Orain, sinadurak batzeko prozesuari ekingo deutsie: 10.000 behar ditue hurrengo lau hilabetetan. Izan be, badagoz holako ekimenen aurrekariak, Zelanda Barrian edo Murtziako Mar Menorren.
-
1
Idoia Postigo zuzendariak esan deusku pozik eta harro dagozala
Bilbao Metropoli 30 alkarteak 35 urte bete ditu aurton eta atzo gogoratu eta ospatu eben efemeride hau, Bilboko Euskalduna Jauregian hainbat konbidaugaz asanblea eginda. Bertan jakin eragin eben urte guzti honeetan presidentea izan dan Jose Antonio Garridok kargu hori itxiko dauala, eta Tomas Olanok hartu. Imanol Pradales lehendakaria buru zala egin eben ekitaldia, erakunde nagusienetako ordezkariekaz eta gizarteko ordezkaritza zabalagaz. Bilbao Metropoli 30 alkartea Bilboko metropoliaren urigintza eraldaketeaz arduratu da urte guzti honeetan eta horretan jarraitzen dau, orain begiradea 2050ean ipinita, Idoia Postigo zuzendariak esan deuskunez. 1991ean hasi eban bere bidea Bilbao Metropoli 30 alkarteak, eta egindako lana ezinbestekoa izan da gaur egun daukagun Bilboko eukiteko. Ondorioz, pozik eta harro dagoz: "Bilbao Metropolitano 30 krisialdi garaian jaio zan. Handik aurrera, aliantza sendotu dogu". Zelako uria nahi dan jakiteko, aurrera begirako prospekzinoak egin behar dira. Postigok esan deusku ez dala zeregin erreza. Esan dogunez, Imanol Pradales buru zala egin eben atzo urteurren ekitaldia Euskalduna Jauregian. Lehendakariak esan eban Bilbo metropolitanoak Atlantiar Ardatzeko erreferentzia izan behar dauala. Norabide horretan lan egin beharko dabe: "Eusko Jaurlaritzaren proiektuagaz bat gatoz. 2050erako Bilbo metropolitanoa hub estrategikoa izatea espero dogu Aliantza Atlantikoan". Azkenik, 2050ari begira, ardatz edo ildo nagusiak zeintzuk izango diran azaldu deusku Postigok: "Ideia nagusi bi dagoz. Batetik, lehen aitatutako hub estrategikoa izatearena. Bestetik, eta horretarako, itsasadarra aukera nagusia izan behar da".
We're indexing this podcast's transcripts for the first time — this can take a minute or two. We'll show results as soon as they're ready.
No matches for "" in this podcast's transcripts.
No topics indexed yet for this podcast.
Loading reviews...
ABOUT THIS SHOW
Irratsaio goiztarra, eguna hasteko behar dozun informazino guztiagaz eta ondo pasetako tarteekin. Albiste nagusiak, Bizkaiko albisteak, eguraldia, trafikoa, kulturea musikea, alkarrizketak…unean unekoa.Entzuleok parte hartzeko aukerea whatsappez informazinoa bialduta eta lehiaketetan parte hartuta. Hamabi urtera arteko ume eta gazteok Dona Dona daukazue 08:10ean. Ume, gazte zein helduok “Izarren lagunak” lehiaketea.Barikuetan gizarte gaien tertulia 08:30ean, eta hileko azken barikuetan Bizkaiko Batzar Nagusietako tertulia.
HOSTED BY
Javi Onaindia eta Gontzal Galán
CATEGORIES
Loading similar podcasts...